Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2018. urteko ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu

 

Bermeoko Udalak Osoko Bilkuran 2018. urterako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu, Bermeoko Udal Gobernuak eta EAJ-PNVk adostasuna lortu ondoren. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, “erantzukizunez jokatu dugu”; izan ere, “ezinbestekoa da tasak eta zergak berrikustea kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko”. 

Aritz Abaroa, EAJ-PNVko bozeramailearen, hitzetan “akordu orekatu bat lantzea behar-beharrezkoa zen kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitu ahal izateko, baina, era berean, argi izan dugu herritarrei ahalegin bat eskatzen zaien heinean, zerbitzuetan hobekuntzak egin behar zirela. Hori izan da gure asmoa eta hori lortu dugu akordu honekin. Erantzukizun handiz jokatu dugu, beraz.” 

Irune Ormaetxeak, Ekonomia zinegotziak, adierazi duenez, “tasak banan bana aztertu ditugu, kosteak kontuan hartuz eta Bermeoren esfortzu fiskala antzeko herriek dutenarekin alderatuz”, eta “antzeko herrien (Gernika, Mungia, Ermua…) esfortzu fiskala Bermeorena baino handiagoa dela ikusi dugu”. 

“Hori garrantzitsua da; Udalkutxak, dirua banatzerakoan, herri bakoitzaren esfortzu fiskala kontuan hartzen duelako eta, ahalegina zenbat eta txikiagoa izan, Udalkutxak diru gutxiago ematen dio herriari”, azaldu du. “Horregatik ere, ezinbestekoa da ordenantza fiskalak, zergak eta tasak eguneratzea”, gaineratu du. 

Hala ere, Ormaetxeak adierazi duenez, hainbat izan dira hurrengo urtean igoko ez diren tasak: Bermibusa, udal aparkalekuak, ezkontzak, udal azokako postuak, udal liburutegiko zerbitzuak, egitezko bikotearen erregistroak, kultur etxearen eta Nestor Basterretxea aretoaren erabilera… 

Sastar batze zerbitzuak orokorrean %2ko igoera izango duela adierazi du.  Etxebizitzetako sastar batze zerbitzuari dagokionez, adierazi duenez, orain arte, hiru  hilabeteetan sastar batze zerbitzuaren tasa 14 euro izan da, eta hori 17 eurora (3 hilabete) igotzea onartu du Bermeoko Udalak, euro bat gehiago hilean, hain zuzen ere. Urteko sastar batze zerbitzuagatik 68 euro ordainduko dituzte etxebizitzek. 

“Dena den, sastar batze zerbitzuagatik eskualde guztian ia gutxien ordainduko dugun herria izaten jarraituko dugu. Adibidez, 2017an Gernikako etxebizitzek 80,44 euro, Muxikakoek 80, Sukarrietakoek 108,63 eta Mundakakoek 104,68 euro ordainduko dituzte urteko zerbitzuagatik”, adierazi du.  “Bermeoko etxebizitzetako sastar batze zerbitzuaren kostua benetan ordaintzeko 24 euro inguru ordaindu beharko genituzkeela” jakinarazi du Ormaetxeak. 

Hobekuntzak 

Gainera, Ormaetxearen esanetan, udal gobernuak eta EAJk sinatutako akordioari esker, hainbat hobekuntza adostu dira sastar zerbitzuan: sastarren tratamenduan hondakin organikoen tratamenduaren (5.kontenedorea) lehenengo fasea martxan jartzea 2018an; edukiontzi selektiboak jartzea herriko gune publikoetan ( jolasguneetan, Lameran...); eta herriko eta auzoetako edukiontzi-guneak txukuntzeko plana. 

Abaroaren esanetan, “hobekuntza horiekin herri garbiago eta ingurugiroarekin konprometituagoa lortu gura dugu. Kontendore guneak txukuntzea eta 5. kontenedorea ezartzea, adibidez, gehiago atzeratu ezinezko neurriak zirela ikusi dugu.” 

Bestalde, hilerriko tasa %2 igoko da. Ibilgailuak zepoarekin daudenean handik kentzeko ordaindu beharreko tasa %2 igoko da, hau da, orain arte 67,32 eurokoa zen eta 2018an 68,71 euro izango da. 

Bide publikoan zangak zabaltzeagatik tasa; eta herriko lurrak obra hondakinekin, hesiekin, aldamuekin… okupatzeagatik eta bide publikoaren lurzorua okupatzeagatik ordaindu beharreko tasek %2ko igoera izango dute ere bai. 

Obra lizentziak %2 igoko dira eta ibilgailuak espaloietatik sartu, bide publikoan aparkatzeko erreserba egin eta edozein eratako salgaien zamalanak egiteagatik ordaindu beharreko tasa kopuru berdinean igoko da, %2an, hain zuzen ere. 

Bestalde, gune bereziak diren Gaztelugatxe, Izaro eta bestelakoetan zinema errodajeak egiteko tasa berri bat ezartzea adostu da. Hortaz, gune horien erabilera 1,50 euro metro karratuko finkatu da. 

Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren kasuan, kuotak eta sarrerak %2 igoko dira; aldiz, ikastaroek ez dute inolako igoerarik izango.

 Gizarte Ongizateko Patronatuaren tasak ez aldatzea onartu da. Beraz, udal zaharren egoitzako, etxebizitza komunitarioetako, etxe-etxeko zerbitzuko eta jantoki sozialeko tasak berdin mantenduko dira. 

Bidegurenek adierazi duenez, “ordenantza fiskalak, zergak eta tasak aztertzea beharrezkoa da zerbitzu publiko eraginkorrak eduki ahal izateko”. 

27 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0