Albisteak

Albistea

Urdaibai Bela Elkarteak 'Optimist' ontziaren eraikuntza tailerra antolatu du Bermeon

 

Urdaibai Bela Elkarteak antolatuta, ‘Optimist’ ontziaren eraikuntza tailerra izango da Bermeoko Kofradi Zaharrean urriaren 1etik apirilaren 12ra. Tailerrean 12 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute eta ordutegia irekia izango da, astelehenetik ostiralera interesatuen arabera. Gainera larunbat eta igande goizetan hiru orduko tailerrak egingo dira guraso eta seme-alabek batera parte hartu ahal izateko.

Gaizka Uriagerekak Urdaibai Bela Elkarteko kideak azaldu duenez, tailer horretan ontzi bat zelan eraikitzen den ikusiko dute eta eraikuntza prozesuaren barneko alor ezberdinak jorratuko dituzte. Horretarako, hiru pertsonako taldeak egingo dira eta talde bakoitzak ontzi bat eraikiko du, 2,30 metroko bela ontzi txikia, ‘Optimist’ izenarekin ezagutzen denak, hain zuzen ere.

“Lehenik eta behin, proiektua aztertuko da, parte-hartzaileek planoak zelan interpretatu ikasiko dute, horiek zelan aztertu, eskalak ulertzen, neurriak hartzen, txantiloiak marrazten...”, azaldu du. Horrez gain, proiektuaren barne, itsasontziaren parte ezberdinen eta horien erabileraren berri emango da: ontziaren gila…

Proiektua aztertu ondoren, tresnak eta material ezberdinak zelan erabiltzen diren irakatsiko da era praktiko batean; izan ere, horretarako ikasleek maketa bat eraikiko dute. Maketa hori ikasle bakoitzak bere etxera eramango du.

Ondoren, ikastaroa nabigazioaren  munduan barneratuko da. Horrela, bela mota eta nabigazio teknika ezberdinak ikasiko dituzte parte-hartzaileek: haizearen erabilera, meteorologia (lainoen interpretazioa, mareak…). Era berean, euskal itsas historia ere landuko da tailerrean eta horretarako museoetara bisitak egingo dituzte

“Ikastaro berritzailea eta interesgarria eskainiko dugu. Parte-hartzaileek era dibertigarri batean ikasiko dute belaontzi bateko eraikuntza prozesuaren arlo ezberdinak. Hortaz, interesa duten pertsona guztiak izena ematera animatzen ditugu”, esan du Uriagerekak.

Informazio gehiago edota izena ematea: info@urdaibaibelaeskola.com helbide elektronikoan eta 605 746 761 telefonoan (Gaizka). Horrez gain, irailaren 28an, barikuan, 19:30ean, Bermeoko Kofradi Zaharrean, tailer hori aurkeztuko du Urdaibai Bela Elkarteak eta herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpen horretara.

 

21 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0