Albisteak

Albistea

Talape futbol zelaia berritzeko proiektua gailendu da Bermeoko Udalak antolatutako aurrekontu parte hartzaileetan

  • Frontoia egun berezietan diskoteka moduan erabiltzeko proposamena eta San Frantzisko Herri Ikastetxean inbertsioak egiteko proposamena geratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
  • 1.553 boto jaso ditu prozesuak, eta horietatik 108 deuseztatu dira, denak Internet bidezkoak.

Bermeoko Udalak 50.000 euro gorde ditu herritarrek aurrekontu parte hartzaileen baitan aukeratutako proiektu bat 2024. urtean gauzatzeko. Prozesua amaitu da, eta proiektu irabazlea Talape futbol zelai txikian berrikuntzak egiteko proposamenak jaso ditu boto gehien; bozka guztien %30,58 (410 boto) lortu ditu. Modu horretara, Talape berritzeko lanak egingo dira, eta ahalik eta arinen egiteko konpromisoa hartu du udalak.

Bigarren postuan geratu da Artza frontoia egun berezietan diskoteka moduan erabiltzeko proposamena, bozken %15,59 (209 boto) jasota. Hirugarrena, berriz, San Frantzisko Herri Ikastetxean inbertsio desberdinak egiteko proposamena izan da, bozken %9,17rekin (123 boto).

Bermeoko Udalak antolatutako aurrekontu parte hartzailea “arrakastatsua” izan da, parte hartzea “altua” izan dela nabarmenduta. Hain zuzen ere, 1.553 boto jaso dira. Horietatik 108 deuseztatu egin behar izan dira, eta denak izan dira Internet bidez emandakoak. Gogoratu beharra dago, proposamen bakarra bozkatu ahal zela eta herritar bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal zuela, eta ezinbestekoa zen Bermeon erroldatuta egotea. Modu horretara, Bermeoko Udalak aztertu eta kontuan izandako bozkak 1.445 izan dira. Bozka gehienak Internet bidezkoak izan dira.

Bermeoko Udalak orain arte egindako parte hartze prozesu guztiak kontuan hartuta, 25 urtetik beherako gazteen parte hartzerik handiena izan duena izan da aurtengoa, bozka guztien %36 eurena izan da (452 boto, horien artean adin txikikoak 137). “Izugarrizko datu hauek erakusten dute bermeotar gazteen iritzia indar handiarekin datorren olatua dela, horregatik, oso kontuan hartuko du Udal Gobernu Taldeak” adierazi du Miren Gabantxo Uriagereka, Herritarren Arreta Zerbitzuen eta Partaidetza saileko zinegotziak.

2024ko aurrekontu parte hartzaileen baitan, 420 proposamen jaso dira, eta horietatik 115 heldu dira bozka emateko fasera; mota askotako proposamenak egon dira aukeran. Honakoak izan dira kontuan proposamenak aukeratzeko orduan: Interes orokorrekoak izatea, udalaren ahalmen eta eskumenen barruan egotea, eta gehienez, 50.000 euroko aurrekontuagaz egin ahal izatea.

Aurrekontu parte hartzaileen bidez, bermeotarren nahien mapa bat ezagutzeko aukera izan du Bermeoko Udalak, eta hori “oso garrantzitsua” da udalarentzat, “lehentasunen artean kontuan hartuko baitituzte”.

Bermeoko Udalak eskerrak eman gura dizkie 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan proposamenak egin eta bozka eman duten horiei guztiei.

11 / 01 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0