Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana prestatzen hasi da

-Planaren helburuen artean, Bermeon klimaren aldaketaren arriskuak eta inpaktuak ebaluatzea eta ezagutaraztea, udalerriaren zaurgarritasunak baloratzea eta horiei buruzko informazioa ematea, hautemandako arrisku bakoitzerako egokitzapen-aukerak identifikatzea eta ibilbide-orri bat ezartzea daude, besteak beste.

-Aritz Abaroa, Bermeoko alkatea: “klimaren aldaketa errealitatea da, eta Bermeok ere, beste herri guztiek bezala, errealitate horretara egokitu behar du. Datozen belaunaldiei guk hartu genuena baino herri hobea uztea gure betebeharra da, eta horregatik prozesu honetan udalerriko hainbat eragile inplikatu gura ditugu”.

Bermeon, 2022ko apirilaren 26an.- Bermeoko Udala Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana prestatzen ari da, klimaren aldaketara egokitzeko eta arintzeko neurriak jasotzen dituen Klimaren Aldaketa Kudeatzeko Plan Integrala gauzatu aurreko pausoa. Planaren helburuak dira, besteak beste: klimaren aldaketak Bermeon dituen arriskuak eta eraginak ebaluatzea eta ezagutaraztea, klimaren aldaketaren aurrerapenaren aurrean udalerriak dituen kalteberatasunak baloratzea eta horiei buruzko informazioa ematea, hautemandako arrisku bakoitzerako egokitzapen-aukerak identifikatzea eta bide-orri bat ezartzea, udal-politikek egokitzapen-beharrak txerta ditzaten. Plana urte amaierarako eginda egotea aurreikusten da.

“Klimaren aldaketa errealitatea da, eta Bermeok ere, beste herri guztiek bezala, errealitate horretara egokitu behar du. Datozen belaunaldiei guk hartu genuena baino herri hobea uztea gure betebeharra da, eta lehenbailehen ekin behar diogu aldaketa horri. Klimaren aldaketaren arriskuak eta inpaktuak identifikatu behar ditugu, alternatibak zehaztu eta jarduketa-programa bat egiten hasi. Alarmismo barik, baina helburu argiarekin: guztiongan eragina duen aldaketa hori geldiarazten saiatzea. Horregatik, prozesu honetan udalerriko hainbat eragile inplikatu gura ditugu”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Klimaren aldaketara Egokitzeko Bermeoko Planaren hasierako dokumentua:

Dokumentuak atal hauek izango ditu, besteak beste: arriskuen eta inpaktuen analisia, diagnostikoa eta helburuak eta proposamenak. Lehen aipatutako atalak gauzatu ostean, Klimaren Aldaketara Egokitzeko Bermeoko Planaren hasierako dokumentua prestatuko da, eta parte-hartze prozesua bultzatuko da bermeotarrak inplikatzeko. Planaren hasierako dokumentutik eta parte hartzeko prozesuan jasotako proposamenetatik abiatuta, Klimaren Aldaketara Egokitzeko Bermeoko Planaren behin betiko dokumentua idatziko da.

26 / 04 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0