Albisteak

Albistea

Bideguren:"Bermeoko Gaztelugatxe 'Hamarkadako Europako bigarren zinema-kokalekurik onena' aukeratua izatea albiste ona da herriarentzat"

 

 

Bermeoko Gaztelugatxeko Doniene Hamarkadako Europako bigarren zinema-kokalekurik onena aukeratua izan da, eta, hori, Bermeoko alkatearentzat, Idurre Bidegurenentzat, “albiste oso ona da herriarentzat; izan ere, alde batetik, berriro ere gure altxorra den Gaztelugatxeren edertasuna balioan jartzen du, eta, bestetik, Bermeo nazioartean pelikulak grabatzeko erreferentziazko toki bezala kokatzen du”.

 

“Horrek aukerak sortuko ditu Bermeon eta horrek aprobetxatzeko gogor lan egin behar dugu eta horretan ari gara”, adierazi du. Ildo horretan, Bidegurenek azaldu duenez, “ezinbestekoa da Gaztelugatxek duen potentzial turistikoa aprobetxatzea, baina ezinbestekoa da baita ere ingurumen aldetik duen balioa eta Gaztelugatxeren identitatea babestea, bermeotarroi eta gure kultura eta ohiturei lotutakoa”.

 

“Bermeoko Udala hori lortzeko lanean dabil aspaldi eta momentu honetan Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera plangintza bat diseinatzen ari da Gaztelugatxen gure identitatea eta ingurua errespetatuko duen turismo aktiboa bultzatzeko”, adierazi du.

 

Bideguren “pozik” agertu da, Gaztelugutxek jasotako azken sari honekin. “Ohore bat da Europako herritarrek, 11 hautagaien artean, Gaztelugatxe Hamarkadako Europako bigarren zinema-kokalekurik onena aukeratzea. Gainera herritarrak izatea aukeraketa egin dutenak Gaztelugatxerekin harro daudela agerian uzten du eta indartu egiten du”. Lehenengoa Gorlitz (Alemania) herria izan da.

 

European Film Commission Network —Europako Film Commision Sareak— (EFCN) Bermeoko Gaztelugatxeko Doniene hautatu zuen “Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onena” eskuratzeko lehiatuko diren 11 tokietako bat izan zedin. Hamaika hautagaien artean Europako ikusleek aukeratu dute irabazlea; eta Gaztelugatxek bigarren postua lortu du. “Harro gaude, garrantzitsua da Bermeorentzat aitorpen hori jasotzea nazioarteko ikus-entzunezko sektorean Bermeoren izena zabaltzeko aukera ematen baitigu”, nabarmendu du Bermeoko alkateak.

 

 

 

­

08 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0