Albisteak

Albistea

Behargintza Bermeok eta Lanbide Gernikak erronka berri bat abiarazi dute zurezko eraikuntza industrializatuaren ingurumen-inpaktua neurtu eta kontrolatzeko

  • Edozein ekintzailek, startupek, ETEk, teknologia-zentrok edo unibertsitatek parte hartu ahal izango du. Proposamenak bizkaiaok.eus plataformaren bidez aurkeztu beharko dira uztailaren 28a baino lehen (24:00)
  • Egoinek erronkaren enpresa irabazlea hautatuko du, eta konpromisoa  hartzen du enpresa irabazleari proiektu pilotu bat gara dezan kontratatzeko, 15.000€ arte
  • Ekimena zertan datzan azaltzeko eta zalantzak argitzeko, informazio-jardunaldi bat egingo dela streaming bidez uztailaren 10ean, 12:00etan.

Bermeon, 2023ko ekainaren 30ean.- BEAZek (BFA) eskaintzen dituen negozio-aukera berrien sorrera sustatzen duen “BiOK!” proiektuaren barruan Behargintza Bermeok,  Lanbide Gernikak eta Egoin eraikuntzaren sektorerako zurezko egiturazko konponbideak diseinatzen 30 urteko esperientzia egiaztatua duen familia- enpresak herritarrei planteatutako erronka berri bat abiarazi dute. Helburua irtenbide bat aurkitzea da zurezko eraikuntza industrializatuaren ingurumen-inpaktua neurtu eta kontrolatzeko.

“Zelan neurtu eta kontrolatu zurezko eraikuntza industrializatuaren ingurumen-inpaktua?” lelopean erronkak behar desberdinei erantzuten die, besteak beste: zelan kalkula dezakegu egiturazko elementu bakoitzaren eta azpiegitura osoaren benetako ingurumen-inpaktua?, zelan lerrokatu gure negozio-plana eta kokapena garapen iraunkorraren printzipioekin (ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala) eta Europar Batasunaren jarraibideek ezarritako joerekin?, zelan kontrolatu lehengaiaren jatorria eta PEFC eta FSC ziurtapena?, zelan kontrolatu eta erregistratu zurezko egiturazko elementuen trazabilitatea (CLT eta MLE) eta horien ingurumen-inpaktua?, zelan kontrolatu zuraren lehen eta bigarren transformazioko barneko eragiketak edo industria-prozesuak?, zer adierazle berri beharko ditugu ingurumen-inpaktuaren ikuspegi orokorra errazteko eta erabakiak hartzen laguntzeko?, zelan gorde eta argitaratu gure produktuei buruzko informazio garrantzitsua instalatu ondoren, parte hartzen duten eragile guztiek erraz eskuratu ahal izan dezaten?

Edozein ekintzailek, startupek, ETEk, teknologia-zentrok edo unibertsitatek parte hartu ahal izango du erronkan, baldin eta planteatutako erronka partzialki edo osorik konpontzen lagun dezakeen proposamen bat badu. Horretarako euren proposamenak bizkaiaok.eus plataformaren bidez aurkeztu beharko dituzte uztailaren 28a baino lehen (24:00).

Proiekturik onenak aukeratzeko, ebaluazio-talde bat eratuko da hautaketa-prozesua burutuko duten Egoinek eta Beaz taldeetako pertsonekin. Proiektu finalistek In factory innovation trip, baterako sorkuntzarako tailer batean parte hartuko dute iraileko bi egunetan zehar. Ebaluazio-taldeak proposamen finalista bakoitzaren alderdi hauek baloratuko ditu: berrikuntza, eraikuntza-maila, taldea, epeak, bideragarritasuna eta proiektuaren irismena.

Azkenik, Egoinek erronkaren enpresa irabazlea hautatuko du, eta konpromisoa 4 hartzen du enpresa irabazleari proiektu pilotu bat gara dezan kontratatzeko, 15.000€ arte. Enpresa irabazleak gutxi gorabehera 6 hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko.

Aipatu behar da, gainera, ekimena zertan datzan azaltzeko eta zalantzak argitzeko, informazio-jardunaldi bat egingo dela streaming bidez uztailaren 10ean, 12:00etan.

Informazio gehiago: https://bizkaiaok.eus/eu/

30 / 06 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0