Albisteak

Albistea

Arranotegi eta Mañu auzoetako jaiak ospatuko dituzte, barikuan hasita

  • Mus, paella eta tortilla txapelketak, erraldoi txikiak eta umeentzako jolasak, Josepa Kale Kale, herri kirolak, zaldi probak… egongo dira aukeran Karmen Jaiak ospatzeko

Iaz hasitako bideari jarraipena eman eta, aurten ere, Arranotegi eta Mañu auzoak batu egin dira Karmengo Amaren Jaiak ospatzeko. Karmen Eguna uztailaren 16a (martitzena) bada ere, barikuan hasiko dituzte jaiak, eta datorren eguaztenera arte egitarau zabala prestatu dute, auzoko eta herriko ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzeko.

Barikuan (uztailak 12), 19:00etan, hasiko dituzte jaiak txupinazoarekin, eta, ondoren, 20:00etan, mus txapelketa izango da. Mus txapelketan parte hartu gura duten horiek, 19:00etan eman beharko dute izena.

Paella Eguna antolatu dute zapaturako (uztailak 13); 11:00etan eman beharko dute izena III. Paella txapelketan parte hartu gura dutenek. Antolatzaileek azaldu dute, txapelketara aurkeztutako paellak okelaz egindakoak izan beharko direla. 13:30ean aurkeztu beharko dira paellak, eta sari banaketa 18:30ean egingo dute. Honakoak izango dira sariak:

1.     150€, txapela eta otzara

2.     100€ eta otzara

3.     50€ eta otzara

Parte hartzaileek paellak prestatzen dituzten bitartean, 12:30ean hasita, KIETB erraldoi txikien erakustaldia egongo da, eta bazkalostean, 16:00etatik 18:00etara, umeentzako puzgarria jarriko dute.

Afal ordurako, berriz, tortillak prestatuko dituzte, VI. Tortilla txapelketa antolatu baitute; 19:00etan eman beharko da izena eta 21:00etarako prest egon beharko dira, ordu horretan aurkeztu beharko baitira. Parte hartzaileek tortillak prestatzen dituzten bitartean, Josepa Kale Kaleko abeslariek girotuko dute auzoa, 19:00etan hasita. Azkenik, 22:00etan jakinaraziko dituzte tortillarik gozoenak zeintzuk izan diren:

1.     80€, txapela eta otzara

2.     60€ eta otzara

3.     40€ eta otzara

Bi txapelketetan (paella eta tortilla), lehenengo 10 sailkatuentzako sariak egongo dira, beraz, herritarrak parte hartzera animatzen dituzte.

Karmen Egunean, uztailaren 16an, martitzenean, jarraituko dute ospakizunekin. 11:30ean meza nagusia izango da eta 13:00etan umeek jolasekin ondo pasatzeko aukera izango dute, eta 18:00etatik 20:00etara, berriz, puzgarria izango dute.

Arratsaldeko 18:00etako mezaren ostean, 20:00etan,  herri kirolen txanda izango da. Egun guztian zehar trikitilariak egongo dira giroa alaitzen.

Karmen Bigarrenarekin amaituko dituzte aurtengo jaiak, uztailaren 17an, eguaztenean. 20:00etan, trikitilariekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, Mañun ohikoa den bakailaoa dastatzen duten bitartean.  Gaueko 21:00etan, zaldi proben erakustaldia egongo da, eta horren ostean, egingo dute horien sari banaketa. Mañu eta Arranotegi auzoetako jaiei amaiera emateko, nekazal turismo batean egonaldi baten zozketa egingo da.

Karmengo Amaren Jaiak Arranotegi eta Mañu auzoko Jai Batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin. Bermeoko Udalak bi auzoetako bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte hartzera.

10 / 07 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0