Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ‘Bermeo Zabaltzen’ aplikazioa aurkeztu du

-‘App’ honen helburua da herritarren eta udalaren arteko komunikazioa erraztea eta arintzea, alde bikoa bihurtuz

-“Gaur oso tresna erabilgarria aurkeztu dugu. ‘Bermeo Zabaltzen’i esker herritarrak erraztasun gehiago izango ditu udalarekin harremanetan jartzeko. Gainera, erabiltzailea herria hobetzeko bidean parte aktiboa izango da”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2022ko apirilaren 28an.- Bermeoko Udalak App berria aurkeztu du gaur goizean: ‘Bermeo Zabaltzen’. Tresna honi esker, herritarren eta udalaren arteko komunikazioa asko erraztu eta arinduko da, herritarrek berehalako informazioa jasotzeko eta emateko aukera izango dutelako. Eskuratzea doakoa izango da eta Android eta Apple sistemekin bateragarria izango da.

“Udal Gobernu honen helburu estrategikoetako bat da administrazio garden, hurbil, eskuragarri eta praktiko bat lortzeko pausu sendoak ematea. Zalantzarik gabe, gaur urrats garrantzitsu bat emango dugu zentzu horretan. ‘Bermeo Zabaltzen’ oso tresna erabilgarria izango da. Izan ere, herritarrak erraztasun gehiago izango ditu udalarekin harremanetan jartzeko. Udalaren aldetik nahi duen informazioa eskuratzeko aukera izango du eta, gainera, protagonista bihurtuko da. App honi esker informazio asko partekatu ahal izango du bere administrazioarekin eta herria hobetzeko bidean parte aktiboa izango da”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Hori da, hain zuzen ere, erreminta honen gakoetako bat: alde bikoa dela. Hau da, edukia jasotzeko eta sortzeko aukera izango du App-a eskuratzen duen herritarrak. Honako atalak izango ditu ‘Bermeo Zabaltzan’ek:

-           1.- KALEZAINDU: Herritarrek abisuak emateko aukera izango dute. Adibidez, herrian egon daitezkeen altzarien, lauzen… apurketak edo egoera arriskutsu edo konpondu beharrekoan dauden guneak identifikatzea. Helburua da konpondu beharreko edozein eremuren berri emateko aukera izatea eta herritarra Bermeo hobetzeko bidean protagonista izatea. Erabiltzaileak gunea mapa batean identifikatuko du, argazkia atera eta zuzenean pasako dio abisua administrazioari.

-          2.-ABISUAK: atal honen helburua da herritarrak berak aukeratutako eremu edo gaietan (kultura, zinema, kirola, larrialdiak…), udalak eskaintzen duen informazioa jasotzeko aukera izatea, nobedade guztiez jakitun egoteko. Atal honetan, adibidez, herritarrak kaleen itxieren, ur edo elektrizitate etenen… berri izango du eta baita kultura, zinema, kirolaren… gaineko informazio eguneratua ere.

-          3.-AGENDA: mugikorretik herrian egingo diren ekintza guztien agenda kontsultatzeko aukera eskaintzea da helburua. Hilabete bakoitzean aurreikusita dauden ekintza guztiak aztergai izango ditu herritarrak egutegian.

-          4.-ALBISTEAK: atal honi esker udalak sortzen dituen albiste guztiak eskuratu ahal izango ditu erabiltzaileak.

-          5.-KONTUAK EMAN: udal plangintza desberdinak, agintaldi plana, udal aurrekontua eta, azken finean, udalaren kudeaketaren berri modu erraz eta ulergarrian ematea da atal honen helburua.

Bost atal hauez gain, erabiltzaileak zuzeneko sarbideak aurkituko ditu Egoitza Elektronikora (tramiteak burutu ahal izateko), Bermibus-era (autobusa uneoro non dagoen jakiteko aukera egongo da eta herritarrak zehazki jakingo du bere geltokitik autobusa noiz pasako den), ‘Nire Ordainketa Wallet’-era eta Udaleko Kirol Sailaren bulego birtualera.

“Bermibusari zerbitzu garrantzitsu bat gehitu diogu. Izan ere, erabiltzaileak uneoro jakingo du zenbat minutu itxaron beharko dituen autobusa hartzeko. Informazio hori oso erabilgarria egingo zaio herritarrari”, bukatu du Aritz Abaroak.

28 / 04 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0