Albisteak

Albistea

Herriko merkataritza sustatzeko 'Bermeoko bonoa' kanpaina abiarazi du Udalak, bonoa 10 eurokoa da eta erosteko ahalmena 15ekoa

Momentuz mota ezberdinetako 60 establezimendutik gora parte hartzen dute, baina oraindik beste saltoki batzuk izena emateko aukera dute

 

 

 

Tokiko kontsumoa bultzatzeko eta herriko merkataritza sustatzeko, lehenengo aldiz, ‘Bermeoko bonoa’ kanpaina abiarazi du Bermeoko Udalak, herriko mota ezberdinetako dendetan erabiltzeko (ileapaindegiak, arropa dendak, farmaziak, zapata dendak, estetika zentroak, harategiak, fruta dendak…). Bonoaren prezioa 10 eurokoa da, baina gastu ahalmena 15 eurokoa. Gainera bonoak metagarriak dira elkarren artean, hau da, 60 euroko gastu bat lau bonorekin ordaindu ahal izango da. 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Garapen eta Turismo zinegotziak; eta Bermeoko Merkataritza suspertzeko proiektuaren dinamizatzaileak Ugutz Falzesek eta Karmele Sánchezek, prentsaurrekoa eskaini dute ekimen honen berri emateko. Eurekin batera egon dira  ‘Bermeoko bonoa’ kanpainan parte hartzen duten establezimendu batzuen ordezkariak. 

Ormaetxeak azaldu duenez, ‘Bermeoko bonoa’ Udalak, Berton eta Berazel elkarteekin elkarlanean martxan jarritako ekimena da eta helburua da herriko enpresa txiki eta ertainetan kontsumoa suspertzea. Ekimen honetan 10 langile baino gutxiagoko herriko denda guztiek parte hartu ahal dute eta momentuz 60 establezimendu baino gehiago atxiki dira ekimen honetara, baina oraindik nahi duten guztiek parte ahal izango dute. 

Bonoari dagokionez, Ormaetxeak zehaztu duenez, bonoaren prezioa 10 eurokoa izango da, baina bere gastu ahalmena 15 eurokoa. Halaber, bono hauek metagarriak dira elkarren artean eta, edozein kasutan, bonoen ordez ezin izango da dirurik bueltatu. Bonoak 15 euro edo gehiagoko erosketarako balioko du. 

Non eskuratu eta epeak 

Bonoak Bermeoko BBKko orotariko kutxazainetan eskuratu ahal izango dira, 4 bono kreditu txartel bakoitzeko (kutxabankeko bezeroek ez dute gainkosturik izango, gainontzekoek 0,60 euro bono bakoitzeko). Bonoak eskuratzeko epea maiatzaren 2tik 26ra izango da eta erabiltzeko epea maiatzaren 3tik 26ra izango da, biak barne. Kanpaina honetan parte hartzen duten dendek erakusleihoan kanpainaren kartela izango dute, bezeroak horren berri jakin ahal izateko.

Ekimen honetan mota ezberdinetako dendek parte hartu ahal dute: ileapaindegiek, estetika zentroek, arropa eta oinetako dendek, lentzeriek, bitxi-dendek, farmaziek (errezeta gabeko produktuak saltzeko), eta baita ere produktu freskoen dendek (fruta dendek, harategiek, arraindegiek…). Momentuz 60 saltoki baino gehiago atxiki dira ekimen honetara eta espero dugu oraindik gehiago animatzea.  Horrela, interesa duten saltoki guztiak Behargintzan edo Berhazen informazioa jaso dezakete. 

Ormaetxeak herritar guztiak bono horiek hartzera animatu ditu; izan ere, herriko dendetan kalitatezko produktuak, hurbileko tratuarekin, eta gainera deskontu erakargarri hauekin eskuratzeko aukera izango dute. Ildo berean, atxikitu ez diren saltokiei ere kanpaina honetan parte hartzera animatu die. 

“Bermeoko bonoa kanpaina apustu oso garrantzitsua da Bermeoko Udalarentzat eta espero dugu emaitzak onak izatea; izan ere, helburua da tokiko kontsumoaren alde egitea, horrek  gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta besteakio onurak ematen dizkiolako gure herriari”. Erosi Bermeon!”, azpimarratu du. 

02 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0