Albisteak

Albistea

Ana Jakaren 'Ez zen diruagatik' liburuaz aritzeko irakurleen txokoa bihar

Bermeoko Udal Liburutegiak bihar, eguenean, maiatzaren 21ean, Ana Jaka idazlearen ‘Ez zen diruagatik’ liburuaz aritzeko irakurleen txokoaren saio berri bat hartuko du arratsaldeko 18:30ean.

Dinamizatzailea Isa Castillo izango da eta parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri. Ana Jaka idazlearen lan honetako pertsonaiak dira Olga, emakume zakar eta zabar samarra, ez lanik, ez dirurik, gaztarotik urruntzen eta etorkizunik gabeko harreman erdipurdiko batean kateatua dagoena; bere pisu-kidea den Dani, etxetik ihes egin eta zerbitzari gisa lan egiten duen gaztetxoa, eta Mikel, bizimodu normalagoa daraman adin ertaineko gizasemea, baina iraganetik dakarren zamatik askatu ezin duena.

Pertsonaien harremanetan, haien psikologian eta sentimenduetan oinarrituriko eleberria da ‘Ez zen diruagatik’, baina ez inola ere sentimentala eta gozoa. Adiskidetasunaren balioa, leialtasunaren zentzua, bikotekide bati zer eskatzen ahal diogun, diruak eta diru ezak sortzen dizkiguten katramilak… dira orri hauetan topa daitezkeen koktelaren zenbait osagai.

Irakurle txokoan hilean behin, hirugarren eguenean, hain zuzen be, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute. Ekimen horrekin honako helburuak lortu nahi dira: euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.

20 / 05 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0