Albisteak

Albistea

Bermeok Nestor Basterretxea seme kutunari omenaldia egingo dio martxoaren 21ean, zapatuan

 

Bermeoko herriak Nestor Basterretxea pertsona, artista eta bere seme kutuna gogoratzeko omenaldia egingo dio martxoaren 21ean, zapatuan. “2014ko uztailaren 12an, Nestor Basterretxea jauna joan zitzaigun eta pertsonagaz eta artistagaz batera, Bermeoko Seme Kutuna galdu genuen. Bermeoko herriarentzat ezinbestekoa da  Nestor Basterretxea artista eta pertsona bikaina omentzea eta eskertzea bere eskuzabaltasuna herri honegaz”, azpimarratu du Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek. 

Bidegurenek gaur prentsaurrekoa eskaini du omenaldia aurkezteko. Berarekin egon dira, besteak beste,  Aingeru Astui eta Aritz Abaroa Bermeoko zinegotziak eta Jabier Zabala eta José Ramón Galdona Nestor Basterretxearen Bermeoko lagunak, besteak beste. Bertan, omenaldia Bermeoko Casinoko areto nagusian goizeko 12:00etan izango dela adierazi dute.  

“Ekitaldi oso polita izango da, izan ere, Bermeoko herritar eta talde askok parte hartuko dute Nestor Basterretxea bermeotarra omentzeko hain zuzen ere, txistulariek, txalapartariek, gaiteroek, dantzariak, Bermeoko abesbatzak eta Izaro Abesbatzak, besteak beste, eta gure seme kutuna ekimen hunkigarria batekin gogoratuko dugu guztiok”, azaldu du Astuik. “Herriak Nestor Basterretxeari egingo dion omenaldia izango da, asko izan baitira omenaldi hau egiteko interesa agertu duten herritarrak eta elkarteak”, nabarmendu du.  

Ekitaldia bukatu ondoren, Lameran, Euskal kosmogonia, Nestor Basterretxearen eskultura multzoaren aurrean, artista bermeotarrak udalerrian zehar duen parke eskultorikoaren inaugurazio sinbolikoa egingo da, izan ere, asko dira Nestor Basterretxea bermeotar unibertsalenaren lanak Bermeon: Euskal kosmogonia, Hilargi Amandrearen Mamuak, Hilarriak, Olatua, Benito Barruetaren omenezko monumentua, Matxitxakoko bataila eta Lurdeia.  

“Bermeo da artista bermeotarraren artelan gehien hartzen dituen herria, Nestorren altxor bat daukagu Bermeon eta munduari erakutsi nahi diogu”, adierazi du Bidegurenek. 

Ildo honetan, gogoratu duenez, Nestor Basterretxea bermeotarrak bere obra mundu osoan zehar zabaldu zuen eta, zabalkunde horretan, Bermeoko herriaren erakusleiho ezin hobea izan zen, bermeotartasuna ezpainetan eta bihotzean eroan zuelako beti. 

“Nestor Basterretxeak harreman estua izan du bere herriarekin, Bermeorekin, eta beti izango dugu gogoan. Orain, nahiz eta bera ez egon gure artean, bere lanak ditugu eta horren bitartez beti gogoratuko dugu Nestor, artista oso ona eta oraindik pertsona hobeagoa”, azpimarratu du Bermeoko alkateak. 

Azkenez, ekitaldi honetan parte hartu nahi duten pertsona guztiei gonbidapena luzatu die, guztion artean artista bikaina eta pertsona bikaina izan den Nestor Basterretxea gogoratzeko.

13 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0