Albisteak

Albistea

Ekoturismoa bultzatzea helburu daukaten 50 plan prestatu dira Urdaibain, Aste Santura begira

Bisitarien zain, Urdaibaik kultura, natura eta hiriko ihesaldiak uztartzen dituen 50 plan  prestatu ditu Aste Santuko oporraldira begira. Beste behin ere, eskaintza bateratua prestatu da eskualde mailan, bisitariek ahal denik eta informazio gehien izateko batetik, eta, bestetik, tokiko enpresen eskaintza ezagutaraztera emateko. Urdaibaik ekoturismoa bultzatzea  du helburu, horregatik, “ahalik eta eskaintza jasangarriena” prestatu da.

Urdaibai itsasotik zein lurretik ezagutzeko planak daude aukeran. Modu horretara, itsasoko planak gura dituztenek belaontzian, katamaranean, itsasontzian… egin ditzakete irteerak portu desberdinetatik abiatuta. Era berean, itsasadarretik kanoan jaitsiera gidatua egiteko aukera ere eskaintzen da.

Beste alde batetik, basora sartuta, denbora luzez zarratuta egon ostean, Aste Santuan Kortezubiko Omako baso margotua bisitatzeko aukera ere badago. Hala eta guztiz ere, Agustin Ibarrola artistak sortutako mundu magikoa bisitatzeko asmoa daukatenek aldez aurreko erreserba egin beharko dute.

Eskualdean ibilbide gidatuak egiteko aukera zabala ere badago: Kortezubiko Santimamiñe kobazuloa, Basondo, Bermeoko Tribisburu erromatar garaiko nekropolia, Arrolako Oppiduma – Burdin Aroko herri indigena garrantzitsuenetakoa, Ereñozarreko Gaztelua, eskualdeko upeltegietan txakolin-dastaketak…

Urdaibaik txirrindularientzako helmuga turistikoa izan gura du, horregatik, bizikleten eskaintza turistikoa ere badauka planen barruan. Multiabentura gustuko dutenentzako aukera ugari ere badaude. Horiek guztiak https://turismourdaibai.com/eu/ webgunean aurki daitezke.

Eskualdeko herri handienetako turismo bulegoek ere eskaintza zabala prestatu dute Aste Santura begira. Bermeoko Udalak garraio publikoaren aldeko apustua egiten du, modu horretara, Turismo Bulegotik Gaztelugatxeko San Juanerako autobus eta gidari zerbitzuak antolatu dira. Horretarako, erreserba egitea ezinbestekoa izango da www.bizibermeo.eus webgunean. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Bakio lotzeko Bizkaibus zerbitzua martxan izango du martxoaren 23tik apirilaren 7ra, eta geldialdia egingo du Gaztelugatxeko San Juanen. Zerbitzua orduro eskainiko da, Bermeotik 10:00etatik 20:00etara, eta Bakiotik 09:30etik 19:30era.

Bestalde, zerbitzu hobeagoa eskaintzeko asmoz, Aste Santuan indarrean sartuko da autokarabanen guneko kudeaketa sistema. Gunea erabili gura dutenek, erreserba egin beharko dute www.bizibermeo.eus eta www.bermeo.eus webguneen bitartez. Bermeoko Udalaren eskaintza guztia www.bizibermeo.eus webgunean dago eskuragarri.

Mundakak, bere aldetik, ezker olatua baino gehiago eskaintzen du. Hala, Aste Santura begira, mota guztietako bisitariei prestatutako eskaintza prestatu du, familia edo lagunekin egitekoak edota kirol munduari lotutakoak. Hala eta guztiz ere, Mundakako eskaintza guztia www.mundakaturismo.com webgunean kontsultatu daiteke.

Gernika-Lumok ere asko dauka erakusteko, horien erakusgarri dira Euskal Herriko sinboloa den Gernikako Arbola eta Euskal Herria Museoa, besteak beste. Era berean, bisitariek Gernikako bonbardaketarekin lotutako eskaintza zabala ere izango duten aukeran, eta 11 panelez osatutako Memoriaren ibilbidea egin daiteke, baita ere babesleku antiaereoak bisitatzeko.

Hori guztia hobeto ezagutzeko, gura dutenek eskura daukate audiogida zerbitzua ere. Eta familiarekin bertaratuz gero, Marco Topo umeei zuzendutako jolasa ere aukeratu daiteke.

Gernika-Lumon erreferentziazkoa dute astelehenetako merkatua, eta Pazko astelehenean merkatuak ez du hutsik egingo; hortaz, bertoko eta sasoiko produktuak egongo dira bertaratutakoen eskura. Gernika-Lumoko eskaintza guztia www.gernikainfo.eus webgunean aurkitu daiteke.

Mota guztietako aukerak eskaintzen ditu Urdaibai eskualdeak, planak daude nonahi, adin eta gustu guztietarako. 50 plan daukazue eskura, eta denak bilduta daude https://turismourdaibai.com/ webgunean. Ekoturismo zalea bazara, etorri Urdaibai ezagutzera.

21 / 03 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0