Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 416 ke-detektagailu instalatuko ditu 75 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan

-Alde zaharrean eta baserrietan bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan gauzatuko da programa hau

-Lanketa honi esker, “Nagusien behatokia” sortuko da, izan ere, bizilagunei suteak ekiditeko beharrezko informazioa eskaini eta etxe bakoitzean ebakuazio-biderik egokiena markatzeko mapa txiki bat diseinatzeaz aparte,  inkesta bat ere egingo da pertsona bakoitzaren beharrak ezagutzeko

Bermeon, 2023ko martxoaren 15ean.- Bermeoko Udalak beste urrats bat eman du bere helburu estrategikoetako baterantz: bermeotarren segurtasuna bermatzea. Horretarako, hirigune historikoan eta landa-auzoetan bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan ke-detektagailuak instalatzen hasi da. Guztira, Tecnifuego Suteen Aurkako Babeserako Elkarteen Espainiako Elkartean emandako 416 detektagailu instalatuko dira, pertsona nagusienen etxeetan suteak prebenitzeko helburu nagusiarekin.
Ildo horretan, aipatu behar da Bermeoko Udala, Gizarte Ongizateko Sailaren bitartez, sute-detektagailu horiek jartzeaz gain, mantentze-lanez eta dagozkion berrikuspenez arduratuko dela. Era berean, suterik izanez gero nola jokatu behar den erakusteko, Udalak beharrezko informazioa eskainiko die erabiltzaileei, eta mapa txiki bat egingo du etxe bakoitzean ebakuazio-biderik egokiena markatzeko. Azkenik, Udalak inkesta txiki bat egingo du herritar horien artean, haien beharrak zeintzuk diren jakiteko, eta informazio hori guztia erregistratuta geratuko da egoera zaurgarrian dauden pertsona horiek non bizi diren eta zer beharrizan izan ditzaketen zuzenean jakiteko.  Lanketa guzti honi esker,  kasuz kasu azterketa egin eta eskuhartzerik edo laguntzarik beharko luketen jakitea ahalbideratuko duen “Nagusien behatokia” sortuko da.

“Udaletik, detektagailu horiek instalatzeaz gain, mantentze-lanak egiteko konpromisoa ere hartu dugu, hori funtsezkoa baita suteen aurkako babes-instalazioek funtziona dezaten. Era berean, erabiltzaileei informazioa emateaz eta izan ditzaketen beharrak erregistratzeaz arduratu gara. Hemendik aurrera gure bizilagun askok pixka bat lasaiago lo egin ahal izango dute” ziurtatu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. “Zoritxarrez, sutea ez da zain egoten, eta sute kasuan, gure esku dago, pertsonengan, ahalik eta kalte gutxien eragitea, prebentzio neurriak hartuta, ekipamendu eraginkorrak instalatuta eta mantentze-lanak behar bezala eginda” gaineratu du.

Su-detektagailuak, prebentziorako giltza

Su-detektagailuak suteen prebentziorako elementu garrantzitsuenetakoa dira. Estatistiketan behin eta berriro errepikatzen diren datuak dira, adibidez, suterik gehienak hilabete hotzenetan gertatzen direla (biktimen % 60). Kea arnasteak eragiten du heriotzen % 65a. 64 urtetik gorakoen taldeak hartzen du hildakoen % 48,7a. Egongela da lekurik arriskutsuena (biktimen % 52,3), eta ondoren logela (% 23,3). Eta etxebizitzako suteen arrazoi nagusiak akats elektrikoak (23 hildako) eta berogailuak eta bero-ekoizleak (11 biktima) dira. Detektagailu autonomoek abisatu egiten dute pertsonak lo daudenean eta etxebizitzan suteen aurka babesteko elementurik eraginkorrenetakoa dira.

15 / 03 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0