Albisteak

Albistea

Bermeoko Osasunaren Tokiko Sareak barikuan, maiatzaren 25ean, herri martxa bat antolatu du Kerik Gabeko asteari hasiera emateko

 

Bermeoko Osasunaren Tokiko Sareak,  Kerik Gabeko Asteari hasiera emateko, barikuan, maiatzaren 25ean, 13:00etan herri martxa bat antolatu du tabakoari aurre egiteko eta bizitza osasuntsua sustatzeko.  Ibilalditxoa Kultur etxe eta Musika Eskola alboko aterpean hasiko da eta hortik Lameraraino izango da. Lameran elkarretaratzea egingo da eta horrela Bermeoko herriak Kerik Gabeko Asteari hasiera emango dio. 

Ekimen hori gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jone Aretxederretak, Bermeoko Osasun zentroko medikuak eta ordezkariak; Koro Garmendiak Osasun Publikoko ordezkariak (adizioen prebentzioan aditua), Raquel Garayek Osasun Publikoko ordezkaria (osasunaren sustapenean aditua)  eta Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidente eragileak eta Bermeoko alkateordeak. 

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Osakidetzaren helburu estrategikoa da tabakismoari aurre egitea  eta, horregatik, Tabako-Kerik gabeko Euskadi proiektua martxan du. Programa hori Osasunaren Mundu Erakundearen MPOWER planaren barruan dago kokatuta. Bere helburua da tabako-kearen eraginik jasango ez duten pertsonen mundua lortzea. Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatutako eta eragin sinergikoa izango duten politika integralak proposatzen dira. 

Horrela, Bermeoko Osasunaren Tokiko Sareak, maiatzaren 25ean hasiko den  Kerik Gabeko Astearekin bat egiten du eta Bermeon martxa bat deitu du tabakoaren kea arnasteak duen kalteez kontzientziatzeko, eta gazteak erretzen ez hastera bultzatzeko. 

 “Garrantzitsua da tabakoak sortzen dituen kalteez ohartaraztea eta hori kalean ikustea, horregatik Bermeoko Osasunaren Tokiko Sareak martxa bat deitu dugu barikuan, 13:00etan. Bermeoko kultur etxe aurreko aterpean hasiko da eta Lameran bukatuko da. Herritar guztiak martxa honetan parte hartzera animatzen ditugu guztiok batera tabakoari aurre egiteko”, nabarmendu dute. 

Bermeoko Osasun Sarea Bermeoko Udalak, OSI-Barrualde-Galdakaok eta Osasun Publikoak osatzen dute eta orain arte hainbat lan egin ditu, besteak beste, erorketak saihesteko tailerra eta herriko ibilbide osasuntsuak. 

Oraingoan, antolatzaileen arabera, martxa honen helburua da “tabakismoa osasun arazo larria dela ikustaraztea, adizioak sortzen dituen gaixotasuna, alegia, eragin sozialak eta osasun eraginak dituena eta  saihestu daitezkeen gaixotasunen eta heriotzen arrazoi nagusia mundu guztian”. 

Tabakoaren mundu mailako epidemia horrek urtero zazpi milioi heriotza sortarazten ditu, horietatik 900.000 erretzen ez duten baina tabakoaren kea arnasten dituzten pertsonenak. Tabakoaren kalteez kontzientziatzeaz gain, martxa honek osasun zentroek, Bermeokoa barne, tabakoa uzteko prozesuak eskaintzen dituztela adierazi nahi du. 

Tabakoa uzteko prozesuan pazienteek Prochaska testa egiten dute eta erretzaileak sei motatan bereizten dira. Ohitura kentzeko prozesuari dagokionez, bi motatakoa da: erretzeari uzteko asmorik ez dutenak eta erretzea utzi nahi dutenak. Lehenengoek aholku laburra jasotzen dute.  Bigarren taldeak tabakoa uzteko 8 saiotan parte hartzen du urte batean, izan ere, epe hori beharrezkoa da pertsona bat erretzaile ohitzat hartzeko. 

Bermeoren kasuan, 2017. urtean, 36 herritarrek (15 gizonek eta 21 emakumek) tabakoa uzteko prozesu bat hasi zuten, taldean zein banaka, eta %30ak tabakoa utzi duela balioztatzen da. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da indarrak batzea kerik gabeko Euskadi  lortzeko. 

22 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0