Albisteak

Albistea

Bermeok jarduera eskaintza zabala izango du uztailean zehar

·        Tokiko taldeekin lankidetzan, Bermeoko Udalak hogeita hamar jarduera inguru antolatu ditu<u></u>

Bermeon, 2023ko uztailaren 7an-. Tailerrak, hitzaldiak, uretako jarduerak, antzerkia, musika, dantza, zinema… gustu eta adin guztietako bermeotarrek kultur eskaintza zabala izango dute uztailean zehar. Izan ere, herriko taldeekin elkarlanean, Bermeoko Udalak hogeita hamar jarduera inguru antolatu ditu.

Kalez kaleko jarduerak ostiralean, uztailak 7, hasiko dira, Barsanti konpainiaren “Legea gu gara” kale antzerkiarekin. Ekitaldia Goiko Plazan izango da 20: 00etan eta helduei zuzenduta dago.

Asteburuari begira, bizikletak izango dira protagonista nagusiak larunbatean, hilak 8. Izan ere, modalitate honekin lotutako bi kirol ekitaldi izango dira Bermeon. Alde batetik, 9:30ean Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon lasterketaren lehen edizioa ospatuko da Burujabetasun zelaian, itsasoaren eta mendiaren onena uztartzen duen bike marathon proba, alegia. Bestalde, familian gozatu nahi dutenentzat, Bermeoko Udalak eta Matxitxako T.K.T.k "Bermeo bizi festa" antolatu dute. 11: 00etan hasiko da portuan, olatuaren eskultura dagoen kaian, hain zuzen ere. Larunbat horretan bertan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik, “Bazatoz?” dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Artzako frontoian izango da eta 21:00etan hasiko da.

Hurrengo astea, ondo baino hobeto hasiko da. Uztailaren 10, 11 eta 12an, Bermeo portuak Mater Museo ekoaktiboa hartuko du, gizartea gure ingurumena zaintzen eta babesten inplikatzeko museo bihurtutako zurezko azken euskal bonitera handia. Programa honen barruan hainbat jarduera egingo dira, hala nola kalejirak, bisitak, proiekzioak, tailerrak eta abar.

Eta hilaren 12an, bermeotarrek aire zabaleko zinemaz gozatzeko aukera izango dute 20:00etan Goiko Plazan. Oraingo honetan, familientzako “Canta 2” filma proiektatuko da.

Asteburua hasteko, ostiralean, hilak 14, zinemazaleek gehien espero duten ekitaldietako bat ospatuko da: Gorefest, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Jaialdia da. Spookypheria Productionsek Udalaren laguntzarekin antolatuko ekimenaren  proiekzioak 20:30ean hasiko dira eta 23:00etan “Gure ganbaran” proiektuaren proiekzio berezia eskainiko da. Nestor Basterretxean izango da eta sarrerak 5 euroko kostua izango du. Egun horretan bertan, Bermeok astelehenera arte iraungo duten Karmengo Arranotegi eta Mañuko jaiei emango die hasiera. Okasiorako, ekitaldi ugari antolatu dira, besteak beste: txupinazoa, mus, paella eta tortilla lehiaketak, musika, dantza, tailerrak, meza, kirola eta abar.

Eta larunbatean, uztailak 15, 9:00etatik 19:00etara Goiko Plazara hurbiltzen direnek bigarren eskuko azoka aurkituko dute, erabiltzen ez ditugun objektuei bigarren bizitza bat emateko helburuarekin Udalak eta Haitz Nagusije auzo alkarteak antolatuta.

Asteazkenean, hilak 19, familiek Orain bi konpainiaren “Mute” zirku-antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute Lameran 20:00etan.

Eta jada ohitura den bezala, ostiralean, hilak 21, Madalena bezpera ospatuko da Baztarreko jaiekin. Egun horretan bertan, pilotazaleek Bermeo hiria Inpesca-Atunlo pilota jaialdiaren bigarren edizioaz gozatuko dute 19:00etan Artzako pilotalekuan.

Larunbatean, hilak 22, udako jai nagusietako bat iritsiko da, Madalen Eguna. Aipatzekoa da itsasontzian udal segizioarekin joateko zenbait gonbidapen zozketatuko direla, uztailaren 10etik 17ra Berhazeko bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) edo Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan (www.bermeo.eus) eman beharko dute izena. Zozketaren ondoren, zerrenda uztailaren 19an argitaratuko da Udalaren webgunean.

Eta jai aparta horren ondoren, uztailaren 24an “Bizkaiari begira” erakusketa ibiltariak Lamera ingurua bisitatuko du hilaren azken egunera arte. La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea dibulgazio artistikoko programaren IV. edizioan kokatutako erakusketa da. Oraingo honetan, artearen historiako hainbat alditan 30 artistek egindako 36 lanen bidez Bizkaiaren irudia erakustea du helburu.

Asteazkenean, hilak 26, 18:00etatik 21:00etara, umeentzako zirku tailerra izango da Txitatoki zirku eskolaren eskutik Talakoetxea eta Baztarre kaleetan.

Eta hilabetea amaitzen joateko, hilaren 28an zabalduko da (abuztuaren 6ra arte) dagoeneko errotuta dagoen liburu eta disko azoka, Euskadiko Liburu Ganbarak Udalaren laguntzarekin antolatua. Ohi bezala, Lameran zabalduko da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Halaber, 28an eta 29an, Goiko plazan Summer Market Bermeoko komertzioen udako azoka egingo da. Bi egun horietan zehar produktu bereziak aurkeztuko dira, erakusketak, dastatzeak, foodtruck-ak eta abar egongo dira.

Azkenik, uztailaren 31n, San Inazio eguna ospatuko da, birjinarekin Arrietatik eta Gaztelugatxeko San Juan arte egingo den prozesio tradizionalarekin.

28 / 07 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0