Albisteak

Albistea

Irekita Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko epea

-Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30a izango da eta irabazleak 600 euro jasoko ditu

Bermeon, 2023ko apirilaren 20an.- Beste urte batez, eta jada ohikoa den moduan, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela bilatzeko lehiaketa abiarazi da. Interesdunek ekainaren 30era arte izango dute euren proposamenak aurkezteko, 14:00ak baino lehen Gizarte eta Kultura Etxean. Aurkeztutako lanetatik Bermeoko jaietako kartel iragarlea eta egitarauaren azala aukeratuko dira eta irabazleak 600 euro jasoko ditu. 

Gaia urterokoa izango da, “Bermeoko jaiak” eta kartela Bermeoko jaietako adierazle izan behar da. Horretarako honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak, ekologistak… Derrigorrez, 50 x 70 cm-ko neurrikoa izan behar da, nahi den beste kolore eta edozein teknika erabiliz. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu daiteke edo euskarri informatikoan (CD edo pendrive batean), hiru digitalizaziorekin: lehenengoa 200 kb-ko JPGa, bigarrena Mb1-eko JPGa eta PDF bat, bereizmen handikoa, inprimatzeko azken tamainan.

Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira, izenburuarekin eta egilearen sinadurarik gabe. Izenburu bera daraman gutun-azal itxi baten, egilearen datuak adieraziko dira eta egileak agiri bat beteko du lana aurkeztu duela egiaztatzeko. Era berean, idazki bat entregatu ahal izango da aurkeztutako lanaren azalpenarekin eta aukeratutako titulua erabilita. Idatzi hori anonimoa eta guztiz borondatezkoa izango da.

Kartel irabazlearen aukeraketa

Bermeoko jai batzordeko kideek eta Barrueta arte elkarteko kideek osaturiko epaimahaiak aurkeztutako kartel guztiak ikusiko ditu eta lan onenen artean finalistak aukeratuko ditu. Epaimahaiak, besteak beste, honakoak baloratuko ditu: proposamenen originaltasuna, diseinua, kalitatea eta estetika, eta, oro har, herriko jaietan parte-hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren alderdiak. Azkenik, herritarrek, finalisten artean kartel irabazlea bozkatu ahal izango dute uztailaren 10etik 14ra arte. Pertsona bakoitzak aurrez aurreko boto bakarra eman ahal izango du Kultur Etxean jarriko den ontzian, edo Internet bidez. Aurrez aurreko botoek %70eko balio izango dute eta Internet bidezkoek %30ekoa. Lan irabazlea uztailaren 17an jakinaraziko da.

Argibide gehiago Bermeoko Udaleko Kultura Sailean (Irakaskintza kalea, 14 -16; 94 617 91 57; jaibatzordea@bermeo.eus / www.bermeo.eus).

20 / 04 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0