Albistea
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, joan den zapatuan, urtarrilaren 3an, Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko antolatutako auzolana “arrakastatsua” izan da, antolatzaileek adierazi dutenez. 23 pertsonek parte hartu zuten ekimen horretan, gizon zein emakume.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak gogoratu duenez, jardunaldiaren helburua zen Gaztelugatxeko babestutako biotopoko itsas ertzeko hondakinak garbitzea, bere ingurumen-balioa eta bere paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko.
Talde guztia San Juan azpiraino jaitsi zen itsasbehera aprobetxatuta. Bertan, Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia guztian garbiketa lanetan aritu ziren, eta hondakin kopuru handia batu zuten.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azaldu duenez, batutako hondakinen parte handi bat itsasoko jardueraren ondorioz sortutakoak izan dira (arrain kaxak, sare zatiak, sokak, buiak…), baina beste era bateko hondakinak ere batu dira, gehien bat plastikozko ur botilak. “Horrela, plastikoak itsasoan sortzen duen arazoei buruz hitz egin genuen” , adierazi dute antolatzaileek.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azpimarratu duenez, lekuaren zailtasuna kontuan edukita, boluntarioek egindako lana “baliotsua” izan zen. Hori dela eta, antolatzaileek parte hartu duten pertsona guztiei bere lana eskertu diete.
Ildo berean, Bermeoko Herri Babeseko kideei ere eskerrak eman dizkie itsas hondakinak ateratzeko eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko eskainitako laguntzagatik.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak adierazi duenez, joan den urteko uztailean Gaztelugatxe garbitzeko egindako auzolanean bezala, aurten ere hondakin asko bildu dira. Horrela, helburua da auzolana aldizka antolatzea.
010 (94 617 91 00)