Albisteak

Albistea

TELP tailerra eskainiko da martxoaren 14an eta 28an Kabidxe gune sozialean, bereziki gazteei zuzenduta

Bermeoko Udalak eta Bermeoko Gazte Asanbladak antolatuta, Telp tailerra eskainiko da martxoaren 14an eta 28an (zapatuak) Kabidxe gune sozialean, aurten bereziki gazteei zuzenduta. Maite Alvarezek, Udaleko Euskara teknikariak azaldu duenez, Telp tailerraren helburua da  “euskaraz berba egiten dugunean, zenbait aldiz sortzen diren egoeren aurrean eta izaten ditugun erantzun desegokien aurrean zelan jokatu aztertzea”, hau da, “modu praktiko batean, egoera deseroso horietan hobeto sentitzen erakusteko baliabideak eskaintzen dira tailerrean”.

“Zenbat bider gertatu zaigu elkarrizketa bat euskaraz egin gura eta gaztelaniaz berbetan amaitzea? Zergatik sentitzen gara deseroso holakoetan? Zergatik gertatzen zaizkigu holakoak? Zelan konpondu ahal ditugu egoera horiek? Holakoetan zer pentsatu, zer esan eta zer egin erakusten du TELP tailerrak”, adierazi du Euskara teknikariak.

Izan be, esan duenez, tailerrak “egunero izaten ditugun hainbat egoeratan euskaraz gehiago egiteko eta egoera horien aurrean erosoago sentitzeko baliabideak eskaintzen ditu”. “Jarrera kontzienteak maila kognitiboan eta komunikatiboan lantzen dira, zenbait estrategia lantzen dira eta sentsibilizazioa areagotzen da”, gaineratu du.

Maite Alvarezek azpimarratu duenez, tailerrean parte hartzeko oinarrizkoa da euskaraz egiteko gogoa izatea. Aurten bereziki gazteei zuzenduta egongo da. Horrela, antolatze lanak elkarlanean egiten ari dira Bermeoko Gazte Asanblada eta Udalaren Euskara Saila.

Tailerra bi zapatutan egingo da, martxoaren 14an eta 28an, hain zuzen be, Kabidxe gune sozialean. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da. Izena ematea martxoaren 12a baino lehen egin behar da Bermeoko Gazte Asanbladaren facebooken eta Bermeoko Udaleko Euskara Sailean. Gehienez, 20 lagunek parte ahal izango dute tailerrean eta izena emateko ordena errespetatuko da.

 

 

02 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0