Albisteak

Albistea

Alkartasuna Dantza Taldeak 40. urteurrena ospatuko du bere urteko ekitaldian, zapatuan, uztailaren 16an, 100 dantzari eta musikarien parte hartzearekin

 

Bermeoko Alkartasuna Dantza taldeak aurten 40 urte betetzen ditu eta horrela zapatuan, uztailaren 16an, egingo duen urteko ekitaldian urteurren garrantzitsu hau ospatuko du, taldeko egungo eta lehengo dantzari eta musikarien parte hartzearekin. Izan ere, ehundik gora dantzari eta musikari batuko dira Euskal Herriko dantzekin eta kantekin gozatzeko aukera “paregabea” eskainiko duen ekitaldi honetan. 

Ikuskizuna Artza frontoian izango da gaueko 22:00etan eta sarrera doanekoa izango da.  Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak eta dantzari ohiak; Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak; Gaizka San Pedrok, Alkartasuna Dantza Taldeko lehendakariak eta Olatz Telletxeak talde honetako kideak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan dantza taldearen urteko dantza ekitaldia. 

Bermeoko Alkartasuna Taldeko lehendakariak adierazi duenez, erakusketa honen helburua da “herritarrek Euskal Herriko dantza ezberdinak ezagutu ahal izatea, taldeak urtean zehar egindako lana erakustea, eta dantza ikuskizun honekin denok ondo pasatzea”. 

“Gainera, aurten, berezia izango da ekitaldia, gure 40. urtebetetzea ospatuko dugulako, eta horretarako 100 dantzari eta musikaritik gora batuko garelako. Guztiok, Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko eta Zuberoako dantzekin osatutako ikuskizun polita eskainiko dugu”, azpimarratu du. “Alkatea bera be Alkartasunako Dantza Taldeko kidea izan da urteetan eta ekitaldi honetan parte hartuko du”, gaineratu du. 

San Pedrok gogoratu duenez, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldea 1976. urtean jaio zen. “Institutuko ikasle batzuk sortu genuen taldea, Patxi Beitia, Bermeon lan egiten zuen eibartarraren laguntzarekin, izan ere, berak dantza gehiago ezagutzen zituen eta berak lagundu zigun eta berak irakatsi zigun hainbat dantza”, azaldu du.

Astuiren eta Bidegurenen esanetan, “ordurik hona, 40 urte hauetan garrantzitsua izan da Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldearen lana, izan ere, herriko jai eta ekimen ezberdinak bere dantza eta musikarekin alaitu ditu eta gure herriko folklorea eta gure kultura zaindu eta zabaldu du munduan zehar, ia Europa osoan eta Mexikon ere egon baita Bermeoko Alkartasuna Dantza taldea hainbat jaialditan parte hartzen”. 

Ildo berean, urtero Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatzen du Bermeon eta honetara mundu guztiko dantza taldeak gonbidatzen ditu herritarrei dantza eta musika ezberdinen erakusketa polita eskaintzeko. 2001ean bermeotarrentzat hain garrantzitsua den Hegaluze Saria jaso zuen Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak. 

“40 urte bete ditugu eta hasierako ilusioarekin jarraitzen dugu, horregatik beste 40 eta askoz gehiago betetzea espero dugu”, azpimarratu du Gaizka San Pedrok. 

Azkenez, Bidegurenek, Astuik, San Pedrok eta Telletxeak herritar guztiak gonbidatu dituzte “festa giro polita” izango duen ekitaldi honetan parte hartzera zapatuan, uztailaren 16an, Artza Frontoian, gaueko 22:00etan.

 

 

11 / 07 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0