Albisteak

Albistea

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, martxoaren 3tik 14ra hainbat jarduera egingo dira Bermeon

-Bermeoko Udalak eta tokiko hainbat eragilek egitarau zabala antolatu dute, besteak beste: erakusketa, zine-foruma, mahai ingurua, proiekzioa, omenaldia, kontakizun laburren lehiaketaren sari banaketa, bazkaria eta zinea

Bermeon, 2023ko martxoaren 3an.- Duela 100 urte baino gehiagotik, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da, emakumearen berdintasuna, parte-hartzea eta ahalduntzea gizarteko esparru guztietan aldarrikatzeko. Horrela, emakumeek lortutako eskubideak eta horiek lortzeko borroken eta sakrifizioen historia luzea ospatzeko, Bermeoko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu, tokiko eragileekin lankidetzan. Alazne Zumeta kultura zinegotziak gaur goizean bertan aurkeztu du martxoan adin eta mota guztietako ekintzak bilduko dituen egitaraua. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: erakusketa, zine-foruma, mahaingurua, dokumental baten proiekzioa, festa bat, erizainei omenaldia, kontakizun laburren lehiaketaren sari banaketa, bazkaria eta zinea.

“Aurten ere, Bermeon, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin dugu, eta herritarrak jardunaldi honen garrantziaz kontzientziatzeko asmoz, Udalak eta Bermeoko kolektiboek hainbat jarduera antolatu ditugu martxoaren 3tik 14ra bitartean. Eskerrak eman nahi dizkiet programa zabal hau egitea ahalbidetu duten langile eta tokiko eragile guztiei. Berdintasunaren arloan asko dago oraingoz egiteko eta honelako egunek hori guztia agerian jarri nahi dute” adierazi du Alazne Zumeta kultura zinegotziak.

Egitaraua martxoaren 3an hasiko da  Erroxape Emakumeen Elkarteak Nestor Basterretxean antolatutako erakusketarekin. Erakusketa bisitatu nahi dutenek martxoaren 9ra arte egin ahal izango dute astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.

Ondoren, martxoaren 7an, Erroxape emakumeen elkarteak antolatutako “Figuras ocultas” zine-foruma ospatuko da 19: 00etan elkartearen lokalean bertan.

Martxoaren 8an, Bermeoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratuko du.

Bestalde, martxoaren 9rako, osteguna, Udalak “Elbira” izeneko dokumentalaren proiekzioa antolatu du. Elbira Zipitriari euskarazko irakaskuntza bultzatu zuen gipuzkoar pedagogoari buruzko bideo hau Nestor Basterretxea aretoan proiektatuko da 18:30ean. Ekitaldia Xabier Casadok aurkeztuko du eta proiekzioaren ondoren, Iban González zuzendariak ikus-entzunezko piezaren xehetasun eta bitxikeria guztiak azalduko ditu. Sarrera doakoa izango da lekua bete arte eta gonbidapenak aldez aurretik Kultura Etxean jaso beharko dira. Egun horretan bertan, 18:00etatik 19:30era, “Geu be bagara itsasoa" mahai-ingurua egingo da Arrantzaleen Museoan. Jarduerak irauten duen bitartean, Labayru Fundazioak egindako lana aurkeztuko da. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik erreserba egin beharko dute:  94 688 11 71 /  arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus / www.bizkaikoa.bizkaia.eus

Egitarauarekin jarraituz, Demiku Jubilatuen Elkarteak jai bat antolatu du martxoaren 10erako, 18:00etatik 21:00etara, zeinetan, elkarteko emakume nagusiena omenduko den. Egun horretan bertan, Erroxape emakumeen elkarteak erizainak omenduko ditu eta kontakizun laburren lehiaketako sariak banatuko ditu elkartearen lokalean, 19:00etan.


Martxoaren 11rako, berriz, Erroxapek bazkaria antolatu du Bermeoko Kafe Antzokian. 15:00etan hasiko da eta parte hartu nahi dutenek Laboral Kutxan eman beharko dute izena.

Bukatzeko, martxoaren 14an, asteartea “Simone, la mujer del siglo” izenekoa proiektatuko da Nestor Basterretxea aretoan. Jarduna 19:00etan hasiko da eta 2 euroko prezioa izango du.

03 / 03 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0