Albisteak

Albistea

Zea Mays, sukalkia, estropadak, esku pelota partiduak, danborrada, baserri eta abere azoka erraldoia eta suziriak, besteak beste, asteburuan, Bermeoko jaietan

 

Bermeo jaietan murgilduta dago eta asko dira asteburuan Bermeok hartuko dituen ekitaldiak, besteak beste, The Hammer Killers eta Zea Mays taldeen kontzertuak, Sukalkia, danborrada, suziriak, esku pelota partiduak, baserri eta abere azoka erraldoia, XXXVI. Bermeoko Uria Ikurriña estropada eta Urdaibaiko arraunlariei harrera ekitaldia. 

“Jaiak irailaren 7an hasi genituen eta giro polita izan dugu egun hauetan Bermeon, eta asteburuan giro ezin hobea espero dugu gure herrian; izan ere, asko baitira Bermeon izango ditugun ekimenak”, azpimarratu du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak. 

Ildo horretan, azaldu duenez, bihar, irailaren 14an, barikuan, gozatzeko aukera pila izango dira Bermeon, izan ere, besteak beste, danborrada izango dugu, Aiarako Musika bandagaz, eta azken horrek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Horrez gain, egunean zehar XIII. Alkartasun Batel Estropada, makillaje tailerra eta dantza parte-hartzaileak, txosna poteoa Sakatu elektrotxarangarekin eta Aiarako musika bandaren kalejira  izango ditugu. 

Gainera, jaiak aurrera jarraituko du eta, gaueko 22:00etan, Lameran, The Hammer Killer eta Zea Mays taldeen kontzertuak izango ditugu. Ondoren, festak Techno Innvasion-ekin jarraituko du.

XLIII. Sukalki Eguna 

Irailaren 15ean, zapatuan, XLIII Sukalki eguna ospatuko dugu Bermeon, Eleizalde ikastolak antolatuta eta 11:00etan izango da izen-emotea. Parte-hartzaileek 13:00etan aurkeztu beharko dituzte kazolak eta sari banaketa 17:00etan izango da. Aurten sukalki jasangarria izateko lan egingo da eta Talan 8 eta 14 urte bitarteko umeentzat gilda eta entsalada tailerrak izango dira. Euskaraldia ere Sukalki egunean presente egongo da. 

Sukalki egunean, XXXVI Bermeo Uria Ikurrina Estropada ospatuko da; beraz, jai egun izugarria izango dugu Bermeon. Bermeotarrak Fanfarreak,  Durangoko Sugarri Fanfarreak eta INCANSABLES taldeak giro ezin hobea sortuko dute herrian. Gainera, Air Guitar txapelketa izango da ‘Els Dimonis de Morella’ CORREFOCS kalejira izango dugu Arresi kaletik eta txosna guneraino. 22:30ean Willis Drummond-en kontzertuarekin martxak jarraituko du Bermeon.  

Irailaren 16an, domekan, Santa Eufemia egunean, baserri giroko azoka eta abereen azoka izango ditugu, eta, iaz bezala erraldoia izango da, izan ere, hiru eszenatoki hartuko ditu. 

Horrela, Lameran Baserri giroko azoka izango dugu, eta San Frantzisko enparantzak honakoak hartuko ditu: VI Oiloen erakusketa eta Euskal oiloaren Bizkaiko IV. Txapelketa, Bermeoko abereen erakusketa eta buzterrien erakusketa. Horrez gain, Erriberan nekazaritzako makineriaren erakusketa bat egingo da. Segundo Ispizua eta San Frantzisko kaleetako trafikoa zarratu egingo da goizean. 

Eguerdiko 12:00etan Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta Bermeoko txistulariek lagunduta eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Ondoren, omenaldia egingo zaie Gazteluko Takonen dendari eta Mañuko azken artzainari. Ondoren, Balkoitik Balkoira bertso saioarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. 

Horrez gain, Santa Eufemia egunean, CEVASek antolatuta, Ama Begoña Urpean Tronuratzearen LV. Urteurrena ospatuko da. 11:00etan Portutik irtengo dira Gaztelugatxerantz eta bertan meza, lore eskaintza eta Joseba Fernandez, Gaztelugatxeko San Juaneko batzordeko lehendakaria, eta Ramon Garaizar, Kankikabara txistu taldeko kidea, omenduko dituzte. 13:00etan monolitoa inauguratuko dute. 

Harrera ekitaldia Urdaibaiko arraunlariei


Egun horretan Esku Pilota partidu nagusiak izango ditugu Artza Frontoian eta  suzko zezena izango da Goiko plazan. Horrez gain, Urdaibaiko arraunlariei 20:30ean harrera ekitaldia egingo zaie Lamerako eszenatokian “denboraldi oso ona egin dutelako eta erakutsitako kirol maila izugarria izan delako”. “Horregatik, bermeotarrok merezi duten moduan eman nahi diegu harrera”, azpimarratu du alkateak.

Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren, Xixili erreko da eta Zaragozana pirotekniaren eskutik suziriak izango ditugu. 

Bermeoko alkateak pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeora “musikarekin, kirolarekin, kulturarekin, eta baserri munduarekin, besteak beste, gozatzeko aukera paregabea egongo baita”.

Aparkalekuak eta garraio zerbitzuak 

Aparkalekuei dagokienez, kanpotik datozenak hainbat aparkaleku izango dituzte, hain zuzen ere,  Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko gune industrialean, San Andres-en eta Matxikorta kaian. Gaueko tren zerbitzu bereziak izango ditugu irailaren 14an eta 15ean (www.euskotren.eus). 

13 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0