Albisteak

Albistea

30. urteurrenean ere, Arrain Azoka arrakastatsua izan da

Beste behin ere, Arrain Azokak “helburuak bete ditu” eta lehenengo balorazio “arina” eginda,  “oso positiboa” dela esan du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkarteko presidenteak. Eguraldiak beti zerikusia izaten duela gogora ekarri du alkateak, eta tarte batzuetan aurten ere eragina izan du. Azaldu duenez, hiru egunak jendetsuak izan badira ere, zapatu goiza izan da jendetsuena. 

Enpresa erakusleak eta parte-hartzaile guztiak, orokorrean, “oso pozik” agertu dira lortutako emaitzekin, hala ere, balorazio sakonagoa egiteko batu behar direla aipatu du.   “Aurten ere argi gelditu da Bermeoko Arrain Azoka itsas kulturaren erakusleiho garrantzitsua dela”, nabarmendu du.

Alkateak Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian izan zen parte hartze handia nabarmendu gura izan du, horiekin guztiekin egotea “ohore bat” izan zela gaineratuta: “Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta udal eta beste erakunde batzuetako ordezkari asko eta asko izan genituen gurean, guretzat garrantzitsua den Arrain Azokaz disfrutatzen. Eskerrik asko guztiei”.

Aurten ere, Bermeoko Arrain Azokak programa “zabala” eskaini du,  ekimen gehienak “arrakastatsuak” izan direla aipatuta, eta hiru nabarmendu ditu: Lamerako karpan egin diren Biotza Arostegi eta Unai Urrestiren gastronomia saioak, Urdaibaiko Esentzien uztartze dastaketak eta Juan Antonio Apraiz Koiote bermeotarraren hitzaldia. Azaldu duenez, “oso ondo baloratuak izan dira”.

Gune Solidarioa ere aipatu gura izan du; izan ere, aurten Kofradia Zaharretik Lamerara lekualdatu da, eta uste dute hartutako erabakia “oso ona” izan dela. “Asko izan dira elkartasun gune horretara atun errea eta marmitakoa jatera hurbildu diren herritarrak eta bisitariak. Eguerdi aldera, Arrain Azoka ingurua jendez beteta egotea ekarri du”. Erabakia ondo hartu dela uste badute ere, balorazio sakonagoa egin beharko dutela esan du, datorren urtera begira, ahulguneak eta indarguneak ondo zehazteko. Asko dira egunotan Gune Solidarioan lanean egon diren boluntarioak, eta horien guztien “lan izugarria” eskertu du, “horiek barik ez zelako posible izango”.

Udalerria jendez beteta egon da barikutik domekara bitartean, eta bizitako “giro osasuntsua” ere ez du ahaztu gura izan: “Herritar eta bisitari guztien jarrera eskertu gurako nuke, horiei esker jai giro polita bizi izan dugulako”.

Eskerrak eman dizkie ere Arrain Azokako babesleei: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, El Correo eta BBKri. Ildo berean, Arrain Azokan parte hartzen duten pertsona, talde, enpresa, langile eta boluntario guztiei eta euren ekarpenak isilean egiten dituzten enpresa eta banakoei ere eskerrak eman dizkie, “Arrain Azoka arrakastatsua bada, euren laguntzari esker delako”.

20 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0