Albisteak

Albistea

Bermeok "Madalen Eguna" itsas jaia ospatzen du eta urtero bezala Izaro uhartea berea dela berresten du

●       Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk itsasora bota du gaur Izaro uhartea Bermeorena dela adierazten duen teila

●       Eguna 10:45etan hasi da, Udalbatza Goiko Plazan bildu denean "alkate soinua" doinua entzuteko, eta 20:00ak aldera amaituko da, udaletxearen aurrean dantzaldia hasteko toki berera itzultzen direnean

●       20:00etatik 24:00etara, portu zaharrean gune more bat jarriko da, eta bertan aholkularitza eta laguntza eskainiko da eraso sexistaren bat gertatuz gero

(Bermeon, 2023ko uztailaren 22an) - "Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak". Horiek izan dira Nadia Nemeh Shomaly alkateak teila Izaro uhartearen ipar-ekialdera itsasora bota aurretik esan dituen hitzak. Hauxe Madalen Eguneko ekitaldi sinboliko eta tradizionala da, eta Bermeoko mugak berresteko balio du. "Oso une berezia eta hunkigarria izan da. Nire lehen aldia izan da teila hau botatzen. Orain arte beste aldetik ikusi dut eta asko gozatu dut, baina oraingoan benetan hunkigarria izan da, ezin dut hitzez azaldu gaur sentitu dudana "adierazi du alkateak. "Madalen Eguna oso egun berezia da bermeotarrentzat, horregatik, bertaratu diren guztioi egun honen inguruan sortzen den jai-giroaz goza dezaten eta primeran pasa dezaten gonbidatzen ditugu", gaineratu du.

Urtero bezala, Bermeoko Udalak gonbidatutako hainbat erakundetako ordezkariak ikusi ahal izan ditugu segizio ofizialarekin batera. Horrela, parte hartu dute, besteak beste, Mertxe Aizpurua Arzallus, Gorte Nagusietako Diputatua; Iker Casanova Alonso, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko Diputatua; Idurre Bideguren Gabantxo, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko Diputatua; Jasone Agirre Garitaonandia, EH Bilduko Legebiltzarkidea; Jon Iñarritu García, EH Bilduko Diputatua Gorte Nagusietan; Josu Erkoreka Gervasio, Eusko Jaurlaritzako lehen Lehendakariorde eta Segurtasun sailburua; Andoni Ortuzar Arruabarrena, EAJ-PNVko Presidentea, eta Elixabete Etxanobe Landajuela, Bizkaiko Diputatu Nagusia.

Teilari dagokionez, aurten beste teila zahar batzuen zatiekin egin da. Izan ere, herri-lanetako udal-langileek, Hilario Aurtenetxe Mentxaka bermeotar eta udal liburutegiko langile erretiratuarekin lankidetzan, Izaro uharteko fraide frantziskotarren komentu zaharreko 600 urte baino gehiagoko teila hautsiak bildu zituzten. Artisau-prozedura bati esker, teila hautsiak hartu dituzte, euskal baserrien antzeko teila arabiko, kurbatu eta gorri berri bat sortu arte. Bermeotarrok badakigu zati txikiak erabilita gauza handiak egiten: esaterako, gaur Izaro ondora jaurti dudan teila, Euskal Herriko leku gehienetan ikusi ahal izan den teila. Tradizioz, Madalen egunean jaurtitzen den teila, buztina kolorekoa izaten da eta gaurkoak hainbat kolore gorriren ñabardurak ditu. Guk Bermeon kolore gehienak gura ditugu, geure teila gorriarenaz gain: sexu aniztasunaren koloreak, geure herriaren parte izatea erabakitzen dutenen azalaren koloreak, feminismoaren kolore morea, ekologismoaren kolore berdea, euskaldun izaeraren kolore distiratsu guztiak eta zelan ez, gure itsasoaren eta itsas langile guztien urdin mahoi kolorea” adierazi du hunkituta Nadia Nemeh Shomaly alkateak.

<u>Madalen Eguneko egitaraua</u>

Eguna 10:45ean hasi da. Udalbatza Goiko Plazan bildu da ordu horretan "alkate soinua" doinua entzuteko. Ondoren, 11:00etan, alkateak eta udal zinegotziek geldialdia egin dute Bermeoko Santa Eufemia elizan, eta bertan izan dira meza nagusian parte hartu dutenak. Meza amaitu eta udalbatza osatu ondoren, segizioak porturako bidea hartu du kalejiran, Kankinkabara txistu taldearekin. Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa jo dute. 12:00ak aldera itsasoratu ondoren, eta Izaro uhartearen ipar-ekialdean zeudela, Bermeoko Udalak herriko bandera eta ikurrina altxatu ditu, eta Nadia Nemeh Shomaly alkateak, ohi bezala, teila bota du "honaino heltzen dira Bermeoko ituginak" esaldia ozenki ahoskatuz eta Bermeoko mugak berretsiz.

Teila bota ondoren, geldialdia egin dute Elantxoben. Patxi Egurrola Goiogana alkateak aginte-makila eman dio Bermeoko alkateari, egun horretan Elantxobeko agintea Bermeoko alkatearena dela adieraziz. Bazkaldu ondoren, Mundakarako bidea hartuko dute, eta herriko alkate Sorne Rubio Aranok ongietorria egingo die. Bertan, Mundakako alkateak aginte-makila emango dio Bermeokoari. Udalbatza Goiko Plazara itzuliko da 20:00ak aldera, eta bertan ikurrina eta herriko bandera altxatu eta dantzaldi herrikoian parte hartuko dute.

<u>Eraso sexisten aurka eta Bermeo garbi baten alde</u>

Aurten, Bermeoko Udalak bereziki azpimarratu nahi izan ditu gobernu-taldea gehien kezkatzen duten gaietako bi: eraso sexistak eta hiri-garbiketa.

28 / 07 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0