Albisteak

Albistea

Bermeoko XXIV. Arrain Azokak helburuak bete ditu eta balorazioa oso positiboa izan da

 

 

Bermeoko XXIV Arrain Azokak “helburuak bete ditu” eta balorazioa “oso positiboa” da; izan ere, “azken urteetako jendetsuena izan da” eta enpresa erakusleak eta parte-hartzaile guztiak, orokorrean, “oso pozik” agertu dira lortutako emaitzekin.   “Aurten ere argi gelditu da itsas kulturaren erakusleihoa Bermeoko Arrain Azoka dela”, nabarmendu du Bermeoko alkateak eta Arrain Azoka Elkarteko presidenteak, Idurre Bidegurenek. 

Bidegurenek gogoratu duenez, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian beste urte batzuetan baino parte-hartzaile gehiago izan ditugu, “Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta udal eta beste erakunde batzuetako ordezkariez gain, atun-ontzi, kontserbera eta Arrantzaleen Kofradietako ordezkariak izan ditugu”. “Gainera, Bermeo Tuna World Capital proiektu estrategikoa aurkeztu zuten elkarteko kideek, Bermeoko atun-ontzi izoztaileek Hegaluze saria jaso zuten eta Xixili Gimnastika taldeak bere ekitaldi ikusgarriarekin amaiera ezin hobea eman zion inaugurazioari”, adierazi du. 

Bermeoko Arrain Azokak programa “zabala” eskaini duela adierazi du Bidegurenek, eta ekimenak “arrakastatsuak” izan direla gaineratu du. Esate baterako, Bermeo Tuna World Capital izeneko espazioak hartu dituen jarduerek “harrera oso ona” izan dute:  Basque Culinary Centeren showcookingak Camposen eskutik, EHUren aularioak, arraina eta ardoaren maridajeak, Euskaraldiaren aurkezpenak, ResQ enpresaren aurkezpenak, Ardoa eta Arrainaren ibilbidearen azken etaparen amaierak…. 

Gastronomia 

Alde gastronomikoak Bermeoko Arrain Azokan “gero eta pisu gehiago hartzen ari dela” nabarmendu du. Bisitariek eta herritarrek “oso ondo” baloratzen dute Arrain Azokan bertan pintxo bat edota bestelakoak dastatzeko aukera izatea eta “arrakasta handia” izan dute horrelakoak eskaini dituzten kontserbera eta enpresen standak eta era ezberdinetako jatekoa eman duten erakustokiek. 

Era berean, “harrera izugarria” izan du Kofradia Zaharrean atun errea eta marmitakoa jateko aukera eskaini duen espazioak, “asko izan dira elkartasun gune horretara atun errea jatera hurbildu diren herritarrak eta bisitariak eta lortutako diru guztia garapenean arazoak dituzten 6 eta 12 urte bitarteko umeen estimulazioa bermatzeko proiektura zuzenduko da”. Horrela, alkateak ekimen hau aurrera ateratzea posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkie.

Bidegurenek EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak, hau da, Plentziako Itsas Estazioak (PIE), aularioaren presentzia eta Aztiren ekimenak ere aipatu du,  dibulgazio ekimen garrantzitsuak izan baitira eta asko izan dira bertaratutakoak. Hitzaldietatik hiruetatik bi oso jendetsuak izan dira eta guztiak “oso interesgarriak” izan direla gaineratu du. 

Arrain salmenta-itxurak, Nautika eskolan egindako ekimenak, Bermeoko Arrantzaleen Museoak eta Aita Guriak bisitari asko jaso dituzte, jarduerak ondo baloratu dituztenak. Ildo berean, azaldu du habaneren ekitaldia, “urtero bezala, oso jendetsua” izan dela eta “harrera oso ona” izan duela, eta batelen estropadak Arrain Azokan ere “giro oso polita” sortu duela. Era berean, Bidegurenen esanetan, “talde kulturalek asko animatu zuten herria, giro paregabea sortuz Bermeon”. 

Bermeoko alkateak gogoratu duenez, euskara ere presente egon da; izan ere, Bermeoko Arrain Azokan Euskaraldia eta hamaikakoa aurkeztu dira eta Euskaraldiak erakustokia izan du herritarrei ekimenaren berri emateko eta parte hartzera animatzeko. “Asko eta asko izan dira informazioa gustura jaso duten herritarrak eta  Ahobizi eta Belarriprestekin argazkia atera dituztenak ere bai”, gaineratu du. Ildo horretan, adierazi duenez, “garrantzitsua da gure kulturaren erakusleiho den azoka honetan gure hizkuntzak presentzia izatea”.

Bestalde, Ingurumena zaintzea ere helburu izan dela adierazi du eta aurten Bermeoko Arrain Azokan Erronka Garbia ziurtagiria izan dugu, “helburu gehienak lortu ditugu eta datorren urtera begira ere hobetzen jarraitu behar dugu, esate baterako, plastikoen erabilera murriztu behar dugu”.  Segurtasun aldetik ere, koordinazio ona egon da eta balorazioa positiboa da, izan ere, ez da gertakari larririk egon.

Bidegurenek eskerrak eman dizkie babesleei: El Correo, Eusko Jaurlaritza eta BBKri. Ildo berean, Arrain Azokan parte hartzen duten boluntario guztiei ere eskerrak eman dizkie “Arrain Azoka arrakastatsua bada, euren laguntzari esker delako”. 

21 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0