Albisteak

Albistea

80 ekintza baino gehiago AndraMariak ospatzeko Bermeon

  • Irailaren 7tik 16ra Bermeon hainbat jarduera izango dira, besteak beste: kontzertuak, Almikako koadrilen bajadie, su artifizialak, herri kirolak, musika play-backean, esku pilota partidak...
  • Parte hartze prozesu bat jarri da abian, alkatearekin batera jaietako pregoia nork emango duen erabakitzeko. Horretarako hiru aukera planteatzen dira: Bermeoko Txosnen Batzordearen alde bozkatzea, San Frantzisko Ikastetxe Publikoaren alde bozkatzea edo Bermeoko Babes Zibilaren alde bozkatzea. Bozketa abuztuaren 14ra arte egongo da zabalik https://tinyurl.com/53euuecr Internet bidez edota Kultura Etxean
  • Gainera, irailaren 7an, 9an, 15ean eta 16an, Udaleko Berdintasun Sailak informazio-puntu more bat jarriko du Lamera inguruan, eta Bermibus/Gautxori zerbitzua eskainiko du 30 minutuero, eskariaren araberako geldialdi malguak egiteko aukerarekin

Bermeon, 2023ko abuztuaren 10ean.- Lehen mailako kontzertuak, koadrilen bajadie Almikatik, su artifizialak, herri kirolak, play-back lehiaketa erraldoia, esku pilota partidak... Hori eta beste hainbat jarduera antolatu dira bermeotarrek eta bisitariek 2023.ko irailaren 7tik 16ra ospatuko diren Andra Mari eta Santa Eufemia jai herrikoietan goza dezaten.

"Gustu eta adin guztiei zuzendutako programa zabala, 80 jarduera baino gehiagorekin". Horrela laburbildu du Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak aurtengo programa gaur goizean Lameran Arantza Ormaza Tarantino berdintasun zinegotziarekin eta Jai Batzordeko kideekin batera egindako prentsaurrekoan. "Jaiei hasiera emateko eta primeran pasatzeko gogo handia dugu, betiere elkarrenganako errespetua izanik. Era berean, Jai Batzordeari, herriko elkarteei eta Udaleko langileei eskerrak eman nahi dizkiet egindako lan handiagatik. Zuek gabe horrelakorik ez litzateke posible izango", gaineratu du.

Jaiaurrea Ofizialki jaiak irailaren 7an hasten badira ere, aurreko egunetan ere ekintzak izango dira. Aipatzekoak dira, besteak beste, IX. Salome Campos igeriketa trabesia portuan (irailak 2), Asier Romero Andonegiren "Itsosupeteko ondarea: Bermeori buruzko pilula historiko-etnografikoak" liburuaren aurkezpena (irailak 5) eta Itsas Eguna espigoian egingo diren kukaña, paddle surfa, lehiaketak... (irailaren 6an).

Jarduera-programa Jaiak irailaren 7an hasiko dira Goiko Plazan Xixiliren aurkezpenarekin eta Nadia Nemeh Shomaly alkatearen eta Udalak martxan jarritako prozesu parte-hartzailearen bidez aukeratutako talde, elkarte edo pertsonaren pregoiarekin. "Lehen aldiz, bozketa antolatu dugu bermeotarrei aukera emateko alkateari balkoian egun handi honetan nork lagunduko dion aukeratzeko. Herritarren aldetik hainbat proposamen jaso ondoren, Bermeoko Txosna Batzordea, Bermeoko San Frantzisko Ikastetxe Publikoa eta Babes Zibila aukeratu dira finalistatzat. Bozketak datorren 2023ko abuztuaren 14ra arte egongo dira zabalik, beraz, bermeotar guztiak animatu nahi ditugu Internet bidez, https://tinyurl.com/53euuecr, edota Kultur Etxeko harreran dagoen kutxan botoa ematera eta irabazlea aukeratzera" azaldu du Kultura zinegotziak. Hala ere, hori baino lehen, Almikatik bajadie egingo da eta txosnak irekiko dira. Pregoiaren ondoren, “Akerbeltz” musika taldearen txanda izango da.

Ohitura den bezala, hurrengo egunean, irailaren 8an, jai nagusia, Andra Mari Eguna ospatuko da. Udalbatza Talan "Alkate soinua" entzuteko elkartzen denean hasiko da eta, ondoren, Goiko Plazara abiatuko da “Bermeoko Erraldoien Konpartsa”rekin, “Aiarako Musika Banda”rekin, “Alkartasuna Dantza Taldea”rekin eta “Kankinkabara Txistu Taldea”rekin batera. Arratsaldean, esku pilota, “Demode Quartet” ikuskizuna, suzko zezena egongo da eta gauean su artifizialak izango ditugu ikusgai. Eguna amaitzeko, “Tributabba” eta “Etxekalte” taldeen kontzertuak izango dira.

Asteburuarekin jarraitzeko, irailaren 9an, larunbata, Arrantzaleen Eguna ospatuko dugu. Goizean, kalejira, lore-eskaintza eta aurreskua izango ditugu, Mira Mary ontzia erreskatatzen

lagundu zuten pertsonei, txapapotea jasotzen aritu ziren arrantzaleei eta Gurutze Gorriari omenaldia eginez. Eguerditik aurrera, “El Despiste”, “Patxaranga” eta “Incansables” fanfarreekin, “Trikileku trikitilari”ekin eta arratsaldean “Trio Veracruz”en kontzertuarekin eta “Lehian” taldearen erromeriarekin gozatu ahal izango dugu.

Eta asteburuari agur esateko, hamaika jarduera. Horrela, irailaren 10ean, Begoñako Ama Birjinari omenaldia Gaztelugatxen, erraldoi txiki eta ertainen topaketa, kontzertua, herri kirolak, bingo musikatua eta bertsoak.

Astelehenean, irailak 11, barrakek prezio murriztua izango dute eta hainbat tailer izango dira txosnetan. Eta iluntzean, herritarrek gehien espero duten ekitaldietako bat: Bermeoko play back lehiaketa Lameran. Haurren saioan 6 eta 14 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute, eta nagusien saioan, berriz, 15 urtetik gorakoek. Nahitaezkoa izango da irailaren 1etik 7ra Kultur Etxean izena ematea.

Hurrengo egunean, irailaren 12an, gymkana, pilota txapelketa Artzako frontoian, familia antzerkia, txokolatada eta bakarrizketa izango ditugu.

Ostegunean, irailak 13, barrakak merkeagoak izango dira eta erretiratuek Almikara irteera bat izango dute, bazkaria eta kontzertuak barne. Haurrentzat, puzgarrien haur-parkea eta kultura senegaldarra maite dutenentzat, hainbat jarduera kultural.

Jaien erdialdea igaro ondoren, irailaren 14an, osteguna, bermeotarrek tortilla onena irabazteko, eskalatzeko edota “Drew” taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute. Txikienentzat, haurrentzako antzerkia egongo da.

Jaietako azken asteburua ekitaldiz beteta dator. Irailaren 15ean, mozorro eguna txosnetan, herri bazkaria, Erretenen taldearen musika, urteroko danborrada Aiara Musika Bandarekin, karaoke ibiltaria eta pilota partidua. Musika, aldiz, “Sua” eta “Esne Beltza” eta “Desi eta Presi DJ”aren eskutik.

Amaitzeko, eta jada ohitura den bezala, irailaren 16an Santa Eufemia eguna ospatuko dugu. Urtero bezala, baserri azoka bat eta txapelketa batzuk antolatuko dira. Horien artean, VII. Bizkaiko Euskal Oiloa Txapelketa. Tradizioari jarraituz, Udalbatza Goiko Plazatik Santa Eufemia elizara joango da. Ohi bezala, hau ere omenaldi eguna da. Aurten, Karmen Zulaika “Gaztelutarrak” taldeko jai antolatzailea eta baserritar bat omenduko dituzte Santa Eufemia plazan. Santa Eufemia eguneko arratsaldean, XXXIX. Bermeo Uria Ikurriña Estropada egingo da eta Erriberan ere dantzaldiak izango dira, “Aiarako musika banda”rekin eta “Addar” taldearen kontzertuarekin. Gauean dolu martxa egingo da eta Xixili erre egingo da, azken agurraren ondoren. Su artifizialen ostean, “UT” eta “Zirkinik ez” taldeen emanaldiak agurtuko ditu jaiak.

Bermeo erasoen kontra

Bermeoko Udaleko Berdintasun sailetik, Andramari eta Santa Eufemia jaietarako segurtasuna bermatzeko zerbitzu desberdinak antolatu dira. Alde batetik, informazio Puntu Morea egongo da, irailaren 7, 9,15 eta 16an 24:00-05:00etara Lameran. Bertan profesional bi egongo dira erasoei buruzko herritarren zalantzak argitzeko, esku hartzeak egiteko eta edonolako laguntza eskaintzeko.

Beste alde batetik, Bermibus Gautxori zerbitzua eskainiko da irailaren 7, 8 , 9, 15 eta 16an, 30 minutuero (24:00etatik 05:00etara). Bermibusak ibilbide zehatz bat izango du, baina geltoki malguak eskaintzeko aukera egongo da eta herritarren bat bakarrik joanez gero etxera hurbiltzeko aukera egongo da, adibidez Artikera, San Andreseko parkinera, Almike errepidea… Ibilbide eta geltokiak honako hauek izango dira: Artzako errotonda, Adubidxe, San Migel, Ondarruburu kalea, Zokoa taberna, Askatasun bidea, Ibarreta kalea, Kresala taberna, Bizkaiko Jaurerria, Sanjuanportale, Tala, Aritzatxu bidea, Bizkaiburu kalea, Udal azoka eta Txibitxiaga kalea.

Honez gain, “herritar guztiei konpromisoa eskatzera nator. Konpromisoa eraso guztien aurrean jarrera aproposa erakusteko. Konpromisoa, denok errespetuz tratatzeko, konpromisoa norbait laguntza eske ikustean, laguntza emanez. Herri seguru eta aske baten alde denak egin behar dugulako lan. Argi daukagu Bermeon ez inon, ez dugula erasotzailerik nahi” adierazi du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak.

Trafikoa: aldaketak eta murrizketak

Trafikoari dagokionez, irailaren 1etik 19ra Lamerako sarrera itxita egongo da. Zama lanak egiteko, Lamerako eta portuko auzokideentzako eta ekitaldietan parte hartuko duten ibilgailu baimenduentzako baimenduko da soilik sarrera. Gainera, Irailaren 16ko estropada egunerako, 8:00etatik aurrera Lamerako sarrera guztiz debekatuta egongo da.

Zeharbideari dagokionez, trafikoa itxita egongo da eta saihesbidetik desbideratuta hurrengo egunetan:

- 7an Txupinazo egunean(arratsaldetik aurrera)

- 8an Andra Mari egunean

- 9an Arrantzale egunean

- 10 eta 11an (asteburua)

- 16an Santa Eufemia egunean eta estropadak

- 17an Estropadak

10 / 08 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0