Albisteak

Albistea

Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira uztailaren 21ean eta 22an

Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira aurten ere uztailaren 21ean eta 22an eta Izaro protagonista duen jai honetan herrikoak zein kanpotik datozenak “Bermeoko tradizioarekin eta festarekin disfrutatzeko aukera izanik”, Bermeoko Udalak adierazi duenez. Horrela, uztailaren 22an, Bermeoko Udalak, antzinatik egin ohi duenez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Horretarako, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, teila botako du honakoa esanez: ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak‘. 

Bermeoko Udalak  bosgarren urtez Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko 16 plaza zozkatuko ditu herritarren artean. “Ekimen honek harrera oso ona izan du herritarren artean”, azaldu du. 

Madalen jaiak Madalen Bezperan, martitzenean, uztailaren 21ean, hasiko dira egun horretan Baztarre kaleko jaiak ospatuko baitira, Baztarre kaleko jai batzordeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatutakoak. Festa goizeko 10:00etan hasiko da txupinazoarekin eta gosariarekin, txokolate eta bizkotxoekin, hain zuzen be. Ondoren umeen txanda izango da, eurentzako jokoak egongo baitira eta Txoborro magoaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute.  

Arratsaldeko 18:00etan berriro txupinazoa, argazkien erakusketa eta luntxa izango dira, Kankinkabara txistulari taldearekin giroa alaitzen. Ondoren, 18:30ean Doniene Otxotie izango da entzungai, 20:00etan musika pintxadea ‘Imanol’ekin eta jaiak aurrera jarraituko du gaueko 22:00etan Bermeoko rock taldeen kontzertuarekin. 

Horrez gain, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako IX. Madalen bezperako bazkaria izango da Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartu nahi dutenentzat izena ematea Lezamiz botikan izango da. Bermeotarrak fanfarreak herriko kaleak alaituko ditu arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarabanda tabernan ere kontzertu bat egongo da.

Madalen Eguna

Madalen egunari dagokionez, goizean kalejira egongo da Kankinkabara txistu taldearekin. 10:45ean Udalbatza  Kultur etxean batuko da, Santa Eufemia elizara 11:00etako meza nagusira joateko. Meza ostean, txistulariak lagunduta, udalbatzak itsasontzietaraino ibilaldia egingo du portutik eta 12:00etan itsas jaia hasiko da. Ontziratze eta lehorreratzea Izotz fabrikaren parean izango  da.  

Ondoren, Bermeoko Udalak, Bermeoko eta ikurrinaren jasoera egingo du Izaro uhartean eta alkateak, ohikoa den legez, teilaren jaurtiketa egingo du Bermeoren mugak berretsiz. Aurten Bermeoko Santa Eufemia zin elizako teila bat izango da jaurtiko dena. Eliza hau portuan dago. Bizkaiko jaurerrian, XV. bigarren erdialdean egiten zen gotiko barruan sartzen da, nahiz eta XVIII. mende erdian eraberritze handia jasan zuen bere kanpo aldeak. Azken birgaitzea 2005. urtean izan zen.  

Eguerdiko ordu biak inguruan Elantxobera helduko da eta ohorezko aurreskua egingo zaie Bermeoko, Elantxobeko eta Mundakako alkateei herriko plazan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik.  18:00etan Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta arratsaldeko 19:30ean inguru helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza Taraskara abiatuko da Bermeotarrak fanfarrearekin. Banderak igo eta gero, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira.  

Lameran egun guztian zehar musika jarriko dute hainbat tabernek eta arratsaldeko 20:00etatik aurrera Portuan, Portuko Sorgiñe elkarteak antolatuta, musikarekin disfrutatzeko aukera egongo da.  

Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du Bermeoko Udalak. “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu eta pertsona guztiak jaian parte hartzera eta edertasun paregabea duen Urdaibai gure ingurua bisitatzera gonbidatu nahi ditugu”, azpimarratu du Bermeoko Udalak.

15 / 07 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0