Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak hil ondoko Urrezko Domina entregatu dio Iñaki Latxagari

Bere alargunak, Isabel Uriak, jaso du bereizgarri hori Aritz Abaroa Bermeoko alkatearen eskutik, enpresari bermeotarrak arrantza-industriari eta Bermeoko udalerriari egindako ekarpena aitortzeko

• “Ez dago zalantzarik Iñakik beti eraman duela Bermeo bere bihotzean, eta horregatik, bere ibilbide profesional eta pertsonalean, ezin hobeto irudikatu du bermeotarren eta Bermeoren izaera eta izena” baieztatu du
Abaroak

Bermeon, 2023ko martxoaren 24an.- Bermeoko Udalak gaur eguerdian bertan ospatu du Udaletxean Iñaki Latxagari hil osteko Urrezko Domina emateko ekitaldia. Latxaga, Europako atunontzi handienaren sortzailea izan zen eta abenduan hil zen, 84 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Bere alargunak, Isabel Uriak, jaso du bereizgarri hau Aritz Abaroa Bermeoko alkatearen eskutik, Iñaki Latxaga enpresari bermeotarrak arrantza-industriari eta Bermeoko udalerriari egindako ekarpena aitortzeko.

Aritz Abaroa alkateak eman dio hasiera ekitaldiari, eta Iñakiren bizitzako zenbait alderdi eta une garrantzitsu gogoratu ditu, balio pertsonalen garapenean ezinbestekoak diren eta kasu honetan ere, udalerriaren garapen sozial eta ekonomikoan eragin zuzena izan duten hiru kontzeptu azpimarratuz: sustraiak, erronkak eta konpromisoa. Alkatearen hitzen ondoren, Latxagaren bizitza profesionalean hainbat arrazoirengatik funtsezkoak izan diren pertsonak protagonista dituen bideo bat proiektatu da. Ikus-entzunezko piezan zehar, hainbat bermeotarrek Latxagak bakarka zein taldeka (klubak eta erakundeak) eman zien laguntza eskertu eta balioetsi egin dute. Bideo hunkigarri honen ostean, enpresari bermeotarraren emazteak, Isabel Uriak, alkatearen eskutik Urrezko Domina jaso du, eta alabak, Luisa Latxagak, taldeko egungo presidenteak, esker ona agertu ostean, hitz batzuk eskaini dizkio bere aitari.

Iñaki Latxaga gure inguru honetan enpleguari eusteaz gain, arrantza-teknikak eta ontziko baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin zuen ameslaria izan zen. “Ez dago zalantzarik Iñakik beti eraman izan duela Bermeo bere bihotzean, eta horregatik, bere ibilbide profesional eta pertsonalean, ezin hobeto irudikatu izan du bermeotarren eta Bermeoren izaera eta izena. Enpresa kontuez aparte, beti izan du konpromiso handia herriko hainbat kultur, aisialdi eta kirol taldeekin, izan ere, laguntzeko prest zegoen beti” adierazi du Aritz Abaroa alkateak. Baina ez hori bakarrik, enpresaren garapenarekin batera lan-aukerak eskaini dizkieten familia bermeotarren zerrenda ez da laburra, eta hori ere kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsua da.

“Iñakik bere ibilbidea gazte-gazte hasi zuen itsasoan eta bere gaitasunari, esfortzuari eta lanari esker, ibilbide oparoa egin zuen Bermeotik mundu zabaleraino.  Iñaki ekintzailea izan zen; bere sustraietan zeuden arrantza eta itsasoa oinarritzat hartuz, garapenerako apustua egin zuen herriko beste lagun batzuekin batera. Ibilbide horretan, ordea, hasten eta mundu osora hedatzen zihoan heinean, sekula ez zituen bere sustraiak, bere herria eta bere herritarrak ahaztu. Oinak lurrean, Bermeoko lurrean zituela hartzen zituen erabakiak. Eredugarria izan da, argi eta garbi dago, beraz, domina hau merezitako errekonozimendua dela. Horregatik, Bermeoko Udalak gure omenaldirik zintzoena egin nahi izan dio bere familiari ibilbide horren aitortzarako Urrezko Domina hau emanez” bukatu du Abaroak.

Latxaga, funtsezko figura euskal arrantzaren sektorean

Bermeotarra izanik, Iñaki Latxaga euskal enpresaria atunontzi guztien inspiratzaile izan da. Ontzigintzako makinista nagusia lanbidez, gogor lan egin zuen Europako armadorerik handiena izateko ametsa lortu arte. Horrela, 1974an Albacora enpresa sortu zuen, gaur egun Indiar Ozeanoan, Ozeano Barean eta Atlantikoan arrantzan egiten duten 18 ontziko flota duena. Ekintzaile handi hori Organización de Productores Asociados de Grandes Atuneros Congeladores Erakundearen (Opagac) sortzailea ere izan zen. Halaber, 1990ean, A Pobra do Caramiñalen (A Coruña), Posorjan (Ekuador) eta Bermeon lantegiak dituen harrapaketak eraldatzeko Sálica enpresa erosi zuen.

Urrezko domina

Bermeoko Urrezko domina herriko bereizgarri handienetakoa da, horrela jasotzen da udaleko ohoretarako eta handigarrietako araudian. Izan ere, Bermeoko herria eta baita gizartea orokorrean goratzeko eta handitzeko, kultur, kirol, zientzia, arte, gizarte, ekonomia zein beste edozein arlotan izandako meritu bereziak, zerbitzu nabariak, lan baliagarriak edota beste edozelako ekarpen saritzeko Udalak eman dezakeen  ohore eta goraipamenerako ikurretako bat da, hain zuzen ere. Bereizgarri hau 1980. urtean Joxe Migel Barandiaraneri eman zitzaion eta  43 urte beranduago, oraingoan eta lehenengoz, bermeotar bati eman zaio

24 / 03 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0