Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Lokalbide programa martxan jarri du alde zaharra dinamizatzeko asmoz

-Ekimen honen helburua da lokal hutsak identifikatzea, jabeekin harremanetan jartzea eta lokal hauek ekintzaileei eskaintzea, euren negozioak alde zaharrean bertan finkatu ditzaten

-Dagoeneko hiru lokal huts bete dira, baina izena emateko epea oraingoz zabalik dago

Bermeon, 2021eko martxoaren 30ean.- Bermeoko Udal Gobernuaren helburu estrategikoak dira herriko alde zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea. Horretarako helburu biak uztartzen dituen programa berria martxan jarri du: Lokalbide. Ekimen honen bitartez alde zaharreko lokal hutsak identifikatu nahi dira, bertako jabeekin harremanetan jarri eta interesa izan dezaketen pertsonei eskainiko zaizkie, euren negozioak bertan garatu ditzaten.

Hau da, Udalak bitartekari lana egiten du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza emanez. Dagoeneko hiru lokal huts bete dira, baina izena emateko epea oraingoz zabalik dago, bai lokalak eskaintzeko eta baita ekintzaile bezala alta emateko.

Honela, Alde Zaharreko merkataritza eta bertako bizitza pixkanaka berreskuratu nahi dira, mugimendua duen eta bizitzeko atseginagoa izango den gune bihurtuz. Hau guztia lortzeko eta negozioak bertara eramateko interesa pizteko, Bermeoko Udalak 36.000 euro bideratuko ditu diru-laguntzetan.

Dagoeneko udala lokal hutsen jabeekin kontaktuan jarri da lokalen baldintza eta ezaugarriak ezagutzeko. Honela, programan parte hartzeko interesa erakutsi duten jabeek, Udalarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Hori bai, lokalek, gutxieneko baldintzak bete behar dituzte, hala nola, gutxienez 50 metro kuadro, Internet konexiorako instalazioa eta bainugela bat izatea. Udalak, izena eman duten lokal hutsetan binilozko panelak jarriko ditu agerikotasuna emateko eta Lokalbide programaren parte direla adierazteko. Ekintzaileren batek Lokalbide programako lokalen bat alokatzen duen unean, jabe eta ekintzailearen arteko kontratua gauzatuko da eta jabeak luzatu daitezkeen bi urteko konpromisoa hartu behar du, horrela, ekintzaileak lokalarekin izan ditzakeen arazoak baztertzeko.

Bestalde, alde zaharrean negozio aukera berriak piztu nahi direnez, ekintzaileak erakarri nahi dira eta horretarako diru-laguntzak eskuragarri jarri ditu Udalak. Laguntza hauek alokairuaren parte bat ordaintzera bideratuko dira. Hori bai, ekintzaileak, gutxienez, bi urtetan jarduera mantendu eta lokalaren jabeari alokairua hilero ordaindu diola justifikatu beharko du.

Lokalbide programaren bitartez, besteak beste, ekintzaileek ondoko sektore edo jarduera batekin lotura duten jarduerak ezarri ahal izango dituzte: saltoki txikiak, pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak, ostalaritza, artisautzako tailer txikiak edo antzekoak eta bestelakoak (arrantza eta elikadura, turismoa, adimen artifiziala, soluzio digitalak)…

Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan duenez, “herriko alde zaharra beti izan da merkataritza gune indartsua eta pixkanaka galduz joan den mugimendu hori berreskuratu nahi dugu. Ekintzaileen artean gure Bermeoko alde zaharra ekintzaileentzako gune erakargarri eta erreferentziala izatea da gure helburua, pertsonen joan-etorria sortu eta, azken finean, gure alde zaharrari merezi duen bizia emateko. Era berean negozio berriak zabaldu nahi dituzten ekintzaileei aukerak eta laguntza eskaintzea ezinbestekotzat jotzen dugu”.

Udalak 38.917,78 €-ko inbertsioa egin du Lokalbide programa gauzatzeko. Lehenbiziko faserako (diseinua, lokalak identifikatzea, biniloak egitea…) 2.917,78€ erabili dira eta lokalak pixkanaka jarduerez betetzeko beste 36.000€ bideratuko dira ekintzaileentzako diru-laguntzetara.

30 / 03 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0