Albisteak

Albistea

Bermeok eskaintza kultural zabala izango du uda honetarako

-Jai ezberdinak, antzerkiak, aire zabaleko zinema, umeei bideratutako ikuskizunak, kirola, erakusketak, azokak… antolatu dira ekainetik abuztura bitartean

Bermeon, 2022ko ekainaren 8an.- “Pandemiaren osteko lehen uda honetan eskaintza polita antolatu dugula uste dugu. Herriko taldeekin elkarlanean, adin guztietara bideratutako ekintzak izango ditugu aurten”, adierazi du Bermeoko Kultur zinegotzi Alazne Zumetak. Izan ere, jai ezberdinak, antzerkiak, aire zabaleko zinema, umeei bideratutako ikuskizunak, kirola, erakusketak, azokak… antolatu dira ekainetik abuztura bitartean.

“Eskaintza anitza aurkeztuko dugu gaur. Azkenengo bi uda hauetan COVID-19ak ez digu utzi nahi genuen guztia antolatzen. Egoerak ez zuen horretarako aukerarik ematen. Orain, ordea, pandemiaren osteko uda honetan, normaltasunera itzuli nahi izan dugu eta hainbat ekimen antolatu ditugu. Ez dago aitzakiarik kalera ateratzeko eta kulturaz gozatzeko!”, jarraitu du Zumetak.

Ekaina:

Ekainean, besteak beste, ‘Magurios’ jaialdia izango dugu, Izaro Bikers taldeak antolatutako ekimen berezia. Ekintzak ekainaren 17an hasi eta 19an bukatuko dira. Kontzertuak, arropa erosteko aukera, motorrak… denetik ikusi ahal izango dugu! Hilabete honetako ekintzak, hala ere, lehenago hasiko dira. Ekainaren 10ean, adibidez, ipuin kontalaria izango dugu Udal Liburutegian Elssie Salvadorren eskutik (‘Ortzadarra’) eta hurrengo egunean, ekainaren 11an, Alkartasuna Dantza Taldeak umeen dantza saioa antolatu du Artza Frontoian.

Magurios Jaialdiaren ostean, ekainaren 21ean, ikasturte amaierako jaia izango dugu Lameran eta Erreten Lameran arratsaldean zehar. Aste horretan, noski, ekainaren 23an San Juan bezpera izango dugu. Urtero bezala, Goiko Plazan sua egingo dugu eta sorgin dantza ikusteko eta abestiak entzuteko aukera egongo da. Eta, hurrengo egunean, Gaztelugatxera joango gara San Juan eguna ospatzera. Egun horretan bertan, erromeria izango dugu Lamerako kioskoan. Hilabeteko ekimenak Jazzber jaialdiarekin bukatuko dira (ekainaren 29 eta 30ean eta uztailaren 1a bitartean).

Uztaila:

Uztailean sartuta, hilabeteko asteazken guztietan umeei bideratutako ekintzak izango ditugu Alde Zaharrean. Ostiralak, ordea, nagusiei zuzenduta egongo dira, nagusiki Alde Zaharrean ere. “Gure helburua da Alde Zaharrari protagonismo berezia ematea eta, hori horrela, hainbat ekimen antolatu ditugu ume eta nagusiei bideratuta, asteazken eta ostiraletan, hurrenez hurren. Alde Zaharrari bizitza emango diote ekintza hauek guztiek”, azaldu du Alazne Zumetak. Hala ere, ekintza hauen aurretik Alkartasuna Dantza Taldeak nagusien dantza saioa egingo du uztailaren 2an.

Uztailaren 6an hasiko dira umeen Alde Zaharreko asteazkenak. Izan ere, egun horretarako hondar tailerra izango dute. Kamioi bete hondar ekarriko da Alde Zaharrera eta artista batek figura ederrak egingo ditu umeek teknika hauek ikusi eta ikasi ditzaten. Uztailaren 8an, gazte eta nagusiei zuzendutako ostiral kulturaletan, Gorefest jaialdia izango dugu. Eta, egun berean, etxeko txikienek ere Pirritx, Porrotx eta Marimototxekin gozatzeko aukera izango dute.

Uztailaren 13an, umeen Alde Zaharreko asteazkenen bigarren egunean, kale antzerkia antolatu da (Malas Compañías zirko taldea) eta, uztailaren 15an, aire zabaleko zinea ikusi ahal izango dugu Goiko Plazan. Uztailaren 20ko umeei bideratutako ekitaldia bukatuta, uztailaren 21ean Bastarreko jaiak izango ditugu eta, egun horretan bertan, Artza Frontoian 1go Bermeo Hiria Inpesca-Atunlo Pilota Festibalaren bigarren partida jokatuko da. Hurrengo egunean, noski, Madalen Eguna ospatuko dugu, bi urteren ostean gogo handiz hartuko dena. Uztailaren 27an umeek Zirku Tailerra izango dute umeen Alde Zaharreko asteazkenen barruan eta, 29an, Hortzmugaren eskutik kale antzerkia ikusteko aukera egongo da. Uztaileko egitaraua bukatzeko, hilaren 30ean organo kontzertua antolatuko da.

Gainera, hilabete osoan zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako erakusketa ikusteko aukera izango dugu Lameran eta uztailaren 29tik abuztuaren 7ra bitartean Liburu Azoka egingo da.

Abuztua:

Abuztuan sartuta, urtero bezala, Bermeoko Musika Astearekin gozatu ahal izango dugu (abuztuaren 1etik 5era) eta abuztuaren 6an, Aiko Dantza Taldearen dantzaldia antolatu da. Abuztuaren 12an Galerna jaialdia egingo da eta, 13an, berriz, Alkartasuna Dantza Taldeak folklore jaialdia egingo du. Abuztuaren 16an, San Roke Eguna ospatuko dugu eta abuztuaren 29an, berriz, San Juan Degoilatua. Abuztuan ere, 16tik 30era bitartean, Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketaz gozatzeko aukera izango dugu.

08 / 06 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0