Albisteak

Albistea

Zumba soliarioa eta tonbola solidarioa irailean hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpainaren barne

 

Bermeoko herritar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarri zuen maiatzean “bizitzak salbatzeko” helburuarekin. Maiatzetik gaur arte hainbat ekimen abiarazi dituzte eta, irailean ere, herriko jai giroa aprobetxatuz, hainbat jarduera martxan jarriko dituzte, izan ere, tonbola solidarioa egingo dute irailaren 8an eta 9an eta zumba solidarioa irailaren 19an.  

Horrela adierazi dute María José Martínez Sernak, Sonia Dominguez eta Aitziber Campillo talde honetako kideek kanpainaren ekimen berrien aurkezpenean. Azaldu dutenez, alde batetik, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien barne, irailaren 8an eta 9an, (martitzena eta eguaztena) Lameran tonbola solidarioa egingo da.  

Tonbola honetan sari garrantzitsuak emango direla nabarmendu dute, besteak beste, Athletic-eko kamiseta, David Secok emandako ‘Conquistador del Fin del Mundo’ programako Condor taldearen kamiseta sinatuta, Bermeoko taldeen maketak eta Bermeoko altzairu dendak emandakoak (alfonbrak, izarak, loreontziak…) Horrez gain, tonbola hau antolatzeko Bertonek emandako laguntza handia eskertu dute eta herritar guztiei tonbola solidarioan parte hartzera gonbidatu dituzte.  

Ekimen honen bidez lortzen den diru guztia Aspanovas, Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen elkartera, zuzenduko dela esan dute. Elkarte honek dauden baliabide publiko eta pribatu anitzei buruz informazioa errazten du, orientabide gisa behar guztiak estaltzeko (familia-, ekonomia-, lan-, gizarte-, hezkuntza-arlokoak eta abarrekoak). Gainera tonbola aprobetxatuko dute bertaratzen diren guztiei hezur-muinaren emaile izateari buruzko informazioa emateko.  

Bestalde, irailaren 19an, zapatuan, 12:00etan, Bermeoko Lameran zumba solidarioa antolatu dute adin guztietako herritarrei zuzenduta. Ekimen honetan dantza egiteko aukera izango dute herritar guztiek eta umeentzako ekimenak ere izango dira. “Helburua da denok dantzan jartzea bizitzak salbatzearen alde eta, horretarako ,ez da dantzan egiten jakin behar pertsona guztiak parte ahal izango dute ekimen dibertigarri honetan”, adierazi dute. 

Ekimen honetan parte hartzeko hiru euro jarriko dira eta jasotzen den diru guztia Fundación Josep Carreras leuzemia sendatzeko ikerketa egiten duen duen elkartearentzat izango da. Hortaz, jende guztiari ekimen honetan parte hartzera animatu dituzte ondo pasatzeko eta aldi berean elkartasuna adierazteko aukera paregabea eskaintzen baitu.  

51 emaile 

Sernak, Dominguezek eta Campillok azaldu dutenez, hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarri zutenetik 51 bermeotar hezur-emaile berri egin dira eta herritarren eta Bermeoko Udalaren laguntza eskertu dute. Esate baterako, Andoni Begoña bermeotarrak Gasteizko triatloian ‘Bermeo dona medula’ leloa zuen ekipazioa jantzita egin zuen, kanpaina honen berri emanez kirol ekimen garrantzitsu horretan. 

Bestalde, talde honen beste aldarrikapen bat da odola emateko autobusetan emaile izateko aukera eskaintzea. Horretarako, sinadurak biltzen ari da Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko eta, azpimarratu dutenez, 744 sinadura dituzte. “Izan ere, bermeotarrok hezur-muina emateko Gurutzetako, Galdakaoko eta Basurtoko ospitaleetara joan behar gara eta autobusean egin ahal izateak erraztasun asko ematen ditu eta jende asko animatzea lortuko genuke”, adierazi dute.

Azkenez, gogoratu dutenez, “18 eta 55 urteko pertsonak izan daitezke hezur-emaileak” eta hezur-emaile egitea nahi duten pertsonek deitu behar duten telefonoak eta helbide elektronikoa honakoak dira :94 403 3601, 943 007 000, 945 006 291, 900 303404 eta bermeodonamedula@gmail.com. Facebooken ere perfila dutela gogoratu dute: facebook: bermeodonamedula.  

Martínez Sernak, Dominguezek eta Campillok adierazi dutenez, “informazio gehiago nahi duten pertsonek gurekin hitzordua hartu dezakete eta, guk, lehen eskuz, azalpen guztiak emango dizkiegu eta zalantzak argituko dizkiegu”.  

Azkenez, hezur-muinaren emaile izatearen “garrantzia” azpimarratu dute, “bizitzak salba daitezkeelako” eta kanpaina honetan parte hartzera hezur muinaren emaile egitera animatu dituzte herritarrak.

 

 

04 / 09 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0