Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

-Abenduaren 1ean hasiko dira ospakizunak eta asteburuan zehar luzatuko dira igandera arte

Bermeon, 2023ko azaroaren 29an.-  Bermeoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aurton asteburuan hasiko dira ospakizunak, horrela, Abenduaren 1ean, goizetik arratsaldeko orduak arte, jokoak, abestiak, umeentzako ekintzak eta Divenire dantza eskolaren erakustaldia izango dira Lameran. Horrez gain Eingule? lehiaketa herrikoia ere burutuko da eta egitasmoko lehiaketan gailendu direnei sariak banatuko zaizkie.

Abenduaren 2an, Lameran bertan, goizeko 11:00etatik aurrera umeentzako tailerrak, ginkana euskalduna eta Garazi Ziluaga eta Carmen Rute-ren eskutik euskal abestien kantaldia izango da. Arratsaldean ordea, eskulanak eta jolasak, photocall-a, dantzaldia eta “Elbira Zipitria” dokumentalaren emanaldia.

Egitaraua borobiltzeko, igandean, abenduaren 3an, goizeko 9:00etan mendi irteera burutuko da San Andres auzora. Goizeko 11:00ak inguruan HITZA-ren zozketa, 12:00etan talo-jana eta perkusio taldearekin gozatzeko aukera izango dute Lamerara hurbitzen direnek. Horren ostean, herri kirolak eta Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia izango da ikusgai. Eguerdi partean, Berbalagun udazkeneko lehiaketaren sari banaketa egingo da eta Errigora otzararen zozketa. Hori gutxi balitz, 13:30ean, euskararen aldeko adierazpena irakurri eta pankarta erraldoia plazaratuko da. Bukatzeko, zeramika tailerra izango dute eskura bertaratzen direnek.

Goizean zehar, jolasak, aurpegiak margotzea, eta GAITU egitasmoan parte hartzeko aukera  egongo da eta horrez gain, KORRIKA eta EBDN materiala egongo da salgai. Bermeoko Udalak  ekintza hauetan guztietan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, eta, noski, euskara urteko egun guztietan erabiltzera.

29 / 11 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0