Albisteak

Albistea

Alberto Aurrekoetxeak, 'Frai Albertok' jasoko du Bermeoko Arrain Azokako XX. Hegaluze Saria

Joseba Kerejetari omenaldi bat egingo diote Hegaluze sariaren ekitaldian

Alberto Aurrekoetxeak, ‘Frai Albertok’, jasoko du aurten Bermeoko XXII. Arrain Azokan barikuan, maiatzaren 20an, emango den XX. Hegaluze Saria “Bermeoren alde eta bereziki arrantzaleen alde egindako lan itzalagatik”, epaimahaiak adierazi duenez.

Ekitaldi horretan Joseba Kerejetari ere omenaldi bat egingo zaio, izan ere, handia izan da urpeko arrantza txapelketan munduko irabazleak (2008-2010) Bermeorekin zuen lotura eta horregatik Arrain Azoka Elkarteak aipamen berezi bat egitea erabaki du.

Hegaluze Sariari dagokionez, asko eta ezberdinak izan dira Aurrekoetxeak arrantzaleen alde egindakoak. Lehendabizi frantziskotar moduan, Dakarreko zortzi kanpainetan (1957-1964) mediku misiolari lanetan ibili zen, 600 arrantzaleen,- gehienak bermeotarrak-, bizitzaz arduratu zen eta arrantzale batzuen bizitza ere salbatu zuen.

Horrez gain, kanpaina horietan mekaniko eta elektrikari moduan ere lan garrantzitsua egin zuen eta lan guzti hau bokazio hutsez egin zuen. Dakarren egindako lana eskertzeko Itsas Institutu Sozialak ‘Medalla al mérito civil de primera con fondo de cruz blanca’ domina eman zion 1962. urtean.

Ondoren, Afrikatik itzuli zen eta fraidea izatea utzi zuen eta kotxeen eta itsasontzien mekaniko moduan lan egin zuen jubilatu arte (1967-1988). Urte hauetan ere Alberto Aurrekoetxeak funtsezko papera izan zuen Bermeoko flotaren garapenean, itsasontzien mekaniko moduan (1967-1988). Izan ere, Aurrekoetxeak atunetan ‘pikien’ ibiltzeko zarata eta dardara kaltegarriek sortutako arazoak identifikatu eta konpontzeko era aurkitu zuen lehenengo pertsona izan zen.

Ezagutza teknologiko horiek eragin garrantzitsua izan zuten 60-70eko hamarkadetan Bermeoko baxurako flota garatzeko eta horregatik ezinbesteko teknikaria bihurtu zen arrantzaleentzat. Guzti hau era autodidakta batean eta ia medio barik egin zuen Aurrekoetxeak.

Aurten, irailaren 29an, 90 urte betetzen ditu Alberto Aurrekoetxeak eta Bermeoren alde eta batez ere Bermeoko arrantzaleen alde egindako lan guztiagatik Hegaluze saria ematea erabaki du epaimahaiak.

Hegaluze sariarekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin.

Joseba Kerejeta

Bestalde, Hegaluze sariaren ekitaldian urpeko arrantzan erreferentea izan den Joseba Kerejetari omenaldia egingo zaio, izan ere, handia izan da Kerejetak Bermeorekin izan duen lotura.

Joseba Kerejeta Izaro Sub urpeko taldeko kidea izan da 20 urtez eta denbora guzti honetan Bermeoko Kluba urpeko arrantza txapelketan ordezkatu zuen nazio eta nazioarteko mailan. Bere ibilbideak mundu mailan erreferente bihurtu zuen hainbat arrakasta lortuz, besteak beste, munduko txapelduna izan zen.

Joseba Durangon jaio zen orain dela 47 urte eta joan den apirilaren 22an Miamin hil zen bere bizia zen kirola egiten. Bermeon urte batzuk bizi izan zen eta Bermeoko herria beti eraman zuen bere bihotzean eta harrotasunez bere izena eta klubarena munduan zehar goraipatu zituen. Guzti horregatik, Bermeoko herriak Joseba Kerejetari aipamen berezia egin nahi dio. Handia izan da kirolari eta baita Bermeoko herriari Joseba Kerejetak egindako ekarpena.

Hegaluze Sariaren ekitaldia Nestor Basterretxea aretoan barikuan, maiatzaren 20an, 12:30ean izango da. 13:00etan Lameran inaugurazio ekitaldia izango da eta bertan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta erakunde ezberdinetako eta enpresetako ordezkariek parte hartuko dute.  

XXII. Arrain Azokako 21 erakustokiak barikuan goizeko 11:00etan irekiko dira eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon.

 

18 / 05 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0