Albisteak

Albistea

Bermeoko Udaletxetik emango zaio hasiera Bermeoko jaiei eta Xixili Gimnastika taldeak eta Bermeotarrak Fanfarreak egingo dute ikurrinaren jasoera

Euskaraldiak ere presentzia garrantzitsua izango du Bermeoko jaien hasieran

Adin guztietarako programa zabal indartua eta oso parte-hartzailea eskainiko dute Bermeoko jaiak irailaren 7tik 16ra

 

 

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bihar irailaren 7an,  barikuan, hasten dira, eta aurten gainera berezitasun bat izango dute, Bermeoko Udaletxetik emango zaie hasiera; izan ere, 2013ko sutearen ondorioz, azken urteetan Udaletxea ezin izan da erabili, baina aurten berriro ere alkatearen pregoia Bermeoko Udaletxean izango da. 

Era berean, aurten ere, jaien hasierak protagonista bereziak izango ditu, Xixili Gimnastika taldea eta Bermeotarrak Fanfarrea, hain zuzen ere. Xixiliren aurkezpena egin eta alkatearen pregoia entzun ondoren, elkarte hauetako kideak izango dira ikurriñaren eta Bermeoko banderaren jasoera egingo dutenak. Era berean, Euskaraldia ekimenak ere presentzia garrantzitsua izango du jaien hasieran. 

Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, azpimarratu duenez, Bermeoko herriak talde hauei urte askotan herriari egindako ekarpena eskertu nahi die euren urteurrena ospatzen dutenean, izan ere, Bermeoko Xixili Gimnastika taldeak 25 urte eta Bermeotarrak Fanfarreak 40 urte betetzen dituzten aurten. 

Xixili Gimnastika taldearen kasuan, Bermeon gimnasia erritmikoa zabaltzeko eta herrian kirol hau egiteko aukera emateko egiten ari diren lan izugarria goraipatu ditu Bermeoko alkateak. Bermeotarrak Fanfarreari dagokionez, “Bermeoko musika eta kultura zabaltzeko eta gure herria euren, kalejira eta ekitaldiekin alaitzeko azken 40 urteetan egindako lan garrantzitsua azpimarratu ditu”. 

“Kirolaren eta kulturaren alde ahalegin handiak egiten dituzte bi talde hauetako kideek eta Bermeoko herria arro dago”. “Horregatik urte guzti hauetan talde hauek egindako lana eskertu nahi die Bermeoko herriak”, nabarmendu du. 

Horrez gain, euskararen erabilera sustatzea helburua duen Euskaraldiak ere presentzia garrantzitsua izan du Bermeoko jaien hasieran. Bermeoko alkateak Euskaraldian lan egiten ari diren herritar guztiei eskerrak eman dizkie. “Herritar guztiok Bermeo arnasgunea izaten jarraitzeko erronka garrantzitsua dugu; hortaz, herritar guztiak Ahobizi eta Belarriprest izatera animatu nahi ditut”, azpimarratu du. 

Gero txupinazoa eta Bemeotarrak Fanfarreagaz eta Gallartako Burdin Klash txarangagaz aurreskuek Goiko plazan jaiei hasiera ezin hobea emango diote 

Programa indartua 

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala, indartua eta oso parte-hartzailea eskainiko dute irailaren 7tik 16ra, eta horren barne, besteak beste, Zea Mays, Huntza, Willis Drumond eta Bermeoko rock taldeen kontzertuak, sukalkia, Fun Box (txirrinduen salto ikuskizuna), suziri musikala, antzerki arinak, umeentzako ekintzak eta baserri eta abere azoka erraldoia izango ditugu. Gainera, aurten jaietan asteburu bi izango ditugu eta horrek ekimenez beterik ospatuko ditugu, hortaz, giro izugarria aurreikusten da Bermeon egun horietan. 

Irailaren 7an, barikuan, itsasoko eguna ospatuko da (kukaña, piraguak, banana, padel surfa…). Herri bazkaria izango da txosna gunean eta Almikatik bajadie izango dugu txosna batzordeak antolatuta. Era berean, Salsa Cubanaren eskutik, kalejira izango dugu Bermeoko kaleetatik. Horrez gain, ‘Haizien barrure topa’ ekimena egingo da eta Bermeotarrak fanfarreak, bere 40. Urteurrenean, Gallartako Burdin Klash txarangarekin batera, bere kalejirarekin kaleak alaituko ditu. 

21:50ean Xixili aurkeztuko da Goiko Plazan eta 22:00etan alkatearen pregoia, ikurrina jasotea eta dunbadea izango dira leku horretan. 22:30ean Bermeoko Kafe Antzokian Soziedad Alkolholika eta Niketz taldeen kontzertuak egongo dira eta 23:00etan Charly & The Coconuts taldearen 80. Hamarkadako soinuekin dantza egiteko aukera izango dugu Lameran. Ondoren, pintxadea txosna gunean eta DJ Angelo Merkeren saioa. 

Andra Mari eguna 

Irailaren 8an, zapatuan, Andra Mari Egunean, goizeko 10:30ean Udalbatza Goiko plazan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Udalbatza Almikerantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldea, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika bandarekin ‘Bermeo’ pieza joten. Almikan ohorezko aurreskua egingo zaio Udalari eta Erraldoien eta buruhandien ekitaldia ere izango da. 

Almikan mezak, trikitixa poteoa, idi-probak eta herri kirolen erakusketa: Motozerra lana ere izango ditugu. Horrez gain, Andra Mari egunean  asko izango dira Bermeon ospatuko diren ekimenak; hala nola, Aiara Musika bandaren kontzertua Santa Maria Elizan, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren eta K.I.E.T.B. Erraldoi Txikien konpartsaren kalejira Alde Zaharretik, Ortube itsasontzia bisitatzeko aukera, Zirku eta Gimnasia tailerrak eta esku pilota partidu nagusiak. Barrueta Arte Elkartearen erakusketa ere berreskuratuko da Kofradi Zaharrean eta irailaren 8an inauguratuko da. 

Umeen danborrada ere Andra Mari egunean izango da 18:00etatik aurrera eta Zeren Zain pailazoen jolas-dantzaldia, ‘Txetxotxu, Sukalkidxe eitzen ikasi eizu!’, mahai eta karta jokoak eta Xiberoots taldearen kontzertua izango dira txosna gunean. Gaueko 22:00etan Valecea pirotekniaren eskutik suziri piromusikalak ikusteko aukera izango dugu. Ondoren, ‘Ten & Sun Flower Seed’ eta ‘Huntza’ taldeen kontzertuekin dantza egiteko aukera izango dugu Lameran, Txosna batzordeak antotaluta eta, atsedenaldian, irrintzi txapelketa izango da. Ostean, pintxadak DJ Txako eta DJ Satoruekin. 

Arrantzale Eguna 

Irailaren 9an, domekan, Arrantzale Egunean, Andekoko lagunek antolatuta, meza egongo da Santa Eufemia elizan arrantzaleen omenez, eta, ondoren, kalejira txistulariekin, lore eskaintza eta aurreskua egingo dira. Horrez gain, arrantzan erramutan egin duen azken arrantzaleari, Bermeoko batelerei, Jon Garcia Andonegiri eta Ortubeko boluntarioei omenaldia egingo zaie. 

Eguerdiko 13:00ean, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan eta, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko. 

Egunean zehar fanfarreak eta trikitilariak herriko giroa alaituko dute, eta 19:00etan Sonidos de México taldeak kontzertua eskainiko du Lameran. Abesteko aukera izango dugu txosna batzordeak antolatutako karaoke ibiltaria kalejiran ekimenarekin eta, Portuko Sorgine elkartearen eskutik, musika izango da Portuan. Era berean, dantzan egiteko aukera  izango dugu 21:30etik aurrera Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta Sakatu Elektrotxaranga egongo delako Alde Zaharretik, eta 21:30ean Lameran Drindots taldearen dantzaldia izango da. Goizaldean, Lameran Testing programa Ai Laket!! drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua egongo da. 

Ume eta gaztetxoen jolas parkea 

Andra Mari Hirugarren Egunean, irailaren 10ean, astelehenean, ume eta gaztetxoen jolas parkea izango dugu, aurten Gonzalo Nardiz enparantzan. Eguerdian ‘Los Cinco bilbainos’ taldearen kontzertua izango da eta XLIV. Herri Kirolak eta Bertso saioa ere izango dira Artza frontoian (Uxue Alberdi, Amets Arzalluz, Igor Elortza eta Fredi Paia).

Irailaren 11n, martitzenean, Diada eguna eta XXXVIII. Bermeoko Hiria Esku Pelota txapelketarekin gozatzeko aukera egongo da. Horrez gain, Euskaraldiaren ekimena txosna gunean eta Idi Probak Almikako probalekuan izango dira. Irakaskintza kalean Zirika Zirkusen ‘Tren Geltokia’ kale ikuskizuna ume eta nagusientzako eta, ondoren, txokolatada. Gauean herriko taldeen kontzertu maratoia txosna gunean. 

Fun box 

Irailaren 12an, eguaztenean, adin guztietarako tailerrak eta motor txikien  lasterketa izango dira Lameran. Horrez, gain, Fun Box txirrinduen salto ikuskizuna ikusteko aukera izango da Gonzalo Nardiz enparantzan. 20:00etan, Bermeoko Play Back erraldoia egingo da, lehenengo umeen saioarekin eta ondoren nagusien saioarekin. 

Umeentzako tailerrak eta jokoak Irakaskintza kalean eta tortilla txapelketa txosna gunean izango ditugu irailaren 13an, eguenean. Horrez gain, XXXVIII. Bermeoko Hiria Esku Pelota Txapelketa, eta antzerki arinak izango ditugu. Azken bi urteetako harrera ona ikusita, aurten ere berriro ere egingo dira; Kabidxen hartuko dira sarrerak eta hortik aukeratutako antzerki arinak ikustera eramango dituzte ikusleak ekimen orijinal horretan. Eguna amaitzeko, 22:00etan One Pathen trap kontzertua txosna gunean. 

Zea Mays 

Irailaren 14an, barikuan, hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen jai ekimenak: XIII. Alkartasun Batel Estropada, makillaje tailerra eta dantza parte-hartzaileak, txosna poteoa Sakatu elektrotxarangarekin eta Aiarako musika bandaren kalejira. 

Egun horretan ere izango da danborrada, Aiarako Musika bandagaz, eta azken horrek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Gainera, gaueko 22:00etan Lameran The Hammer Killer eta Zea Mays taldeen kontzertuak izango ditugu. Ondoren, festak Techno Innvasion-ekin jarraituko du. 

XLIII. Sukalki Eguna eta Willis Drummond-en kontzertua 

Irailaren 15ean, zapatuan, XLIII Sukalki eguna ospatuko dugu Bermeon, Eleizalde ikastolak antolatuta eta 11:00etan izango da izen-emotea. Parte-hartzaileek 13:00etan aurkeztu beharko dituzte kazulak eta sari banaketa 17:00etan izango da. Aurten sukalki jasangarria izateko lan egingo da eta Talan 8 eta 14 urte bitarteko umeentzat gilda eta entsalada tailerrak izango dira. 

Sukalki egunean, XXXVI Bermeo Uria Ikurrina Estropada ospatuko da; beraz, jai egun izugarria izango dugu Bermeon. Bermeotarrak Fanfarreak,  Durangoko Sugarri Fanfarreak eta Incansable taldeak giro ezin hobea sortuko dute herrian. Gainera, Air Guitar txapelketa izango da ‘Els Dimonis de Morella’ correfox izango dugu San Juan Portaletik eta San Frantzisko enparantzaraino. 22:30ean Willis Drummond-en kontzertuarekin martxak jarraituko du Bermeon.  

Irailaren 16an, domekan, Santa Eufemia egunean, baserri giroko azoka eta abereen azoka izango ditugu, eta, iaz bezala erraldoia izango da, izan ere, hainbat eszenatoki hartuko ditu. 

Horrela, Lameran Baserri giroko azoka izango dugu, eta San Frantzisko enparantzak honakoak hartuko ditu: VI Oiloen erakusketa eta Euskal oiloaren Bizkaiko IV. Txapelketa, Bermeoko abereen erakusketa eta buzterrien erakusketa. Horrez gain, Erriberan nekazaritzako makineriaren erakusketa bat egingo da. Segundo Ispizua eta San Frantzisko kaleetako trafikoa zarratu egingo da goizean. 

Eguerdiko 12:00etan Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta Bermeoko txistulariek lagunduta eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Ondoren, omenaldia egingo zaie Gazteluko Takonen dendari eta Mañuko azken artzainari. Ondoren, Balkoitik Balkoira bertso saioarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. 

Horrez gain, Santa Eufemia egunean, CEVASek antolatuta, Ama Begoña Urpean Tronuratzearen LV. Urteurrena ospatuko da. 11:00etan Portutik irtengo dira Gaztelugatxerantz eta bertan meza, lore eskaintza eta Joseba Fernandez, Gaztelugatxeko San Juaneko batzordeko lehendakaria, eta Ramon Garaizar, Kankikabarako txistu taldeko kidea, omenduko dituzte. 13:00etan monolitoa inauguratuko dute. 

Egun horretan Esku Pilota partidu nagusiak izango ditugu Artza Frontoian eta  suzko zezena izango da Goiko plazan. Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren, Xixili erreko da eta Zaragozana pirotekniaren eskutik suziriak izango ditugu. 

Azkenez, herritar eta herrira datozen guztiei gonbitea luzatu die Bermeoko alkateak “mahonez jantzi eta gozatu”. “Jai zoriontsuak eta ondo pasa!”, nabarmendu dute

06 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0