Albisteak

Albistea

Umeentzako animazioa, 80´s party, batukada, txapelketak, kalejirak eta dantzaldiak Aratusteetan Bermeon

Laster Aratusteak izango dira eta gure herria berriro ere kolorez eta mozorroz beteko da jai hauek ospatzeko. Aurten Aratusteetako ekimenak otsailaren 13an, barikuan, hasiko dira Bermeon eta otsailaren 21era, zapatura arte jarduera ezberdinak izango ditugu. Umeentzako animazioa, 80’s Party, batukada, tabernen mozorro txapelketa, tostada txapelketa, kalejirak eta dantzaldiak, besteak beste, izango ditugu egun hauetan.  

“Guztiok, txikiak zein nagusiak, izango dugu Aratusteetan gozatzeko aukera”, adierazi dute Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak eta Bermeoko Jai Batzordeko kideek. Izan ere, Astuik eta Jai Batzordeko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur Bermeon Aratusteen egitarau zabala aurkezteko.  

Aratusteetako egitarauari dagokionez, otsailaren 13an, barikuan, hasiko da. Egun horretan, Bermeoko Kafe Antzokian arratsaldeko 18:30ean umeentzako animazio musikala egongo da, izan ere, Begira Teatro Antzerkiak ‘Kosmolariak. Espazioko piratak’ ikuskizuna eskainiko du. Sarrera lau eurokoa izango da eta salgai dago Gizarte eta Kultura etxean, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta wwww.kutxabank.es web gunean. “Ikuskizun honetara umeei mozorrotuta etortzeko deia egiten diegu”, azpimarratu du Astuik.  

Otsailaren 14an, zapatuan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Portuan giro oso ona egongo da musikarekin, Portuko Sorgiñe elkarteak San Balendin jaia antolatu baitu.  

Ogizko eta ahiezko modalitateen tostada txapelketa egingo da otsailaren 15ean, domekan, Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta. Tostadak eguerdiko 12:30etik 13:00era aurkeztuko dira Kabidxen eta sari banaketa hemen egingo da  eguerdiko 13:30ean. “Animatu eta parte hartu”, deia egin dute.  

Domekan ere nagusien mozorro dantzaldia egongo da Bermeoko Kafe Antzokian arratsaldeko 18:00etatik gaueko 21:00etara, Trio Marfilen eskutik. Goitik behera mozorrotuta doazen 65 urtetik gorako nagusiei tostadak eta kafea emango zaizkie, agortu arte.  

Otsailak 17, martitzena 

Otsailaren 17an, martitzenean, urtero bezala, herriko hiru ikastetxetako umeek mozorrotuta kalejirak egingo dituzte goizeko 11:00etatik aurrera Bermeoko kaleetan zehar, herrian giro polita eta koloretsua sortuz.  

Martitzenean Tabernen XIV. Mozorro Txapelketa ere egingo da eta goiz horretan erabakiko du epaimahaiak irabazleak nortzuk diren. Eguerdiko 13:30etik aurrera Batukada Brincadeirak herriko kaleak girotuko ditu bere soinuekin. “Arratsaldean, denok izango dugu kantsa arte dantza egiteko aukera 16:30etik 20:30era Lameran egongo den FM dantzaldian”, azaldu du Kultura zinegotziak. Horrez gain, Akelarre tabernak keimada egingo du arratsaldeko 20:00etan. 

Aingeru Astuik azaldu duenez, otsailaren 21ean, zapatuan, Aratusteak ospatzen jarraituko dugu eta hainbat ekimen izango ditugu. Horrela, egun horretan Bermeoko kaleetan Lantzeko inauterietan parte hartzeko aukera izango dugu. Alkartasuna dantza taldeak eta Bermeotarrak fanfarreak antolatutako ekimen hau eguerdiko 12:30etatik aurrera egingo da herriko kaleetan zehar.  

Zapatuan ere Bermeoko Arrantzaleen museoan familiei zuzendutako tailer bat eskainiko da, ‘Aratusteak: Bale kapela’ tailerra, hain zuzen be. Ekimen honetan lau urtetik gorako umeak gurasoekin parte hartu ahal dute, dohainik da eta ezinbestekoa da izena ematea telefono honetan: 94688 1171 pertsona kopurua mugatua delako.  

Ondoren, gaueko 21:30etik aurrera Kafe Antzokian '80's Party' jaialdia egingo da. Spookypheria Productions Kultur Taldeak antolatutako jaialdiaren bosgarren edizio honetan be 80. hamarkadako doinuak izango dira nagusi. 

Alambike taldeak hamarkada horretako kantu ezagunen moldaketak taularatuko ditu eta ondoren, DC Dataren sesioa izango da. Horretan be, 80. hamarkadako abestiak eta soinuak nagusituko dira. Sarrerak salgai dagoz honezkero Luma liburu-dendan eta Bermeoko Kafe Antzokian. Sarrerak aurretiaz erosita 5 euro dira eta 6 euro egun berdinean . Antolatzaileek, jaialdira mozorrotuta joateko deia luzatu dute.  

“Hortaz, jai-giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Horrela bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jai hauetan ondo pasatzea”, adierazi dute Astuik eta Jai Batzordeko kideek.

 

 

05 / 02 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0