Albisteak

Albistea

Garbigunea eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua erabiltzeko eskatu die Bermeoko Udalak herritarrei

 

Benito Ibarrolazak, Zerbitzuetako zinegotziak, herritarrei eskatu die Garbigunea eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua erabiltzeko bai altzariak zein etxetresna elektrikoak botatzeko. Izan ere, azaldu duenez, “azken aldi honetan Bermeoko hainbat tokitan altzariak eta etxetresna elektrikoak ikusten ari gara botata, zikinkeria sortuz eta herriaren irudi onaren kalterako”. 

Ildo horretan, Bermeon bai bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daudela gogoratu du, alde batetik Garbigunea, eta, beste alde batetik, etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua. Bi zerbitzu hauek dohainak dira herritarrentzako. “Ez dago zertan altzariak eta etxetresna elektrikoak edozein modutan utzi behar kalean, izan ere, herria guztion artean zaindu behar dugu”, adierazi du. 

Ibarrolazak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzarekin bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua eskaintzen du. Altzari zaharrak batzeko eguna eguaztena da eta altzariok martitzen gauean utzi behar dira kolar aurrean edota  sastar batze puntu gertuenean. Aurretiaz abisatzea derrigorrezkoa da telefono honetan: 94 612 11 77. Abisuak zuzenean emateko ordutegia honakoa da: neguan 7:30etik 16:30era eta udan 7:30etik 15:30era. 

Bestalde, adierazi duenez, Garbigunea ere badaukagu Bermeon Landabasoko industrialdean eta bertara altzariak eta etxetresna elektrikoak eraman daitezke, izan ere, Garbiguneak etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak dira. Garbigunearen telefonoa 946187186 da eta ordutegia astelehenetik barikura 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara eta zapatuetan 9:00etatik 13:30era. 

“Gure herria garbi eta politxo mantendu nahi badugu ezinbestekoa da zerbitzu hauek erabiltzea eta hondakinak dagozkien lekuetan uztea eta ez edozein lekutan botata; herritarren inplikazioa garrantzitsua da Bermeo garbi-garbi mantentzeko”, azpimarratu du. Azkenez, Bermeoko Bizikidetza arautegiak ere gai hau ere arautzen duela gogoratu du.

 

 

 

 

 

26 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0