Albisteak

Albistea

Bermeok betiko Musika Astea ospatuko du 2023.eko abuztuaren 1etik 4ra Santa Maria elizan eta Kafe Antzokian eskainiko diren doako lau kontzerturen bitartez

·         Olcairum Ensemble, Hiru Damatxo, Sugaar Ensemble eta Kuttune arituko dira

Bermeon, 2023ko uztailaren 28an-. Aurten ere musikazaleek ezinbesteko hitzordua izango dute: XXXVIII. edizioa beteko duen Bermeoko Musika Astea, hain zuzen ere. Okasiorako,  Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Oizmendi telebistaren laguntzarekin, abuztuaren 1etik 4ra bitartean Santa Maria elizan (abuztuaren 1, 2 eta 3an) eta Kafe Antzokian (abuztuaren 4an) 20:00etan egingo diren doako lau kontzertu antolatu ditu. Ganbera musika, folka, euskal doinuak... musika onenaz erabat doan eta inolako erreserbarik gabe gozatzeko errepertorio zabala (sarrera librea izango da edukiera bete arte).

Abuztuaren 1ean, asteartea, Olcairum Ensemblek Musika Asteari hasiera emango dio Santa Maria elizan. Kontrabaxudun soka boskotea hau. Iruñeko taldea da, Nafarroako Orkestra sinfonikoaren baitan sortutakoa. Taldekideek ganbera-musikarekiko oso zaletuak dira, eta zaletasun horri esker heldu izan dira ensemble formazio paregabe hau osatzera, ganbera-errepertorio ez ohikoagoa interpretatzeko, non kontrabaxuari esker, orkestra baten bost hari-atalak irudikatzen diren. Olcairum Ensemble taldearen programa “Herrimin Soinuak” deitzen da, eta kasu guztietan, lan originalak izango dira, kontrabaxudun soka boskotearenak.

Hurrengo hitzordua abuztuaren 2an izango da, asteazkena, Santa Maria Elizan. Oraingoan, Hiru Damatxoren txanda izango da pianoz, harpaz eta ahotsez osatutako hirukotea. Gure folklorean, gure musika-tradizioan eta gure aitona-amonek kantatzen zizkiguten abestietan oinarritutako programa eskaintzen dute. Horregatik, gure artean oso errotuta dauden lanak hartu izan dituzte kontuan, baina baita hain ezagunak ez diren doinu eta poemei buruzko harmonizazioak ere. Proiektu honen bidez, besteak beste, gure kultura, bizimodua eta izaera laburbildu nahi dituzte. Horretarako, Zortziko erritmoko obrak egongo dira, gure dantzetan irudikatzen gaituen erritmoa, baina sehaska kantuen gozotasuna ere erakutsiko dute giro intimoa sortuz.

Ostegunean, abuztuak 3, Sugaar Ensemblek publikoa gozaraziko du Euskadiren sustraiak islatzeko modu berri batekin. Taldea bere kideen arteko adiskidetasunetik sortu da, denak Euskal Herrian finkatuak. Bost kideek dute musikarekiko maitasuna komunean, batez ere ganbera musikarekiko maitasuna. Musikaren arloan zeregin desberdinak dituzten arren, beren denboraren zati bat talde gisa lan egiteko erabiltzen dute. Musika elkarrekin egiteko ilusioa da taldearen eragile nagusia, baita hainbat girotan jardutea ere, betiere lana arduraz eta energiaz egiteko.

Azkenik, ostiralean, abuztuak 4, Kuttunek Musika Astea agurtuko du, oraingo honetan Kafe Antzokian. Kuttune bederatzi musikarik osatutako eta susperraldian dagoen folk taldea da, Nerea Quincoces Ochoa perkusionistak eta abeslariak zuzenduta. Euskal folklorean oinarritutako eta alboko kulturekin, zein munduko musikekin fusionatutako konposizioak dakartzate euren errepertorioan. Taldearen soinu ezaugarriak artxibo, kantutegi eta grabazioen inguruan egindako ikerketa sakonean sustatuta daude. Taldearen musikak antzinako eta oraingo soinuak uztartzea dauka helburu nagusi, eta tinbrea eta testura berriak bilatzen dituzte etengabe.

01 / 08 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0