Albisteak

Albistea

Bermeoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren emaitzak aurkeztu dira

 

Bermeok hizkuntza-erabileraren kale-neurketa egin du, eta horren emaitzen berri eman dute gaur prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, eta Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak.

Juan Karlos Agirrek azaldu duenez, Euskal Herrian bost urtetik behin herriko kaleetan euskararen neurketa egiten da, eta 2016an, Euskal Herri osoko 129 euskal udalerritako 450.000 lagun ingururen hizkuntza erabilera neurtu da, hain zuzen ere. Bere esanetan, “lehenengoa 1989an egin zen eta, orain, Bermeon 2016ko irailean, 6.353 bermeotarren hizkuntzen erabilera neurtu da”.

Neurketa Soziolinguistika Klusterrak egin du; eta, metodologiari dagokionez, Maite Alvarezek azaldu duenez, neurtzaileak inori ez dio ezer galdetzen, ibilbide eta ordu ezberdinetan entzuten duen hizkuntza erregistratzen du. Neurtzerako orduan kontuan hartzen du umeak, gazteak, helduak edo zaharrak diren eta bakoitzaren sexua ere bai. Horrez gain, umeak eta nagusiak elkarrekin dauden ere ezberdintzen du.

“Kale-neurketa kalean entzuten diren hizkuntzen argazkia da. Alegia, ez da Bermeon egiten den hizkuntzaren argazki osoa, momentu zehatzetan ateratako argazkia baita. Baina, estatistika guztien moduan, balioa dauka, horren bidez joerak ikusten ditugulako”, azaldu du Alvarezek.

Agirreren esanetan, “neurketak garrantzitsuak dira erabileraren datua hizkuntzaren egoera ezagutu eta baloratu ahal izateko ezinbesteko aldagaia delako”. “Hizkuntzaren erabilera zein den jakitea funtsezko tresna da euskararen plangintzan eta normalizazioan lan egiteko”, gaineratu du.

Bermeon egindako kale-neurketa

Datuei erreparatuta, Alvarezek azaldu duenez, “azken 25 urteetan Bermeon euskaldun kopurua ez da modu nabarmenean gutxitu, baina 1996tik beheranzko joera bat dago euskaraz dakitenen artean”. “Hortaz, datu hori kontuan hartu behar dugu, eta adi egon behar gara”, gaineratu du. Bermeon 2011ko erroldaren arabera, biztanleen %72,7 euskaldunak direla adierazi du Alvarezek.

2016ko irailean, Bermeon kale-neurketaren bidez  jaso diren elkarrizketatik atera diren datu orokorrak honakoak izan dira: elkarrizketen %33,6 euskaraz izan da, %63,6 gazteleraz eta %2,8 beste hizkuntza batzuetan. “Hortaz, 2011ko kale-neurketarekin alderatuta, Bermeon euskararen erabilera hiru puntu jaitsi da azken bost urtetan”, esan du.

Adin taldeka banatuta, haurren %36,3a euskaraz aritu izan da, gazteen %14,8a, helduen %27,8a eta adinekoen %52a. “Hortaz, umeak eta adinekoak dira euskaraz gehien aritu izan direnak eta gutxien helduak eta, batez ere, gazteak”, nabarmendu du.

Emakumeek gizonek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz kale neurketaren arabera; eta umeak eta nagusiak elkarrekin daudenean euskararen erabilera nabarmen igotzen da, elkarrizketen %52,5ean euskaraz hitz egiten baita. Aldiz, umeak bakarrik daudenean, euskaraz egiten dutenen kopurua asko jaitsi da azken bost urteetan.

Euskara teknikariak azpimarratu duenez, “datu horiek kalean momentu eta ibilbide zehatz batzuetan entzundakoa erakusten digute, horrek ez du esan nahi bermeotarren hizkera hori dela”. “Hori jakiteko, azterketa sakonagoak egin behar dira eta beste faktore asko kontuan hartu behar dira, eta Udala, egoeraz jabetuta, horretan ari da lanean”, adierazi du.

Ildo honetan, Agirrek adierazi duenez, UEMArekin batera, Bermeoko Udala “hizkuntza plangintzan lan egiten ari da, eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreak aztertzen gabiltza”.

Era berean, adierazi duenez, “aholku batzordean, datozen hilabeteetan esku artean izango dugu gai hau. Orain, ume eta gaztetxoen aisialdi eta kirol eskaintza euskalduntzeko lanean ari gara”. “Horrez gain, hurrengo lau urtetarako plan estrategikoa egingo dugu, eta horretarako aurten ebaluatuko dugu azken urteetan egindakoa”, gaineratu du.

Agirrek eta Alvarezek nabarmendu dutenez, “Udalak, erakunde moduan, euskarari dagokionez, gizarte erantzukizunez jokatu gura du”, eta “ezinbestekotzat” jo dute “aldi berean, gizarteko eragile guztiek (sozialek, kulturalek, kirol mundukoek…) eta norbanako guztiek ere, bakoitzak bere alorrean, egoeraz jabetu eta gizarte erantzukizunez jokatzea”.

“Euskararen beheranzko joerari buelta emateko gizarte mailako erantzukizuna, inplikazioa eta mugimendua beharrezkoak dira, euskararen aldeko giro soziala sortzea da erronka, alegia”, nabarmendu dute. “Bermeoko herri osoaren inplikazioa beharrezkoa da, eta guztion artean lortu dezakegu”, azpimarratu dute.

 

 

 

17 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0