Albisteak

Albistea

Euskarazko abizenak euskal grafiarekin idazteko ‘Euskaraz gara’ kanpaina abian jarri du Bermeoko Udalak


Euskarazko abizenak euskal grafiarekin idazteko ‘Euskaraz gara’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. “Era oso erraz batean  herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita izan ahal dute eta hori egitera animatzen ditugu”, adierazi du Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotziak.

Kanpaina honen bidez, euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausuak jasotzen dituen esku-orria banatuko da. Agirrek azaldu duenez, “aurten euskarazko abizena euskal grafiarekin idazteko kanpaina Euskara Aholku Batzordean landu dugu”.

Horren ondorioz, bere esanetan, eskuorri hauek udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, Udal liburutegia, Kultur etxea eta kiroldegia) eta bake epaitegian egongo dira, baina beste toki batzuetara ere zabaldu dira, izan ere, besteak beste, ikastetxeetan eta anbulatorioan ere egongo dira eskuragai. “Horrela eragile hauek ‘Euskaraz gara’ kanpainan inplikatu dira eta hori oso positiboa da, kanpaina honetan parte hartuz euskararekin duten konpromisoa adierazteko modu bat delako”, azpimarratu du.

Hiru pausuak

Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausuak azaldu ditu Agirrek. Horrela, adierazi duenez, interesa duen pertsona “lehenik eta behin erregistro zibilera edo bake epaitegira joan behar da eta abizena euskal grafiaz ipini nahi duela esan eta bertan emango dioten eskaera orria beteko du bere datuekin”.

Ildo berean, agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada gurasoena beharko du); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira. Beraz, oso prozesu “erraza” dela adierazi du Agirrek.

2015ean 37 espediente

2010. urtetik aurrera egiten den kanpaina hau “eraginkorra” dela adierazi du Agirrek eta 2015ean 37 espediente tramitatu zirela gaineratu du. Hortaz, Euskara zinegotziak euskarazko abizenak dituzten herritarrei euskal grafiarekin idazteko pausua eman dezaten dei egin gura die, “garrantzitsua delako gure hizkuntzaren grafiaren arabera abizenak idatzita izatea”.

Beste alde batetik, epaitegietan egiten diren beste tramite batzuk ere euskaraz egin daitezkeela azpimarratu du. Hala, bada, epaitegian erregistratzen diren jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzioetan, euskara erabiltzeko aukera badago. Hortaz, herritarrak inskripzio horietan euskara erabiltzera gonbidatu ditu.

07 / 07 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0