Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak aldundiari eskatu dio Gaztelugatxeren kudeaketarako lankidetza indartzea

  • Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea Arantza Atutxa Lejarreta foru diputatuarekin bildu da, Gaztelugatxeko San Juan zaintzeko eta sustatzeko ahaleginak koordinatzeko.

Gaztelugatxeko San Juaneko kudeaketa eta sustapena hobetzeko ahaleginean, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea Arantza Atutxa Lejarreta Ingurumen eta Nekazaritza Saileko foru diputatuarekin eta Alex Pelaez Astorkia Ingurumeneko zuzendari nagusiarekin bildu da, bi erakundeen arteko lankidetza estrategiei buruz berba egiteko.

Biotopoaren kudeaketan inplikatutako arlo guztiekin hainbat bilera egin ondoren, alkateak Gaztelugatxeko San Juani buruzko “informazio zuzena eta azkarra” jasotzearen garrantzia azpimarratu du, Bermeon kokatuta dagoelako eta bisitarien artean gero eta ospe handiagoa duelako.

Bileran, alkateak funtsezko hainbat gai planteatu dizkio diputatuari, besteak beste:

  • Gaztelugatxeko San Juanen kudeaketarako komunikazio-kanal eraginkorragoa eta azkarragoa sortzea. “Interesa duten hainbat alderdirekin mahai bat sortzea eskatu dugu, eta Bermeoko Udala horren parte izatea. Mahai horretan, inguruari buruzko erabaki guztiak hartuko lirateke. Baina, mahaia sortu bitartean, komunikazio kanal zuzena izatea eskatu diogu, azken hilabeteetan informazioa gerora iritsi zaigulako, baita prentsaren bidez ere”, esan du alkateak.
  • Bermeotarrei sarrera bermatzea.
  • Bermeoko Udalak aukera izan gura du filmen grabaketei, publizitateari eta inguru horretan egiten dituzten beste ekitaldi batzuei buruzko iritzia emateko; “gure nortasuna, balioak eta tradizioak babestu gura ditugu, eta San Juanen irudia ez dadila erabili horietara egokitzen ez diren helburuetarako”.
  • Jaiegun zehatz batzuetan bermeotarrentzako esklusibotasuna ziurtatzea, eta egun horietako mantentze-lanen kostua aztertzea, udalak uste baitu ez lukeela ordaindu behar.
  • Biotopoan dauden eukaliptoak kentzea.
  • Inguru osoan itsas hondakinak garbitzeko plangintza bat egitea eskatu da; “zerbitzu hau Bermeoko boluntarioekin egiten zen. Hala ere, duela urte batzuk aldeen artean desadostasun bat egon zen, eta azken garbiketa horretatik ez da gehiagorik egin”.
  • Eguneko bisitari kopurua berrikustea proposatu da, “eguneko 1.300 pertsonako muga ez baitzaigu jasangarria iruditzen”.
  • Arane eta Bermeo lotzen dituen bidearen proiektuaren egoerari buruz galdetu da, aurreko lizitazioan hutsik geratu baitzen. Erantzuna izan da, lizitazio berria laster aterako dela.

Alkatea pozik agertu da bilerak eman duenarekin, eta aldundiaren prestutasuna nabarmendu du: “Gure helburua altxor natural eta kultural hau babestea da, eta, aldi berean, bisitari guztiek, bereziki bermeotarrek, esperientzia seguru eta aberasgarri batez gozatzeko aukera izatea bermatzea”. Gaineratu du, diputatuak berretsi egin duela Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalarekin lan egiteko eta beharrezkoak diren informazioak beharrezko bideetatik emateko duen konpromisoa.

Gaztelugatxeko San Juan ezaguna da bere ingurune natural ikusgarriagatik eta bere garrantzia historikoagatik, eta azken urteotan bisitarien kopurua nabarmen igo da. Horrek guztiak erronka berriak ekarri ditu kudeaketari eta kontserbazioari dagokienez. Alkateak uste du “aurrerapauso garrantzitsua” eman dela Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza estuagoa lortzeko, Bizkaiko ondarea den leku hau babesteko.

23 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0