Albisteak

Albistea

'Zinegoak Hedapena' programa martxoaren 9an eta 10ean Bermeon

Martxoaren 11n ‘Haurren sexualitateaz hitz egiten: ulertu, laguntzeko’ hitzaldia entzuteko aukera egongo da

 

Otsailaren 22tik 28ra burutu zen Zinegoak, Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia, lehenengo aldiz Bermeon ikusteko aukera izango dugu martxoaren 9an eta 10ean, eguaztenean eta eguenean, Zinegoak Hedapena programaren bidez. Horrez gain, martxoaren 11n, barikuan, Igor Erauzkin sexologoak ‘Haurren sexualitateaz hitz egiten: Ulertu, laguntzeko’ hitzaldia eskainiko du Kabidxe, gune sozialean. 

Zinegoak Hedapenari dagokionez, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak azaldu duenez, bere helburua da Zinegoak jaialdian aurkeztutako lanak Euskadiko udalerrietara zabaltzea eta aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea, aipatutako jaialdiak batzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz. 

Horrela, martxoaren 9an eta 10ean helduko da Zinegoak Hedapena gure herrira eta bi egun horietan film laburrak, luzemetraiak eta dokumentalak proiektatuko dira Nestor Basterretxea aretoan 19:30etatik aurrera. Sarrera dohainezkoa izango da. 

Martxoaren 9an, eguaztenean, film laburren emanaldia izango da  eta bertan Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 13. edizinoan estreinatutako film-laburrak proiektatuko dira euskerazko eta erdarazko azpitituluekaz: Victor XX (Espainia - 20'); Aitona Mantagorria (Euskadi - 20'); Schleierhaft (Austria - 13'); Semeak (Euskadi - 8'); Betty (Erresuma Batua - 9') eta Garelako (Euskadi - 4'). 

Martxoaren 10ean, eguenean, Zinegoak-en estreinatutako film eta dokumentalen emanaldia izango da. Egun horretan ‘Je Ne Suis Pas Feminist, mais…’ (Frantzia-52’) Christine Delphy teoriko eta lesbofeministari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da eta baita ere ‘À qui la faute?’ (Frantzia 19’) laburmetraia. Film frantses bi hauek euskarazko azpitituluekin ikusiko dira.

Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak azaldu duenez, Zinegoak-en helburu nagusia kalitatezko zinema eskaini eta aretoak adin eta mota guztietako jendez betetzea da. Ekintza hau Bermeoko Udalak eta Hegoak elkarteak antolatu dute. 

Haurren sexualitateaz hitz egiten: Ulertu, laguntzeko’ hitzaldia 

Martxoaren 11n, barikuan, Bermesex udal zerbitzuaren arduraduna Igor Erauzkin sexologoak ‘Haurren sexualitateaz hitz egiten: Ulertu, laguntzeko’ hitzaldia eskainiko du Kabidxe, gune sozialean arratsaldeko 19:00etatik aurrera.   

Erauzkinek adierazi duenez, hitzaldi honetan lehenik sexualitateaz zer ulertzen denari buruz hausnartuko da, zelan ulertzen dugun “sexualitatea”, hain zuzen ere. “Honen bidez, haurrek beraien sexu identitatea, mutil eta neska sentitzeko modu anitzak (intersexualitatearen errealitatea definitzea), desioaren sexu orientazioa nola ulertzen ditugun eta nola laguntzen dugun hausnartu ahal izango da”, azaldu du. 

Gainera, aipatu duenez, “haurrek euren gorputza ezagutzerako prozesuan, helduek nola ulertzen ditugun egoera batzuk jorratuko da eta horren bidez nola laguntzen diegun beraien gorputzarekin harremantzako orduan”. 

Azkenik, atxikimenduaz ere hitz egingo dela esan du, “haurrek eta etorkizunean izango diren helduen maitatzeko eta maitatuak izateko ereduak nola eraikitzen diren”. “Nola haur eta atxikimenduzko pertsonen artean eraikitako harremanak eragiten duen konfiantzazko harremanak eraikitzerako orduan (lagunartean, bikotean, e.a.)”, gaineratu du. Ekintza hau Bermeoko Udalak eta GUZU Psikologi Sexologia Zentroak antolatu dute. 

Bermeoko Udalak herritar guztiei animatu nahi die Zinegoak Hedapena programan eta haurren sexualitateri buruzko hitzaldian parte hartzera.

04 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0