Albisteak

Albistea

Bermeo eta Ondarroa Europako EMUSIK jaialdiaren eszenatoki maiatzaren 7an eta 6an, hurrenez hurren

 

Bermeoko Udalaren Musika eskolako  Erroxape abesbatzak Donostian EMUSIK  jaialdiaren inaugurazio ofizialean parte hartuko du

 

Bermeo eta Ondarroa eta beste 58 herri EMUSIK jaialdiaren eszenatoki bihurtuko dira. EMUSIK, Musika Eskolen Europako Jaialdia da, eta honen barne Europako musika eskoletako 8.500 ikaslek 120 kontzertu baino gehiago emango dituzte Euskal Herrian zehar. Bermeok eta Ondarroak ere kontzertu horietako batzuk hartuko dituzte, maiatzaren 6an, barikuan, Ondarroan eta maiatzaren 7an, zapatuan, Bermeon, hain zuzen be. 

Horrela azaldu dute gaur Bermeon egindako prentsaurrekoan Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, eta Bermeo eta Ondarroako Udal Musika Eskoletako zuzendariek, Estibalitz Arrizabalagak eta Iker Allurrek, hurrenez hurren. Bertan adierazi dutenez, EMUSIK 2016ren egoitza izateko Ondarroako eta Bermeoko udalek hitzarmen bat sinatu zuten DSS 2016 eta Donostiako Musika eta dantza eskolako antolatzaileekin. 

Azaldu dutenez, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren proiektua da EMUSIK. Horrela, inaugurazio ofiziala Donostia Arena 2016 espazioan (Illunbe) izango da maiatzaren 6an. Inaugurazioan Bermeoko Udalaren  Musika Eskolako Erroxape abesbatzak parte hartuko du, hemengo zein atzerriko 8.500 musika-ikasleekin batera. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere parte hartuko du inaugurazio ekitaldi honetan, guztiak Juanjo Oconen zuzendaritzapean. Inaugurazioa EITBk grabatuko du eta maiatzaren 14an, gaueko 22:00etan emango dute. 

Topaketa honetan, musika eta dantza batuko dira errepertorio anitz batean, besteak beste, Donostiako martxa, Txanton piperri, Europako ereserkia eta EMUSIKerako espresuki konposatutako ‘Musikatu bizitza’ abestia, Garazi Zabaleta beasaindar gazteak sortutako kantu bizia, hain zuzen be. 

Inaugurazioaren ostean EMUSIKen parte hartzen duten Europako musika eskolek maiatzaren 6an, arratsaldean, eta 7an goizean, errezitaldiak eskainiko dituzte. Horrela, 59 herri anfitrioiek doako 120 kontzertu baino gehiagoz osatutako programazioa hartuko dute,  herritarrei zuzenduta. 

Bermeo eta Ondarroaren kasuan honako hauek izango dira kontzertuak eskainiko dituzten taldeak: Escola Municipal de Música ‘La Selva del Camp” (Tarragona) perkusioa; Escola Municipal de Música de Mataró (Catalunya) Big Band; Espai Musical Burriac, Argentona (Catalunya) haur koroa, Musik und Kuntstsuchule-Región Freudenstadt (Germany) banda. Horiez gain, Jose Antonio Egia Bermeoko Udalaren Musika-eskola (Euskadi) taldeak ere eskainiko du kontzertua Bermeon eta Ondarroako Musika eskolaren taldeak Ondarroan.

Allurrek eta Arrizabalagak azaldu dutenez, bi herrietan kontzertu “dinamikoak” egitearen apustua egin dute. Ondarroaren kasuan maiatzaren 6an, barikuan, arratsaldeko 18:00etan kalejira erraldoi bat egingo da Zaldupetik Itsas Aurrera plazara. 

Kalejira horretan parte hartuko dute lehen aipatutako Cataluñako hiru taldeek eta banda alemaniarrak eta baita ere Ondarroako Musika eskolako eta Kresala elkarteko bandak, txistulariak, musika eskolako umeak eta irakasleak, Kantaize abesbatzako eta Emeki Koraleko kideak eta Artelaneko erraldoiak. Ondoren, 19:00etan, Itsas-Aurren Emusik 2016ko taldeen kontzertua eskainiko da. Amaitzeko, denak batera ‘Europaren ereserkia’ eta ‘Musikatu bizitza’ abestuko dute. 

Bermeon maiatzaren 7an, zapatuan, goizeko 10:30etik 13:30ak arte burutuko da jaialdia eta Kultur etxetik irtengo duen kalejirak emango dio hasiera. Honetan, Kankinkabara txistu taldeak, Arrekatxutxa trikitixa pandero taldeak, Erroxape abesbatzak, koro txikiak eta musika eskolako ikasle txikiek parte hartuko dute. Ondoren jaialdia bi eszenatokien artean mugituko da: Klaustroa eta Erreten lamera. Euria balitz Klaustroa eta Santa Maria elizan. 

Bermeoko Udalaren Musika eskolako zuzendariak azaldu duenez, “talde bakoitzak 20 minutu inguruko saioa egingo dute eta azkenean, 2 kantu tuttian kantatuko ditugu, ‘Europako ereserkia’ eta ‘Musikatu bizitza’, hain zuzen be”. Guztira 300 musikarik parte hartuko dute ekintzan eta entzuleria ere kantuan jartzea da helburua. Tartean, Bermeoko kantuak ere kantatuko dira. Arrizabalagak eskerrak eman die “ekintza hau ondo atera dadin, laguntzaile izango ditugun guztiei”.

EMUSIK Jaialdia maiatzaren 7an iluntzean amaituko da Donostian herritarrei zuzenduta Saguesen ospatuko den bukaera festa erraldoiarekin. Arrizabalagak eta Allurrek azaldu dutenez, EMUSIK jaialdia “baino gehiago da”, izan ere, “musika batzen gaituen hizkuntza komuna da eta, hau premiatzat hartuta, ekitaldia aukera paregabea izango da kultura eta hainbat herrialdetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko eta Europako herri ezberdinen arteko hurreratzea eta hartu-emana bultzatzeko”.

“Festa eta musika-ospakizunez gain, festibalak ikusgaitasun handiagoa eman nahi dio musika eskolek maila guztietan (tokikoak, nazionalak, europarrak) egiten duten lan nekaezinari”, azpimarratu dute.

 

Azkenez, Astuik eta Bermeo eta Ondarroako musika eskoletako zuzendariek adierazi dutenez, EMUSIKek Ondarroan maiatzaren 6an eta Bermeon maiatzaren 7an musikarekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko die herritar guztiei. Hortaz, herritar guztiak gonbidatu dituzte musika kontzertu hauek ikustera eta musikarekin disfrutatzera. 

25 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0