Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egingo du

  • Banakako elkarrizketak egingo dira eta galdetegi bat ere prestatu da.

Bermeok matxismo eta LGTBI+ fobiarik gabeko esparru askatzailea eta bizigarria izan gura du, eta Berdintasun Sailetik pausoz pauso aurrerapausoak ematen gabiltza. Hala, Bermeoko Udalak LGTBI+ udal diagnostikoa egingo du Hiruki Larroxagaz batera. Azken hauek adituak dira LGTBI+ politiketan, politika publikoetan eta teoria feministetan. Urtea amaitu orduko diagnostikoa amaituta egotea espero da.

Bermeo LGTBI+ pertsonentzat bizigarria izateko helburuz, indarkeria matxista zein sexu aniztasunari dagozkien LGTBI+ herritarren bizipenak zein errealitate horien inguruan herrian zein eskualdean dagoen ezagutza eta sentsibilizazioaren inguruko udal diagnostikoa egingo da.

Vanessa Juez Berdintasun teknikariak azaldu du helburu nagusia dela Bermeoko LGTBI+ kolektiboaren egoera ezagutzea: “Askotan gertatzen da LGTBI+ kolektibokoek herri txikietatik alde egiten dutela herri handiagoetara edo hirietara. Modu horretara, jakin gura dugu, zer den herri handi edo hiri horietan aurkitzen dutena, horietan askatasunez bizi ahal izateko, eta guk Bermeon eskaini ahal izateko”.

Bermeon ez dago LGTBI+ pertsonen mugimendurik, eta helburu nagusia ez bada ere, diotenez, horien artean saretzea ere bada asmoa.

Diagnostikoa egiteko banakako elkarrizketak egingo dira. Izan ere, udalak LGTBI+ kolektiboko 20-35 urte bitarteko zenbait pertsona identifikatuta dauzka, eta horiekin egingo dituzte elkarrizketak. Beren eguneroko bizitzan eta esparru ezberdinetan bizi dituzten egoeren berri izan gura dute, eta Bermeon komunitate honek zer errealitate bizi duen.

Era berean, herritar guztiei zuzendutako galdetegi bat sortu da, herritarren aurreiritziak, ezagutzak, jarrerak eta jokabideak biltzeko asmoz. Galdetegiak anonimoak izango direla azaldu dute.

Galdetegia bete gura dutenek diagnostikoaren berri emateko egin diren karteletan dagoen QR kodea eskaneatuta egin dezakete; Bermeoko Udalaren webgunetik (www.bermeo.eus) sartuta ere bete ahalko da galdetegia. Era berean, galdetegiak paperean egongo dira udal eraikin batzuetan, interesa daukaten horientzat. Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, orduan eta aberatsagoa izango da emaitza. Modu horretara, herritar guztiak animatzen dituzte parte hartzera, “ez duelako denbora askorik eskatzen”.

Bi lan-ildo (elkarrizketak + galdetegiak) horiek eskuartean izanda ateratako ondorio eta proposamenekin hasiko dira gero LGBTI+ udal politikak diseinatzen.

Berdintasun Sailak helbide elektroniko bat sortu du: LGTB@bermeo.eus . Prozesuari buruzko edozein galdera egiteko erabili daiteke, eta baita ere, aurrerantzean kolektibokoek eduki ditzaketen edozein galdera egin eta zalantzak argitzeko.

“Bermeo denontzako herria izan behar dela argi daukagu, eta horretarako lan egingo dugu. Asko dira herritik alde egin dutenak herrian ez dutelako euren lekua aurkitu edo herrian ezin izan dutelako aske bizi. Horri buelta eman behar diogu, Bermeo herri segurua, askea eta denona izatea lortu behar dugulako. Gure herritarren sexilioarekin amaitzea dugu helburu. Beraz, animatu eta parte hartu herriko LGTBI+ diagnostikoan. Denon lanarekin herri hobe bat lortuko dugulako”, adierazi du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak.

22 / 03 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0