Albisteak

Albistea

Lore lehiaketa egingo da Bermeoko Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan ekainaren 11tik 28ra

Ekainaren 11n, zapatuan, lore erakusketa eta azokatxoa egingo da Goiko plazan, Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi duen lehiaketa honi hasiera emateko

Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, lehenengo aldiz, lore lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan, ekainaren 11tik 28ra. Ekainaren 11n, zapatuan, 11:00etatik 15:00etara Goiko plazan egingo den lore erakusketa eta azokatxo batekin emango zaio hasiera, “Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi duen loren lehiaketari, Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko eta guztiok berarekin gozatzeko”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak.

Ormaetxeak adierazpen hauek Lore lehiaketa aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu. Berarekin batera egon dira Irune Ormaetxea, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzia; Santi Murua, Berualako zuzendaria; Bego Gangoiti, Turismo teknikaria; eta ekimen hau antolatzen parte hartu duten elkarteen ordezkariak.

Izan ere, Irune Ormaetxeak azaldu duenez, ekimen hau Bermeoko Udalaren eta hainbat elkarteren elkarlanaren emaitza da, hala nola, ‘Alde Zaharra bizirik’ Alde Zaharreko ostalarien elkartea, ‘Haitz Nagusidxe’ Alde Zaharreko auzokideen elkartea, ‘Berton’ Bermeoko txiki ertain enpresen elkartea, eta Bermeoko loradendak: Aintzane, Lourdes, Mila eta Txalintxu.

“Guztion artean gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko emango dugun pausu bat da lore lehiaketa eta etorkizunean ere elkarlanean Alde Zaharra indartzeko ekimenak martxan jartzea aurreikusten dugu”, azpimarratu du.

Santi Muruak azaldu duenez, Bermeoko Udalean arlo ezberdinetako langilez osatutako lan talde bat dago Alde Zaharra indartzeko eta biziberritzeko lan egiten duena. Talde horretan Alde Zaharraren egoeraren diagnostikoa egin da  eta Bermeorentzat hain garrantzitsua den Alde Zaharra indarberritzeko ideia eta proposamen ezberdinak garatu izan dira. Horietariko bat aipatutako elkarte ezberdinekin martxan jarriko den loren lehiaketa da.

“Gure Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzea duda barik Alde Zaharraren irudia asko edertuko luke, horrela ideia hau elkarte ezberdinekin landu eta guztion artean lore  lehiaketa martxan jartzea erabaki dugu Lorekin dauden lekuak, leku biziak dira, eta bizitasun hori adierazi nahi dugu lehiaketa honekin.”, adierazi du.

Lehiaketan hiru maila

Lore lehiaketari dagokionez, Patxi Erauzkin ‘Alde Zaharra Bizirik’ elkarteko ordezkariak adierazi duenez, ekainaren 11tik 28ra izango da eta hiru maila egongo dira: balkoiak, leihoak eta fatxadak, hain zuzen ere. Fatxaden kategorian parte hartu ezkero, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartuko dute.

Lehiaketa honetan parte hartzeko izena Berualan eman behar da ekainaren 27ra arte, edo Goiko plazan zapatuan, ekainaren 11n, egingo den lora erakusketa azokan. Epaileek, isladatzen dan bizitasuna, edertasuna eta osotasuna kontuan hartuko dituzte eta ekainaren 28an pasako dira lehiaketako parte-hartzaileen lanak ikustera.

Sariei dagokienez, leihorik ederrenak Alde Zaharreko tabernetan kontsumitzeko bono berezia eta Aita Gurian baleontzian 2016. urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia jasoko ditu.

Balkoirik ederrenak 150 euro Berton elkarteko dendetan gastatzeko eta Aita Gurian baleontzian 2016. urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia jasoko ditu.

Fatxadarik ederrenak 300 euroko saria eta etxebizitza bakoitzeko Aita Gurian baleontzian 2016 urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia jasoko ditu.

Lehiaketari hasiera emateko zapatu honetan, ekainaren 11n, Goiko Plazan 11:00etatik 15:00etara loren erakusketa eta azoka bat egingo da eta bertan parte hartuko dute Bermeoko loradendak. Bertan lorak ikusteko eta erosteko aukera ere izango dute bertaratzen diren guztiek Alde Zaharrean giro polita sortuz.  Lehiaketan parte hartu nahi dutenek egun horretan ere izena emateko aukera izango dute.  Sari banaketa ekainaren 29an, eguaztenean, izango da Goiko Plazan.

Bezperan ere, ekainaren 10ean, barikuan, ‘Alde Zaharra Bizirik’ elkarteko ordezkariak azaldu duenez, pintxo potea lorez jantziko da, izan ere, bezeroen artean, lore sorta ezberdinak zozketatuko dira pintxo potea ere lorekin edertuz. Horrez gain, Berton elkarteko Alde Zaharreko dendak ere loreekin apainduko dira “guztion artean Alde Zaharra edertzeko”.

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, loren lehiaketa honekin gure Alde Zaharra “lorak ematen duten koloreekin eta bizitasunarekin edertu nahi dugu eta horretarako Alde Zaharreko auzokide guztiak lehiaketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”.

“Gure Alde Zaharreko etxeak lorak jartzen animatzen badira gune honi bizitasuna emango diogu eta askoz ere politagoa izango da. Beraz, animatu, parte hartu eta bete dezagun Alde Zaharra lorekin eta lorak ematen diguten edertasunarekin”, nabarmendu du.

 

 

 

 

08 / 06 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0