Albisteak

Albistea

Bermeo kulturaz eta artez beteko da Fair Saturday ospatzeko azaroaren 26an, zapatuan

Kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekimenak, besteak beste, izango dira Bermeon, eta lortutakoa helburu solidarioetara bideratuko da

 

 

Bermeo kulturaz eta artez beteko da Fair Saturday ekimena ospatzeko azaroaren 26an, zapatuan. Solidarters Fundazioak bultzatutako ekimen horrekin mundua, arte eta kulturaren bidez aldatu nahi da. Horrela, Bermeoko Udalak bat egin du, eta azaroaren 26an, Bermeon herriko elkarteek antolatutako adin guztietarako kultur egitarau zabal batekin gozatzeko aukera egongo da eta, aldi berean, proiektu solidarioei lagunduko zaie.

Fair Saturday mundu mailan ematen ari den mugimendua da, urtero azaroaren azken zapatuan ospatzen dena. Bere helburua da kultura elkarteek egiten dituzten arte eta kultura lanak hedatzea eta balioan jartzea; eta, aldi berean, proiektu solidarioei laguntzea. “Bermeon lehenengo aldiz egiten da, eta espero dugu harrera ona izatea eta hurrengo urteetan indartzea eta sendotzea”, adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak.

Bermeoko alkateak, Leire Mintegik, Solidarters Fundazioko ordezkariak, eta Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, aurkeztu dute ekimen hori gaur egindako prentsaurrekoan. Eurekin batera egon dira Fair Saturday Bermeon ospatzeko kultur ekimenak antolatuko dituzten herriko elkarteetako ordezkariak: Alkartasuna Dantza taldea, Ipuin Lapikue, MB 2000 zerbitzu soziokulturalak, Haitz Nagusije Alde Zaharreko auzo elkartea, Txo Sevilla, Dantzatu Gurekin eta Nuntxaku Kultur elkartea.

Bermeoko Fair Saturdayen lortutako etekinak hainbat Bermeoko elkarte eta proiektu solidarioentzat izango dira; hain zuzen  ere, Rett sindromearen ikerketan laguntzea helburu duen Nere Izarra Rett elkartearentzat; beharrizanak dituzten pertsonei laguntzen dien Kate Sarearentzat; eta umeen estimulazioa eta garapenerako Laztana elkartearentzat. Horrela, Bermeoko Nere Izarra Rett, Kate Sarea eta Laztana elkarteen ordezkariak ere ekimen solidario horren aurkezpenean parte hartu dute.

Mintegik azaldu duenez, Solidarters Fundazioak kultura eta artea bultzatzen ditu “gizartearen garapenerako ezinbesteko ekintzak direlako”. “Gure ekintzekin gizarte hobeago bat lortzen lagundu nahi dugu, eta horretarako proiektu solidarioak eta Gobernuz Kanpoko erakundeak laguntzen ditugu”, gaineratu du. Ildo honetan, azpimarratu duenez, Fair Saturday ekimenaren bidez, mundua arte eta kulturaren bidez aldatu nahi da.

Fair Saturday ekimenaren barne batzen ari diren Sormen Tanten berri eman du, izan ere, zapatuan, Bermeon sormen tantak banatuko dira egunean zehar egingo diren ekimen ezberdinetan, ikuspuntu artistiko ezberdinak jasoz. Horrez gaiz, Fair Saturday ekimenaren bidez ur botila bereziak salduko dira  umeentzako beka kultural batzuk ateratzeko.

Idurre Bidegurenek adierazi duenez, Bermeoko Udalak bat egiten du Fair Saturday ekimenarekin, “oso positiboa” dela uste duelako. “Horren bidez, artea eta kultura kalera aterako dira, herritar guztiak gozatu ahal izateko; eta, aldi berean, proiektu solidarioak aurrera ateratzen lagunduko dugu”, azpimarratu du. Horrez gain, gogoratu duenez, ekimen horren helburuak dira “egun horretan, azaroaren azken zapatuan, kultura eskaintzak eta kulturaren kontsumoak gora egitea eta, ondorioz, espazioak eta herriko merkataritza ere bultzatzea”. Horretarako, “herritarren inplikazioa lortzea garrantzitsua” dela adierazi du.

Ildo honetan,  nabarmendu duenez, “herritarren parte hartze garrantzitsua espero dugu”, izan ere, “herriko kultur elkarteen lanari eskeri, adin guztietako pertsonei zuzendutako egitarau kultura zabala prestatu da Bermeon Fair Saturday ospatzeko”.

Adin guztietarako egitarau zabala

Horrela, Aingeru Astuik eta elkarteetako kideek Bermeon egingo diren ekimenen berri eman dute. Maribi Larrinagak, MB2000ko ordezkariak, azaldu duenez, goizeko 12:00etan emango zaio hasiera Fair Saturday ekimenari eguerdiko 14:00ak arte Kabidxen eta Alde Zaharreko kaleetan egingo diren jarduerekin. Horrela, MB2000 zerbitzu soziokulturalak Kabidxen ume eta nagusiei zuzenduta eskulanak, dantzak eta karaokea antolatuko ditu. Ipuin Lapikuek ipuin kontaketa saioa eskainiko du leku berean. Bere aldetik, Alde Zaharreko Haitz Nagusije elkarteak Alde Zaharretik ibilbidea eskainiko du, eraikin edo/eta gertaera garrantzitsuen kontaketa eskainiz.

Arantza Ormaza Alkartasuna Dantza Taldeko kideak jakinarazi duenez, eguerdiko 13:00etik 14:00etara Alkartasuna Dantza taldeak ‘Dantzaz Blai’, euskal dantzekin bihotzak alaitzeko erromeria egingo dute Lamerako kioskoan. Euria egiten badu, Taraskan izango litzateke. Arratsaldeko 19:00etan Lamerako kioskoan ere bai, Txo Sevillaren erakustaldiko dantzak ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Baina Fair Saturdayek gauean ere jarraituko du, izan ere, Maite Gaskok Dantzatu Gurekin taldeko kideak adierazi duenez, gaueko 20:00etatik goizaldeko 01:00etara ‘Dantzatu Gurekin’ dantzaldi gauan dantza egiteko aukera  egongo da Bermeoko Kafe Antzokian. Ildo berean, gaueko 21:30etik aurrera Nuntxaku Kultur elkarteak antolatuta Kapillen lau musika talderen kontzertuak izango dira: Mean Machine, The Hammer Killers, Puro Odio eta Cruz de Hierro Sound System.

Ekitaldi guztietan, kontzertuetan izan ezik, kutxa batzuk jarriko dira bakoitzak nahi duen kopuruarekin laguntzeko. Nuntxaku kultur elkartearen kontzertuen kasuan bost euroko sarrera izango da. Horietan jasotakoa dirua aipatutako elkarteetara zuzenduko da euren proiektu solidarioak laguntzeko, hain zuzen ere. Alkartasuna Dantza taldearen ekitaldian jatekoa ere batuko da Kate Sarea elkartearentzat.

Era honetan, Nere Izarra Rett, Kate Sarea eta Laztana elkarteetako kideak “pozik” agertu dira ekimen horrekin, izan ere, Mirenlur Santiagok Kate Sareako ordezkariak nabarmendu duenez, “gure proiektu solidarioak aurrera ateratzeko laguntza bat izango da”, eta herritarrek “ekimen kultural ezberdinekin gozatzen duten bitartean lagundu ahal izango digute”.

Hortaz, Bidegurenek, Astuik, Mintegik eta elkarte guztietako kideek pertsona guztiak gonbidatu dituzte zapatuan, azaroaren 26an, Bermeon Fair Saturday ospatzera, kultura eta artearekin gozatzera, proiektu solidarioak aurrera ateratzen laguntzen dugun bitartean. “Denon parte hartzea eta inplikazioa garrantzitsuak dira”, nabarmendu dute.

18 / 11 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0