Albisteak

Albistea

Udako liburutegia martxan dago Talan

  • Liburuak eta aldizkariak maileguan hartu ahalko dira, eta liburutegiko bazkide egiteko aukera egongo da. Barikuetan umeek tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.

Adin guztien artean irakurtzeko ohitura sustatzeko helburuz, aurten ere, Bermeoko Udalak liburutegia kalera atera du. Hori bai, aurten leku berri batean kokatu da udako liburutegia, Talan, hain zuzen ere. Uztailaren 30era bitartean, gura duten herritar guztiek liburuak eta aldizkariak maileguan hartu ahalko dituzte, udan ere kultura sustatuz. Horrez gain, liburutegiko bazkide egiteko aukera ere egongo da.

Udako liburutegiaren ordutegia honakoa izango da: astelehenetan, 16:00etatik 19:00etara, martitzenetik barikura 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 14:30era.

Barikuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, umeek tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute. Horietan parte hartzeko ez da aurretiaz izenik eman beharko. Honako tailerrak antolatu dira:

  • Uztailak 5: Arte sortzailea
  • Uztailak 12: Eskulan dibertigarriak
  • Uztailak 19: Birzikla tailerra
  • Uztailak 26: Ipuinetako pertsonaiak

Leku aldaketa

Aurten, esan modura, udako liburutegia Talan kokatu da. Bitor Uriarte Anasagasti, udal liburutegiaren eta artxiboaren zinegotzi arduradunak esan du erabaki hori hartu dutela herrigunetik hurbilago dagoelako, lehen kokatzen zen Aritzatxurako bidean baino. Modu horretara, herritar gehiagorengandik hurbilago egongo dela uste du: “Tala udarako gune freskoa da, eta udaldian jende asko joaten da leku beroetatik ihesean; ume, gazte eta nagusi askoren topagunea da. Gainera, egoteko leku bat da, eta ez igarobide bat, Aritzatxuburua den modukoa”.

Uriartek gaineratu du aurtengo lekualdaketa proba bat izango dela, eta ondo ez baldin badoa, udako liburutegia aurreko urteetako lekura buelta daitekeela, hau da, Aritzatxu hondartzarako bidera; “beti dago aldatzeko aukera”.

02 / 07 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0