Albisteak

Albistea

Bermeon IV. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da irailaren 3an, zapatuan, parte hartze handiarekin

 

Bermeon IV. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da zapatuan, irailaren 3an, zapatuan, herriko portuaren eta Izaro uhartearen artean. Parte-hartzaileek 5.000 metroko distantzia handia egingo dute igerian. Horrez gain, 1.500 metrotako froga bat egongo da eta 500 metrotako beste bat umeen kategoriari zuzenduta. Guztietan 617 partaide izango dira, iaz baino 166 parte-hartzaile gehiago.

Salome Campos zeharkaldiaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Aintzi Laburuk,  Campos-eko Marketing zuzendariak. Azpimarratu dutenez, jai bezperetan egingo den froga hau “ikusgarria” izango da, izan ere, gaur egun ur irekietan antolatzen diren era honetako lehiaketa arrakastatsuetan normalean egiten den distantzia baino askoz handiagoa izango da zeharkaldi honetakoa.   Laburuk adierazi duenez, aurten nobedade bat egongo da, Izaro aurrean triangelu bat egingo beharko dutelako igerilariek.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten parte hartzaile kopurua asko handitu da eta hori “poztekoa” da, izan ere, Salome Campos itsas zeharkaldia indartzen duen kirol ekimen bat dela adierazi nahi du. Gainera emakumeen parte hartze garrantzitsua ere nabarmendu dute, benetan “albiste ona”. “Horrez gain, poztekoa da aurten 45 bermeotar parte hartzaile izango direla, iaz baino 20 bermeotar gehiago” gaineratu dute.

Ildo honetan, azaldu dutenez,  5.000 metroko distantziako itsas zeharkaldian, hau da, portua eta Izaro uhartearen arteko zeharkaldian,   aurten 332 izango dira parte-hartzaileak, 277 gizon (hauetatik 10 bermeotar) eta 55 emakume, hauetatik bat bermeotarra. “Hau oso albiste ona da, izan ere Salome Campos itsas zeharkaldiak emakume bermeotar bat omentzen du eta poztekoa da emakume bermeotar batek parte hartzea”, adierazi dute Laburuk eta Bidegurenek.

1.500 metrotako frogan 2015ean 151 parte hartzaile egon ziren, aurten berriz 223, 79 emakume eta 144 gizon. Froga honetan 26 bermeotarrek parte hartuko dute, 10 emakumek eta 16 gizonek. Gainera froga honetan aurten gonbidatu bereziak izango ditugu: Konporta Kirol Elkarteko igeriketa egokitu taldearen kideak, euren artean Richard Oribe, Euskadiko Igeriketa egokituan aitzindaria, 5 joko paralinpikoetan 16 medailen irabazlea eta munduko garun-paralisidun igerilaririk onena.  “Salome Campos Igeriketan talde honen esfortzua eta dedikazioa nabarmendu nahi dugu merezitako omenaldi baten bidez”, azpimarratu du Laburuk.

Umeei zuzendutako frogari dagokionez, 2015ean 45 izan ziren parte-hartzaileak eta aurten 62 izango dira,. Bermeotarrak sei neska eta hiru mutil izango dira eta Konporta Kirol Elkarteko igeriketa egokitu taldeko bi neskak ere parte hartuko dute.

Aurten iazko edizioan irabazle edo finalistak izan ziren batzuk ere parte hartuko dute, gehienak kategoria berdinean, Lara Vicandi eta Leire Ochoa izan ezik. Hortaz, 2015ean 5.000 metroko distantzian gizonezko irabazlea izan zen  Alex Ojangurenek eta bigarrena eta hirugarrenak izan ziren
Ion Mugikak eta Jaime Caballerok aurten ere kategoria berdinean parte hartuko dute. Amaia Cendoya, 5.000 metroko distantzian bigarren emakumea izan zen eta kategoria berdinean parte hartuko du. 

Ildo berean, 2015ean 1.500 metroko distantzian gizonezko irabazlea izan zen  Ander Arruabarrenak eta bigarrena eta hirugarrenak izan ziren
Aritz Aguilarrek eta Gorka Olaizolak aurten ere kategoria berdinean parte hartuko dute. Distantzia honetan irabazlea izan zen Adriana Campoy emakumeak kategoria berdinean uger egingo du.
Lara Vicandi Telleria eta Leire Ochoa de Eribe iaz bigarren eta hirugarrenak  1.500 metroko distantzian, hurrenez hurren, eta aurten 5.000 metrokoan parte hartuko dute. 

Hortaz, kirol giro polita izango da zapatuan Bermeon. Bideguren eta Labururen esanetan, Bermeoko IV. Salome Campos itsas zeharkaldiaren helburua da ur irekien udako egutegian finkatzea eta erreferentzia izatea. Joan den urtean bezala, garaileek, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, beren pisua Campos kontserbako Hegaluzetan irabaziko dute, David de Jorge sukaldari ospetsuak eskainita.  

Ekimen honek Bermeoko Udalaren laguntza du eta segurtasunaz Gurutze Gorria eta Bermeoko Herri Babesa arduratuko dira.

Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeoko herriak “arro hartzen du IV. Salome Campos zeharkaldia, eta gainera pozgarria da kirol ekimen honek urtetik urtera arrakasta handiagoa lortzea eta emakumeen partaidetza handiagotzea, kontuan hartuta Salome Campos emakume bermeotarra omendu nahi dela, orain dela mende bat baino gehiago berak Portutik Izaroraino uger egin baitzuen”.

“Beraz, parte hartzaile guztiei eta pertsona guztiei gonbidatu nahi diet Bermeora etortzen kirol eta jai giro izugarriarekin gozatzera”, nabarmendu du.

 

 

01 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0