Albisteak

Albistea

Bermeoko XXXVII. Musika Astea abuztuaren 1etik 5era bitartean egingo da eta kontzertu guztiak doakoak izango dira

 

  • “Gure herrian ibilbide luzea duen jaialdi hau astelehenean hasiko da. Azkeneko bi urteetan mugekin ibili gara baina oraingoan bere ohiko formatura itzuliko da, sarrera librearekin aforoa bete arte”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak

Bermeon, 2022ko uztailaren 29an.- Bermeoko XXXVII. Musika astea abuztuaren 1etik 5era bitartean egingo da eta 5 kontzertuz osatuta egongo da. Ibilbide luzeko jaialdi honen kontzertu guztiak, gainera, doakoak izango dira. “Jaialdiak bere ohiko formatua berreskuratuko du. Honela, nahi duenak kontzertuetara joan ahalko du, betiko aforoak bete arte”, adierazi du Bermeoko Kultura Zinegotzi Alazne Zumetak. Kontzertuak Santa Maria elizan eta Bermeoko Kafe Antzokian egingo dira, 20:00etan. Bermeoko Musika Asteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango du.

Egitaraua abuztuaren 1ean hasiko da Ganbara Abesbatzaren kontzertuarekin. Abesbatzak ‘Inspiratio’ proposamen musikala aurkeztuko du Bermeoko Santa Maria elizan 20:00etan. Hurrengo egunean, Kendra taldeak folk kontzertua eskainiko du toki eta ordu berean. Kendraren emanaldiak musika-ikuskizun dinamiko eta parte-hartzailearen kontzeptuan aurkezten dira, adin eta mota guztietako jendearentzako egokiak.

Abuztuaren 3an Musbika Ensembleren txanda izango da eta ‘Gaztañetaren bidaia’ lana aurkeztuko dute Santa Maria elizan 20:00etan. Musika klasikoa eta antzinako musika pertsona ororengana iristeko dauden oztopoak gainditzeko asmoz, Musbikak ikuslegoarenganako gertutasuna bultzatu eta berritasunez hornituriko Musbika Ensemble proiektua aurkezten du, eszenaratze fresko eta dinamiko baten bitartez. Josu Cámara aktoreak Antonio Gaztañetaren papera egingo du.

Ostegunean, abuztuaren 4an, Oreka Reed Quintet-ek ‘Orekovid’ kontzertua eskainiko du Santa Maria elizan 20:00etan. Taldea Euskal Herritik dator eta penintsulako hainbat tokitako musikariek osatzen dute. Berezko izaera eta nortasuna duen talde bat da, emozioen orekan oinarrituta, eta Donostian sortu zen, Musikenen.

Azkenik, abuztuaren 5ean, Bermeoko Kafe Antzokian, 20:00etan, Olindak emanaldia eskainiko du. Aurreko urteetan ez bezala, kontzertu hau doakoa izango da. Taldeak bossa, folk edo rhythm and blues doinuak taularatuko ditu.

“Ilusio handiarekin aurkezten dugu aurtengo edizioa. Izan ere, pandemiaren urteak gaindituta, lehengo Musika Astera itzuliko gara. Nahi duenak kontzertuak ikusteko aukera izango du, inolako erreserbarik egin gabe. Bertara joan eta aforoa bete arte sarrera irekita egongo da. Espero dugu ikusleek aurtengo proposamenekin asko disfrutatzea”, bukatu du Alazne Zumetak.

 

01 / 08 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0