Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Atalde eta Bizkai Buru kaleak lotzen dituen igogailu publikoa inauguratu du

• Igogailuak 13 lagunentzako lekua izango du, 4 geltoki izango ditu eta Atalde eta Bizkai buru kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeaz gain, ikastetxearen beheko kirol-eremurako sarbidea, haur eskolarako sarbidea eta Benito Barrueta ikastetxeko patiorako sarbidea ematea du helburu

Bermeon, 2023ko abenduaren 28an.- Bermeoko Udalak Atalde eta Bizkai Buru kaleen arteko komunikazioa erraztuko duen igogailu publikoa inauguratu berri du.  Udalerriko irisgarritasuna sustatzeko asmoz burutako proiektu honek bermeotarren bizi kalitatea hobetzea izan du helburu. Hori horrela, gaur inauguratu den  igogailuak 4 geltoki izango ditu Atalde eta Bizkai buru kaleen artean, alegia, ikastetxearen beheko kirol-eremurako sarbidea, haur eskolarako sarbidea, Benito Barrueta ikastetxeko patiorako sarbidea eta Bizkai Buru kaleko sarbidea.

 Bermeoko Udalak 597.999,43 € (BEZ gabe) bideratu ditu Estudios y Obras Rekalde SL enpresak 8 hilabetetan buruturiko lan hauek egiteko. Zehazki, egin diren lanen zehaztapenak honako hauek izan dira: Igogailuak 8,3 metroko garaiera duen desnibela gainditzen du, eta 180º-ko lau geraleku ditu. Beheko solairua, ikastetxearen beheko kirol-eremurako sarbidea, +30,50 m-ko kotan egongo da; haur eskolarako sarbidea +32.75m-ko kotan, ondoren ikastetxeko patiora sartzeko geldiadia + 35,70 m-ko kotan; eta, azkenik, goiko geltokia Bizkai Buru kalean + 38,80 metroko kotan. Nabarmendu behar da goiko bi geltokiak pasabide horizontal baten bidez lehorreratzen direla. Era berean, dauden eskailerak berreraiki dira.

Igogailuak beste berezitasun bat ere du, izan ere, ohiko argiztapena aldatu egingo da data konkretu batzuetan. Horrela, abenduaren 1ean (HIESAren eguna) eta maiatzaren 1ean (Langileen eguna) igogailuak argiztapen gorria izango du. Ekainaren 5ean berdez jantziko da (Ingurumenaren eguna), martxoaren 8an (Emakumearen eguna) eta azaroaren25ean (Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko eguna) morez eta Bermeoko jai egunetan, (San Juan, Madalenak, Andramariak) urdinez.

“Herriko irisgarritasuna hobetzea gure ardura garrantzitsuenetakoa da, eta orain, beste urrats bat eman berri dugu arlo horretan. Proiektu honi esker, Bermeo herri guztiz irisgarriagoa da. Gure bizilagunen eguneroko mugikortasuna geroz eta hobea izan dadin lanean jarraituko dugu. Asko dugu egiteke oraindik, baina pausoz pauso gure helburuetara iritsiko gara", adierazi du Nadia Nemeh Shomaly alkateak.

28 / 12 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0