Albisteak

Albistea

Nazioarteko arrantza-sektorea Bermeo Tuna Forumen bilduko da, atunaren jasangarritasunerako sinergiak sortzeko

-Ekitaldiak munduan erreferente diren erakundeetako, zientzia-organismoetako eta enpresetako ordezkariak bilduko ditu maiatzaren 2an, Bilboko Euskalduna jauregian, eta sektoreko erronkak eta beharrak izango dira mintzagai

-Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren proposamena aurkeztuko da bertan, eta Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatu

-«Hitzordu historikoa izango da, nazioarteko bi konpromiso bertan ofizialduko baitira», nabarmendu du Ignacio Serrats BTWC elkarteko presidenteak

Bilbo, 2023ko apirilaren 27a.- Munduko biztanleria izugarri azkar ari da hazten. Ondorioz, arrainaren munduko per capita kontsumoa laukoiztu egin beharko da, eta azken 500 urteetan baino elikagai gehiago ekoitzi beharko da datozen 50 urteetan. Kopuru horiekin, zaila
izango da eskariari erantzutea. 50 urte barru atuna kontsumitzen jarraitu nahi badugu, oraintxe esku hartu behar dugu arrantza eta balio-kate jasangarriak lortzeko. Sektoreko jardunbide egokien ezagutzaren eta lidergoaren aldeko sinergiak martxan jartzeko helburuarekin, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak Bermeo Tuna Forum (BTF) antolatu du; maiatzaren 2an eta 3an Bilboko Euskalduna jauregian eta Bermeon nazioarteko arrantzaren arloko erakunde, organizazio eta enpresak bilduko dituen ekitaldia. BTFk Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bermeoko Udala eta Trantsizio Sozialaren eta Agenda 2030en Idazkaritza Nagusia ditu babesle, eta Nautical- Marine Instruments, AZTI zentro teknologikoa, Bolton Food, Opagac, Serrats, Zunibal, TH-Company, Mugaritz, Datafish, Satlink, Anabac, Abanca-Bankoa, Conservas Campos eta Howden laguntzaile. Maiatzaren 2a, Atunaren Mundu Eguna Bilboko Euskalduna jauregian izango da ekitaldi honen lehen jardunaldia. Ignacio Serrats, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) erakundeko presidentea; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea Eusko Jaurlaritza; eta Aritz Abaroa, Bermeoko alkatea arduratuko dira jardunaldian parte hartuko dutenei ongietorria egiteaz, eta Munduko Elikagaien Segurtasunerako Batzordeko presidente Gabriel Ferrerok egingo du inaugurazio-hitzaldia. Lehenengo esku-hartzean, administrazioek jasangarritasunerako bidean duten zereginari buruz arituko
dira. Europako Parlamentuko eurodiputatu Izaskun Bilbaok jardungo du moderatzaile, eta hauek izango dira parte-hartzaileak: Kim Stobberup FAOko Common Oceans Tuna Project erakundeko burua, Ismael Yagüe, Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko kidea eta Europako Batzordeko ordezkariak; Stephanie Radegonde, Seychelleetako Arrantza eta Ekonomia Urdineko Ministerioko analista politiko nagusia; Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria Eusko Jaurlaritza eta Jonan Fernández, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari Nagusia Eusko Jaurlaritza. Ondoren, bi mahai-inguru egingo dira: bata sektoreko erronka nagusiak ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik xehatzeko eta bestea atunaren sektorean 360 º-ko jasangarritasunerantz jotzeko beharrezko estrategiak aztertzeko. Lehenengoan, Nicolas Guichoux, MSCko Programen zuzendariak moderatuta, hauek izango dira partaide: Hilario Murua, International Seafood Sustainibility Foundationeko ikertzaile seniorra; Raúl Prellezo, AZTIko ikertzaile nagusia; Giorgia
Ceccarelli, Oxfam Italiako Enpresa eta Giza Eskubideen Politiken aholkularia, eta María del Camino Troya, EU IUU Fishing Coalition ordezkaria. Bigarren solasaldiaren moderatzailea Knut Moestue izango da, Sustainable Food Systemsen zuzendaria (Nazio Batuen Mundu Ituna – Norvegia). Ondoan izango ditu Anne-France Mattlet, Europêche Tuna Groupeko zuzendaria; Luz Baz, Espainiako Garraioko Langileen Federazioko koordinatzailea; Luciano Pirovano, Bolton Foodeko Garapen Iraunkorreko zuzendari orokorra, eta Ernesto Penas, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeko presidentea. Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartuko du parte Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren proposamena aurkezteko balioko duen jardunaldi horretan. Helena Orella, Bermeo Tuna Forumeko presidentearen eskutik, munduan atunaren balio-kate osoan inpaktu eta eraldaketa sozioekonomikorako gaitasuna duten eragileek partekatutako konpromisoak bildu nahi ditu jardunaldiak, baliabide hori eta berorren ekosistemak babesteko asmoz.
Arratsaldeko saioa teknologiari, berrikuntzari eta jasangarritasunari buruzko mahai-inguru batekin hasiko  da, eta, ondoren, solasaldiaren txanda izango da; 2030 Agendaren Lokalizazioan aditua den Javier Cortesek moderatuko du eta bertan izango dira Atunaren Munduko Hirien Aliantza osatzen duten lau hiritako alkateak: Aritz Abaroa (Bermeo), Agustín Intriago (Manta), Philippe
Micheaud (Victoria) eta Marc Bigot (Concarneau).Mahai-inguruei amaiera emateko, hantxe izango dira Tuna Forum Bermeoko enbaxadore diren Michelin izardun nazioarteko chefak: Eneko Atxa (Azurmendi), Ángel León (Aponiente), Aitor Arregi (Elkano) eta Ana Ros (Hisa Franko). Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta Ignacio Serrats, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) erakundeko presidentea arduratuko dira jardunaldiari bukaera emateaz.
Maiatzaren 3a, Atunaren Hirien Aliantza. Maiatzaren 3an, izaera zorrozki instituzionaleko jardunaldi baten agertoki izango da Bermeo; hau da, Atunaren Munduko Hirien Aliantzaren sinadura-ekitaldi ofiziala egingo da —udalerrien arteko lankidetza-esparru bat da
aliantza, atuna ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren, historiaren, kulturaren eta etorkizunaren funtsezko osagai dutenena—. «Hitzordu historikoa izango da, nazioarteko bi konpromiso zigilatu eta ofizialduko baitira Euskadin. Konpromiso horiek 2022an aurkeztu ziren
Madrilen eta Lisboan, Atunaren V. Biltzar Nazionalean eta Ozeanoen Mundu Konferentzian», nabarmendu du Ignacio Serrats BTWC elkarteko presidenteak.Hain zuzen ere, arrantzaren eta atunaren sektoreko eragilea da Bermeo, munduko atun-harrapaketa guztien %10 egiten baitu herri txiki horretako flotak.Sektorean, jardunbide egokien eta jasangarritasunaren aldeko mugimenduaren buru izan nahi du flota
horrek (6.000 lanpostu zuzen eta zeharkako baino gehiago sortzen ditu herrian), eta eredugarria da itsasoaren eta bertako baliabideen erabilera jasangarrian. Horrenbestez, beharrezkoa da arau horiek unibertsalki ezartzea, guztiok helburu berarekin lan egiteko.
BTWCri buruz Bermeo Tuna World Capital elkarteak erronka argia du:munduan atunaren kudeaketa jasangarria sustatzea,baliabide natural bat den aldetik, jardunbide egokien ezagutzan eta lidergoan oinarrituta. Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, atunaren balio-kateko funtsezko eragile guztiak tartean sartu nahi dituena.Gaur egun, 39 bazkide ditu: erauzketako, kontserbako eta merkaturatzeko enpresak; arloko elkarteak;AZTI zentro teknologikoa eta zenbait erakunde —Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza,
besteak beste—. Zientziaren eta arrantzaren, eta ezagutzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatzea da Hiriburutzaren helburua, baita ondare historikoa berreskuratzea, kudeatzea eta zabaltzea ere.

28 / 04 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0