Albisteak

Albistea

Bermeoko 18-35 urte bitarteko gazteei Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko programa 2. urtez martxan du Udalak

Iaz 40 gaztek jaso zituzten Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntza horiek, gazteei emantzipazio bidean lagunduz eta Alde Zaharra biziberritzeko beste pauso bat emanez

 

Bermeoko 18-35 urte bitarteko gazteei Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzak onartu ditu bigarren urtez Bermeoko Udalak. “Iaz emaitza onak lortu zituen programa honek; izan ere, horri esker 40 onuradunek Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntzak jaso zituzten”, azpimarratu du Irune Ormaetxeak, Urigintza eta Ekonomia zinegotziak. Ormaetxearen esanetan, “hori albiste ona da, programaren helburuak lortu direla uste dugulako: batetik, gazteei emantzipazio bidean laguntzea, eta bestetik, Alde Zaharrera gazteak erakartzea eta bertako etxe hutsak merkaturatzea, Alde Zaharra biziberritzeko”. 

Ormaetxeak gaur Santi Muruarekin, Berualako zuzendariarekin, batera Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzen programa aurkeztu du prentsaurrekoan. Bertan, jakinarazi duenez, Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntzak jaso nahi dituzten gazteek urte amaiera arte eskariak aurkeztu ahal izango dituzte Berhaz bulegoan. Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarte izan behar dituzte, eta pisua bakarrik, bikotekidearekin edota beste pertsona batzuekin alokatu ahal izango dute. Alokairuak gutxienez urte beteko iraupena izango du. 

Programa honetan parte hartzeko baldintzak iazkoak bezalakoak izango dira. Eskatzaileek edo bizikidetza unitateko kideetatik beste inork ezin izango du bere jabetzako etxebizitzarik izan. Bizikidetzako unitateko pertsona guztiak etxebizitza horretan erroldatuta agertu beharko dira, eta, gutxienez, bizikidetza unitateko pertsona bat Bermeon erroldatuta egon behar da bere bizitzako azken hiru urteetan edo azken urtean etenik gabe.

 

Eskatzailearen gehienezko diru-sarrerak hauek izango dira: 28.000 eurora arte urtean (irabazi gordina) eskatzailea pertsona bakarra denean, eta 39.000 eurora arte urtean (irabazi gordina) eskatzailea bizikidetza unitatea bada edo pisu-kideen artean harreman ekonomikorik ez badago. 

Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke onuradun, errentamendu kontratua guztiek sinatu eta gainontzeko beste baldintza guztiak betetzen badituzte. Kasu horretan, eskaerak banan-banan aztertu beharko dira eta alokairuaren prezioa kontratua sinatu duten guztien artean hainbanatuta konputatuko da. Onuradunen eta errentatzaileen artean ezin izango da odolkidetasuna edo ahaidetasuneko bigarren mailarainoko familia loturarik izan. 

Diru-laguntzei dagokienez, diru sarreren araberakoak izango dira, hileko alokairuaren prezioaren %50era arte izango da, eta gehienez, pisuko 200 euro. Deialdi horren kontura jaso daitekeen diru laguntza 2018ko errentari dagokiona izango da. 

Alde Zaharra biziberritzeko gazteei zuzendutako diru laguntza programa honen informazio guztia Bermeoko Udalaren webgunean www.bermeo.eus eskuratu ahal izango da astelehenetik aurrera. Interesatuek euren eskura eskari orriak izango dituzte,  horiek bete eta Berhazen aurkezteko. Laguntza hauek gaur argitaratu dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. 

Muruak gogoratu duenez, iaz 26 eskaera aurkeztu ziren eta horietatik 25 onartu ziren.“Onartutako 25 eskaeretatik, 12, 2017an sinatutako alokairu kontratu berriei dagozkie; hori dela eta, eskari horiei esker, 15 gazte erakarri ditugu Alde Zaharrera bizitzera eta hori guztiz positiboa da;  Alde Zaharra biziberritze aldera”. Gainerako 13 eskaerak 2017 urte aurreko kontratuei dagozkie eta 25 gazte izan dira onuradunak. “25 gazte horiek Alde Zaharrean bizitzen jarraitu dute eta hori, duda barik, albiste ona ere da”, gaineratu du. 

Irune Ormaetxeak, Urigintza eta Ekonomia zinegotziak, adierazi duenez, diru laguntza horiekin helburu bikoitza lortzen dugu: batetik, gazteei emantzipazio bidean laguntzen diegu eta Alde Zaharrera gazteak erakartzen ditugu eta etxe hutsak merkaturatzen ditugu, Alde Zaharra biziberritzeko pausoak emanez. “Horregatik, aurten ere programa hau martxan jartzea garrantzitsua dela uste dugu eta gazteei Alde Zaharrean alokatzera animatzen diegu”, azpimarratu du.

 

 

 

 

 

01 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0